LABek bere genealogia feminista aurkeztu du, «memoria kolektiboaren ariketa praktiko bat»

Sindikatuaren 50. urteurrenaren harira, 'Izena duen oro bere izanaren jabe' liburua ondu dute. Azken urteetan sindikalismo feministan egindako «jauziak» jaso dituzte bertan.

'Izena duen oro bere izanaren jabe' liburua aurkeztu dute gaur LABeko Maddi Isasik, Garbiñe Aranburuk eta Eli Etxeberriak Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
'Izena duen oro bere izanaren jabe' liburua aurkeztu dute gaur LABeko Maddi Isasik, Garbiñe Aranburuk eta Eli Etxeberriak Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko otsailaren 5a
16:45
Entzun

Emakume Idazkaritzatik Idazkaritza Feministara. Berdintasun planetatik plangintza feministetara. Ekintza sindikaletik ekintza sindikal feministara. Ugariak izan dira azken 50 urteetan LABek sindikalismo feministan egin dituen «jauziak». Urteurrenaren harira, sindikatuaren ibilbide feminista aztertu, mugarriak jaso, eta Izena duen oro bere izanaren jabe lana ondu dute. Izendatuz, gogoratuz eta «artxiboetan eta memoria kolektiboetan» murgilduz, «genealogia edo glosario bat» sortu dute, liburuaren sarreran aipatu dutenez: «Gauza biak batera dira, edo baliteke ez izatea ez bata ez bestea... baina, edozein kasutan, urte hauetan guztietan asmatzen eta sortzen joan garen hausnarketa, eztabaida, praktika eta kontzeptuak islatu nahi izan ditugu, politizatzen eta eraldatzen joan garen hori guztia».

LABeko Idazkaritza Feministako kide Eli Etxeberriak eta Maddi Isasik aurkeztu dute liburua gaur Bilbon. «Memoria kolektiboaren ariketa praktiko bat da», nabarmendu du Etxeberriak. Eta Isasik erantsi du «tresna bat» izatea duela helburu, besteak beste. Iraganari errepasoa egiteaz gain, islatu nahi izan dute LABek nola ulertzen duen sindikalismo feminista, eta azaldu nondik datozen sindikatuak egiten dituen proposamen ideologikoak eta haren oinarri politikoak. Zera dio liburuak: «Sindikalismo feminista pentsatzeko, borrokatzeko eta munduan egoteko era bat da».

Hainbat kontzeptu jaso dituzte liburuan. Etxeberriak oso garrantzitsutzat jo ditu «hitzak», eta erantsi du genealogia feminista «emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko modu bat» dela. Izan ere, termino bakoitza azaltzeko, ez dute definizio soil bat eman. «Termino horien atzean dauden borrokak irudikatu ditugu», zehaztu du. Soldata arrakalari buruz hitz egiteko, adibidez, segregazio horizontala eta bertikala izan dituzte hizpide, baita kristalezko sabaia ere.

«Termino bakoitza azaltzeko, atzean dauden borrokak irudikatu ditugu»

ELI ETXEBERRIALABeko Idazkaritza Feministako kidea

Ibilbideko jauzi eta mugarri nagusiak irudikatzeko, «pasealdi feminista» sortu dute. Bertan adierazi dute «nondik» datozen eta «norantz» abiatu diren; besteak beste, berdintasun politiketatik politika feministetara, zapalketa hirukoitzetik intersekzionalitatera, eta greba orokorretik greba feminista orokorrera.

Liburua sortzeko prozesua parte hartzailea izan dela nabarmendu dute bi kideek. «Guztion memoria kolektiboak bildu nahi izan ditugu, borroka feministan kolektiboki inplikatuta egon diren horienak, eta feminismoa erdigunean jartzeko eta sindikatuan sartzeko borrokatu diren horienak», azaldu du Isasik. Liburuaren hasieran jaso dute lana «belaunaldiz belaunaldi kontatutako eta transmititutako emakume langile eta borrokalari nekaezinen istorio erreal, errelato eta borroketan» oinarrituta dagoela.

Tresna bat sortzeaz gain, liburuarekin «gogoratu, azaldu, ulertu, idatzi eta pedagogia egin» nahi izan dute, Etxeberriaren hitzetan. Eta eskerrak eman eta aitortza bat egin ere bai. «Estropezu egin ez genezan bideko harriak kendu zenituzten guztiengatik ez balitz, ez ginateke hemen egongo», gehitu du Isasik.

Lau emozio diferente

Ironia, haserrea, alaitasuna eta umorea. Lau emozio diferente erabili dituzte liburua idazteko, «nahita». Etxeberriak azaldu duenez, bide osoan zehar «haserre eta min handia» egon da, eta emakumeei haserre hori ukatu izan zaie sarri. Haserrea islatu nahi izan dute, baina «inor mindu gabe». Horregatik erabili dituzte ironia eta umorea.

Urte hauetan egindako ibilbidea «aitzat hartzea» eta ibilbide feministan egindako urratsak ikusaraztea ezinbestekotzat jo du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak. Azaldu duenez, hainbat pauso egin dituzte sindikatuaren baitan. Mugimendu feministarekin egindako aliantzak azpimarratu ditu, eta eraldaketa feministarako proposamen integralak egin dituztela esan. Bestalde, gogoratu du 1996an sortu zutela Emakume Idazkaritza, eta 2017an Idazkaritza Feminista. Izan ere, 1996tik gaur arte egindako ibilbidea jaso dute liburuan, nahiz eta jakin aurretik ere urratsak egin dituztela.

«Guztion memoria kolektiboak bildu nahi izan ditugu, borroka feministan kolektiboki inplikatuta egon diren horienak, eta feminismoa erdigunean jartzeko eta sindikatuan sartzeko borrokatu diren horienak»

MADDI ISASILABeko Idazkaritza Feministako kidea

Praktika sindikal feministaren aldeko «apustu argia» ere egin du LABek urte hauetan, Aranburuk esan duenez. Sektore feminizatuetako eta zaintza arloko borrokak bultzatu dituzte, eta, hala, «emakumeak ere borrokarako subjektu bihurtu eta erdigunean jarri» dituzte. Aranburuk jakinarazi du emakumeen borrokak «askoz gogorragoak eta luzeagoak» direla, eta zailagoa dela gizarteari borroka horiek «ikusaraztea» eta emakume langileen aldeko akordioak lortzea.

Orain arte egindako urratsak aipatzeaz gain, aurrera begirako erronkak ere mahai gainean jarri ditu koordinatzaile orokorrak. «Munduan indartzen ari den olatu atzerakoi horri begiratu behar diogu orain», ohartarazi du. Azpimarratu du alternatibak bilatu behar direla horri aurre egiteko, nazioartean, ezkerretik eta sindikalismotik; «maila lokalagoan», berriz, langileen protagonismotik eta herrietatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.