LABek EHUrentzako finantzaketa handiagoa eskatu dio Jaurlaritzari

Sindikatuak elkarretaratzea egin du. Salatu du Jaurlaritzak ez duela betetzen legea, BPGaren %1 baino gutxiago jartzen baitu unibertsitate publikorako.

LABen protesta, gaur, Gasteizen. LAB
LABen protesta, gaur, Gasteizen. LAB
Irati Urdalleta Lete.
2025eko martxoaren 19a
14:48
Entzun 00:00:0000:00:00

«Unibertsitate publikoak finantzaketa handiagoa behar du». Argi mintzatu da LAB sindikatua gaur, ohar batean. Diruz eskas ikusten du EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, eta, horregatik, protesta egin du, Gasteizen. Eusko Jaurlaritzari erantzukizuna bere gain hartzea galdegin diote.

Badakite arazo guztiek ez dutela atzean «oinarri ekonomikoa», baina «konpondu behar diren egoera askok lotura handia daukate finantzaketarekin». Hots, sindikatuaren irudiko, EHUk diru gehiago behar du, «jendartearen beharrei erantzun ahal izateko, etorkizun hurbileko eta urruneko profesionalak formatzeko, arlo guztietan garatu beharreko ikerketa egiteko eta gizarte moduan aurrera egiteko ezinbestekoa den pentsamendua eta eztabaida bultzatzeko».

Alabaina, nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak ez duela betetzen bere egitekoa: «Ez dio erantzuten behar horri». Eta, are, EHU «gutxietsi» ohi duela: «Bada ordua Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoa gutxiesteko bidea albo batera uzteko, unibertsitate publikoa hobetzeko dauzkan eskumenak erabiltzeko eta EHUk behar duen finantzaketa publikoa bermatzeko».

Diotenez, ez da sindikatuaren apeta bat, ezpada legea betetzea. LOSU Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa aipatu dute: «Zehazten du 2030erako BPGaren %1 izan behar duela finantzaketak; EHUrena oso urrun dago, BPGaren %0,4 ozta-ozta gainditzen baitu». Gainera, LABen arabera, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua «propio nahasmendua» eragiten ari da gaiaren inguruan. Alde batetik, haien hitzetan, «pisua kentzen» ari zaio finantzaketan Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizunari. Beste aldetik, «nahastu» egiten ditu unibertsitate publikorako finantzaketa eta pribatuetara bideratzen dutena: «BPGaren %0,6 inguru bideratzen dela esaten du, baina hor euskal unibertsitate sistemako unibertsitate guztiak sartzen ditu; LOSUk espresuki adierazten du BPGaren %1 publikoetara bakarrik bideratu behar dela». Publikoa bazterrean lagatzearekin batera, unibertsitate pribatuei mesede egitea leporatu diote: «Gero eta diru eta erraztasun gehiago ematen zaizkie unibertsitate pribatuei».

Zenbait gabezia

Ondorioz, EHUri itote bat baino gehiago nabari dizkiote, eta banan-banan xehatu dituzte. Ordainsariei dagokienez, esaterako, salatu dute lanaldi osoa ez duten irakasleek «miseriazko» soldatak dituztela. «Neurri handi batean, Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna da». Eta gainerakoak ere larri dabiltza: «EHUko langileok ez dugu berreskuratu duela hamarkada eta erdi galdutako erosahalmena, azken urteetako soldata igoerak urriak izan baitira». Halaber, osagarriak «izoztuta» daudela kritikatu dute.

Soldatetan ez ezik, eguneroko jardueran ere nabari dituzte baliabide faltaren ajeak. Sindikatuaren irudiko, langile gehaigo behar dira, eta, ondorioz, sail eta zerbitzu askotan langileek «gehiegizko lan karga daukate». Eta harago doaz arazoak: «Eraikin askok konponketak behar dituzte: itoginak, instalazioen eta altzarien narriadura... gero eta ohikoagoak dira». Horren guztiaren aurrean, zera eskatu dute: «Guztiontzako lan baldintza duinak bermatu eta unibertsitatearen arazoei konponbidea jarri behar zaie, jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate indartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.