Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek asteak daramatzate beren egoera eta eskoletakoa hobetzeko eskatzen. Bada, Lanbide Heziketako langileen txanda izan da gaur. LAB sindikatuak eskatu du hiru lurralde horietako hezkuntza publikoko Lanbide Heziketa euskalduntzeko eta baliabidez hornitzeko, gaur Bilboko Guggenheim museoko atarian egin duen agerraldian. Prentsaurrekoa Guggenheimen egitea ez dute ausaz erabaki; izan ere, Lanbide Heziketako nazioarteko topaketa bat egiten ari ziren bertan.
Eskaria argi helarazi dute bertaratutakoek: «Hezkuntza publikoa indartu behar da». Hau da, azken asteetako bederatzi greba egunetan eta mobilizazioetan plazaratutako eskarien parekoak egin dituzte gaur lanbide heziketako irakasleek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote jar ditzala hezkuntzaren kalitatea eta langileen lan baldintzak hobetzeko baliabideak. Xede hori betetzeko eta «ikasleak erdigunean» jarriko dituen eredu bat ezarri ahal izateko, lanbide heziketako irakasleak eta langileak euskalduntzeko neurriak eta planak garatu behar dira, LABen hitzetan. Sindikatuak nabarmendu du egun dauden baliabideak handitu behar direla horretarako.
Gainera, hezkuntza hobetzeko beharrari dagokionez Eusko Jaurlaritzak izandako «hipokrisia» salatu du LABek. Adierazi duenez, bai Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua eta bai Imanol Pradales lehendakaria «hezkuntza publikoa indartzeaz» eta horretarako «hezkuntza kalitatea bermatzeko baliabideak txertatzeaz» aritu dira azken hilabeteetan, baina, hezkuntza publikoari baliabide horiek emateko garaia heldu denean, atzera egin dute: «Azken greba egunetik astebete igaro den honetan, sailak ez du hitzez adierazi duen hori idatzizko proposamen batean jaso, ezta negoziazio mahai baterako deialdirik egin ere».
Mobilizazio gehiago
Horiek horrela, eta Eusko Jaurlaritzaren «jarrera itxiari eta utzikeriari aurre egiteko», LABen ustez «ezinbestekoa» da mobilizazioekin aurrera jarraitzea. Mobilizazio horiek dira «akordio duin» bat lortzeko era, Maddi Gallastegi LABeko kideak adierazi duenez gaur sindikatuak Bilbon egin duen agerraldian. Egungo egoera aztertzeko eta zer pauso eman erabakitzeko bilduko dira bihar LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuak, baina LABek jada aditzera eman du zer jarrera duen.
Hezkuntza publikoko irakasleen lan gatazka amaitzeko akordio bat lortzeko asmoz bildu ziren Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta sindikatuak iragan ostiralean, baina aurrerapausorik egin gabe irten ziren bileratik. Sindikatuek egun horretan salatu zutenez, Hezkuntza Sailaren negoziaziorako deia «itxurakeria» hutsa izan zen. Bilera amaitutakoan sindikatuetako kideek adierazi zutenez, Eusko Jaurlaritzak ez zuen ia proposamenik egin: «Giza baliabideak handitzea proposatu digute, ahoz». Proposamena ahoz egin zutela eta, ez luke balioko hitzarmen arautzaile baterako, sindikatuek gaitzetsi zutenez.
Hezkuntza Sailak kontrakoa ziurtatu zuen, ohar bidez: «Hezkuntza Sailak beste proposamen bat aurkeztu du ikastetxeetan identifikatutako beharrei erantzuteko baliabide gehiago sartzeko». Gaineratu zuen hamar eguneko egutegi bat ere proposatu ziela. Sindikatuek, ordea, Hezkuntza Sailari leporatu diote negoziazioak oztopatzen aritzea.
Iragan ostiraleko bileraren aurretik, martxo amaieran bildu ziren bi aldeak azkenengoz, eta negoziazioek goizaldeko ordu txikiak arte iraun zuten, baina ez ziren ados jarri; sindikatuen arabera, ez zuten akordiorik egin Jaurlaritzak ez zuelako eskariak beteko zituen «bermerik» eman. Hauek dira irakasleen eskari nagusiak: lan zamak arintzea, lantaldeak gaztetzeko plan egoki bat ezartzea, enplegu publikoa egonkortzea, erosahalmena berreskuratzea, eta lan osasuna sustatzeko eta euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak martxan jartzea.
Lanbide heziketa, «zubi» ezinbestekoa
Etorkizun global, digital, inklusibo eta iraunkorrerako gakoak goiburupean, 19 herrialdetako adituak batu ditu gaur Bilbon Lanbide Heziketako Ikastetxeen Nazioarteko Topaketak. Gogoeta egin dute egun gertatzen ari diren eraldaketa nagusiei buruz, eta baita Lanbide Heziketak egoera aldakor horretan dituen eginkizunei buruz ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak gogora ekarri du Lanbide Heziketa «ikaskuntzaren eta berrikuntzaren arteko, ikasgelaren eta enpresaren arteko zubia» dela. Nabarmendu duenez, Lanbide Heziketako euskal eredua erreferentziatzat daukate nazioartean. Irakasleak eraldaketarako funtsezko eragileak direla adierazi du, eta haien lidergoa aitortzeak berebiziko garrantzia duela.