LABek dio alderdi politikoek "arretaz" begiratu beharko lituzketela sindikatuen elkarlana eta proposamenak

Euskal Herrian "sakoneko aldaketak" eskatu ditu Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak. "Sindikatuen lana erreferentzia izan daiteke alderdientzat, eta baliagarri ere bai".

2009ko maiatzaren 28a
14:10
Entzun
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak uste du Euskal Herrian "sakoneko aldaketak" egin nahi badira -"eta behar dira"-, alderdi politikoek "arretaz" begiratu beharko lituzketela sindikatu abertzaleen elkarlana eta proposamenak. ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK eta Hiruk elkarrekin deitu zuten gaur zortziko greba orokorra Hego Euskal Herrirako, eta eurak mahai gainean jartzen ari direna aurrera eramateko "aldaketa politikoa" behar dela azpimarratu du Etxaidek gaur, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

90eko hamarkadan ELAren eta LABen elkarlanak eragina izan zuen Euskal Herriko politika arloan. Etxaidek ez du uste ordukoa "bere horretan errepikatu behar denik, baina sindikatuen lana erreferentzia izan daiteke alderdientzat, eta baliagarri ere bai".

LAB prest dago, bere idazkari nagusiaren esanetan, "aldaketa politikoa bultzatzeko".

Etxaidek dio sindikatuek krisia dela-eta mobilizatzen segituko dutela, patronalaren eta administrazioaren aurka egiteko asmoz, eta greba orokorrak ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK eta Hiruren elkarlanerako "aukerak sendotu" dituela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.