LABek, Alvarezen zigorra salatu, eta neurriak eskatu dizkio Donostiako Udalari

LABeko kideari 240 euroko isuna jarri diote, 2018ko gertakari batengatik. Epaiak ezeztatu egin du Udaltzaingoaren bertsioa, Alvarezen arabera

Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Donostiako Parte Zaharrean duela hiru urte Moussa Sow kaleko saltzailearen atxiloketa oztopatu izana leporatuta, 240 euroko isuna jarri zioten herenegun Joseba Alvarez ezker abertzaleko kide eta LABeko delegatuari. Epaileak ez zuen frogatutzat eman, ordea, Alvarezek «agintaritzaren kontrako atentatua» egin zuenik, Donostiako Udaltzaingoak, fiskaltzak eta Donostiako Udalak eskatua zuten moduan. Are, akusazio hori sostengatzen duten hainbat gertakari ez zituen frogatutzat eman zigor auzitegiak emandako epaiak; hala nola Alvarezek agenteetako bati heldu, beste bat lurretik altxatu eta udaltzainei irainak eta mehatxuak egin izana.

Edonola ere, Alvarez zigortzea erabaki zuen epaileak. Hori salatu zuen atzo Donostiako Udaleko LABeko sail sindikalak, agerraldi batean. Izan ere, epaiak «polizia gehiegikeriari eta arrazismoari aurre egitea» zigortu duela uste du sindikatuak, eta «larritzat» jo zuen hori.

Alvarezek berak BERRIAri azaldu zionez, epailea ez da ausartu absoluzioa ematera, «fiskaltzaren, Donostiako Udalaren eta Udaltzaingoaren jokabidea hankaz gora ez uzteko». Hala ere, epaiak Udaltzaingoaren bertsioa ezeztatu duela uste du: «Argi dago Poliziaren azpijoko bat zegoela, Udaltzaingoak sustatua, zigor zentzagarri bat egoteko nire kontra, salatzen ari ginelako Udaltzaingoa jarrera arrazista eta biolentoa izaten ari zela».

Epaiabi norabideko «abisutzat» ere har daitekeela uste du Alvarezek; batetik, Udaltzaingoari ohartarazten diolako «ezin dituztela Poliziaren azpijokoak auzitara nahi bezala eraman; eta, bestetik, herritarrei erakusten dielako Poliziaren gehiegikeriei aurre egiteagatik zigorra jaso dezaketela,modu ez-biolentoan aurre egin arren».

Ikerketa eskea udalari

Epaia baloratzeaz gain, Donostiako Udalari mintzatu zitzaion LAB atzoko agerraldian. Udaltzaingoaren «jokabidea ikertzeko» eskatu zion. Bestalde, LABen esanetan, gertatutakoak erakusten du Donostiako Udalaren jarrera «ez dela onena migrazioaren auzian». Salatu zuen Donostian ez direla errespetatzen «migranteen eskubide zibil eta politikoak».

Gainera, Poliziak kale saltzaileei «izugarrizko presioa» egiten diela deitoratu zuen, «hiriko zona nobleetan egon ez daitezen». Horregatik guztiagatik, bi eskaera egin zizkion sindikatuak udalari, hizpide zuten gertakarian udaltzainek izandako jokabidea ikertzeaz gain: «Udaltzaingoaren barruan jarrera biolento eta arrazistak ekiditeko neurriak har ditzala» eta «migranteen eskubide sozial eta politikoak errespeta daitezen neurriak har ditzala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.