Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asteon iragarri du eskola publiko batzuk integratzeko prozesuak abiaraziko dituztela. Sindikatu batzuk ez daude ados erabakiarekin, eta LABek gaur kaleratu du iritzia emateko oharra. Irmo aritu da: Hezkuntza Sailari «maltzurki eta gezurretan» aritzea egotzi dio, eta eskola publikoetan «aldebakarrez» egin nahi izatea fusioak edo integrazioak. Arabako eta Bizkaiko ikasleen onarpen eta eskolatze berme batzordeetan aurkeztu dituzte salaketak, eta ziurtatu dute langile guztien eta fusionatuko dituzten eskola publikoen aldeko mobilizazioak antolatuko dituztela.
Jaurlaritzaren esanetan, gaur-gaurkoz, erabakiak bi herritan izango du eragina: Gasteizen, Aita Orbiso ikastetxea eta Umandi ikastola batuko dituzte, eta Portugaleten (Bizkaia), Maestro Zubeldia eta Virgen de La Guia. Alabaina, sindikatu abertzaleak beste kasu bat ere aipatu du: ziurtatu du Ermuan (Bizkaia) Anaitasuna eta Ongarai eskolak batzeko prozesua hasi dutela. LAB kontra dago, eta zenbait arrazoi eman ditu: «Ezkutuan hiru eskola publiko itxiko dituzte, D ereduko ikaspostu publikoak murriztu, eta enplegua suntsitu».
Are, Jaurlaritzari «gezurretan» aritzea ere leporatu diote: «Hezkuntza Saila gezurretan ari da komunikabideetan: planteamendua sendoa dela esan du, azken bi urteetan hezkuntza komunitateekin lankidetzan garatua. Alta, LABek ordezkatzen dituen langileen eta zentro horietako familien bitartez daki hori ez dela horrela eta Hezkuntza Saila gezurretan ari dela, maltzurki informazioa ezkutatuz eta aldebakarrez jokatuz». Izan ere, sindikatuaren esanetan, ez dute «inolako prozesu adosturik» egin, eta, horrenbestez, ez dakite langileekin zer gertatuko den, familiekin ez dute gaia landu oraintsu arte, ez dute adostu eraikinen inguruko planik eta azpiegiturak hobetzeko proiekturik, eta ez dute osatu «bateratze batek beharko lukeen» hezkuntza proiekturik. Sindikatuaren esanetan, familiak antolatzen hasi dira prozesu horien kontra.
Hiru eskaera nagusi
Horiek horrela, LABek bere eskaerak xehatu ditu, hiru nagusiki. Bat: galdegin dute langileen auzia sindikatuekin adostea. Eta zera ohartarazi dute: «Prozesu hauen ondorioak ez dituzte, Hezkuntza Sailak esan bezala, irakasleek bakarrik pairatuko; haiek ez ezik, heziketa bereziko hezitzaileek, sukaldeko eta garbiketako langileek, atezainek, azpikontrataturiko jangelako hezitzaileek eta azpikontrataturiko garbiketako langileek ere pairatuko dituzte. LABek, klase sindikatu den aldetik, langile guztien lanpostuak defendatuko ditu».
Bi: nabarmendu dute eskola publikoen fusioa ezin dela «inolaz ere» erabili sare publikoaren «perimetroa murrizteko», eskola publikoak ixteko eta, ondorioz, D ereduko ikaspostu publikoak murrizteko. «LABek bultzatzen duenaren kontrako norabidean doa: eskola publiko komunitarioaren kontra. Sare publiko bakar deszentralizaturako bidea ez dugu egingo baldin eta eskaintza gehiegizkoa bada eta euskalduntzen duten eta aniztasunari eta inklusioari erantzuten dioten ikaspostuak murrizten badituzte».
Eta hiru: diotenez, eskola publikoak fusionatzekotan edo bateratzekotan, aurrez baldintza batzuk bete behar dituzte ezinbestean. Bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte: «Lanpostu guztiei eustea lortzeko akordioak egitea, bi eskolen hezkuntza komunitateak ados jartzea lortzea, eraikinak zerbitzu publikoak eskaintzera bideratzea, azpiegiturak hobetzea eta hezkuntza proiektu bateratu bat elkarrekin eraikitzea eta adostea». Sindikatuaren irudiko, ez da horrelakorik gertatu Gasteizen, Portugaleten eta Ermuan.
Horiek horrela, LABen ustetan, kalera ateratzeko garaia da: «Hezkuntza komunitatea antolatu eta kaleak hartzea dagokigu».