Labak «gero arte» esango dio bere aretoari bolada baterako, handitzeko obrak egingo dituztelako

Hilaren 22tik aurrera itxita egongo dela jakinarazi dute, eta agur besta bat egingo dutela. Hala ere, jarduerari eutsi egingo diote, eta ohiko programazioa beste leku batzuetan egingo dute.

Iruñeko Laba aretoaren aurkezpena, inaugurazio ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iruñeko Laba aretoaren aurkezpena, inaugurazio ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
arantxa iraola
2025eko otsailaren 13a
15:07
Entzun

Iruñeko bihotzetako batean, Gazteluko plazan, martxan da Laba. 2022ko urtarrilean zabaldu zuten; kafetegia eta denda ditu, baina kultur eskaintza da Laba aretoaren zutarria, euskararen inguruan ardaztua. Gaur jakinarazi dute aretoari «gero arte» esango diotela bolada baterako, obrak egiteko. Handitu egingo dute: obren ondoren, ondoko Windsor taberna ere hartuko dute. Etenaren harira, besta bat egingo dute otsailaren 22an. 12:00etatik gauerdira, askotariko jarduerak antolatuko dituzte.

Obra handiak egin behar dituztela esan dute Labako arduradunek, eta horregatik itxi behar dutela gunea. Aurreratu dutenez, «ondoko ostatua batzea» izango da obren helburu nagusia. Horrek «goitik behera» itxuraldatuko du lekua. Eta gauza gehiagotarako era emango du aukera. «Kultur ekitaldietarako leku handiagoa izateko modua emanen du, eta kultur eskaintza baldintza hobeagoetan emateko». Oholtza handitu egingo dute, eta oro har, lekuaren itxura «berritu».

Ez dute aurreratu nahi izan zehazki noiz irekiko duten berriro. Jarri dute, hala ere, epemuga bat: «Asko jota ikasturte hasieran irekitzea da gure asmoa». Bitartean, Labaren jarduerak ez du etenik izango. «Ohiko programazioa beste leku batzuetan eginen dugu tarte horretan, inguruan adiskide ditugun zenbait elkarte eta proiekturen aretoetan», azaldu dute.

Era horretan, indartzen jarraitu nahi dute datozen hilabeteetan, beti buruan izan dituzten helburuak «berrasmatzen eta birpentsatzen». Gogora ekarri nahi izan dituzte helburu horiek gaur, berriro. «Gure obsesioa izan da euskaraz hain ohikoak ez ziren kontuak euskaraz ematea, euskarak leku gutxiago duen alor horietan euskaraz aritzea». Bide horretan, «askotariko arte adierazpenei» abaroa eman dietela gogoratu dute, eta aldarri askoren habia ere izan direla. «Hamaika borrokari ere ateak ireki dizkio Labak».

Orain, obrek ekarriko dituzten aldaketei esker, «beste aukera eder bat» loratzeko era ikusten dute. «Baliabide aldetik hobekuntza nabarmena izanen da». Lorpen handia da Iruñeko eremu euskaltzalearentzat, eta zailtasun handien ondorenean dator. Nafarroako Administrazio Auzitegiaren arabera, 2023an Labari zegokion kafetegiaren atarian terraza jartzea, baina negozio pribatu batek baliatzen zuen toki hori: Windsor tabernak. Iruñeko Udalak, ordea, ez zuen ezer egin egoera konpontzeko. 2023ko maiatzean lortu zuten Nafarroako Gobernuak auzitegiaren erabakia betearaztea eta terrazarako lizentzia eskuratzea. Aurrerabidea izan zen. Beste urrats handi bat egiteko atarian daude orain.

Hilaren 22ko besta 12:00etan hasiko da, Laban bertan: azoka bat egingo dute. Besta giroko ekitaldi ugari izango dira segidan. Bazkaria ere egingo dute, Monton tabernan, eta izena emateko epea zabalik da. 19:00etan karaokea egingo dute, eta, behin Laba itxita, Monton tabernara itzuliko dira berriro, besta amaitzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.