«Medikuak falta dira». Mezu hori helarazi izan du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak egiten dizkioten elkarrizketa guztietan. LAA Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak erantzun egin dio ohar baten bidez, eta nabarmendu du baieztapen hori ez dela zuzena: «Lehen arretak profesionalen lan baldintzak dira benetako arazoa, horien eraginez hautatzen baitituzte askok beste lan eremu batzuk».
Mediku falta dagoelako ideia gezurtatzeko, Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuak erabili dituzte argudio gisa: batetik, duela bi urte 6.000 sendagile baino gehiago graduatu ziren Medikuntzan; bestetik, BAME barruko mediku egoiliarren postuak ugarituz joan dira, eta 2.500 postu inguru eskaini zituzten iaz familia medikuntzarako.
Alde horretatik, LAAk nabarmendu du Osakidetzak ospitaleetako larrialdi zerbitzuetako kontratazioa lehenetsi duela 2006tik, eta lehen arretako lantaldea bere horretan geratu dela. Azaldu duenez, Osasun sailburuak «mediku faltari» aurre egiteko abiarazitako neurriak «eraginik gabekoak eta kaltegarriak» izan dira.
Martinezek Espainiako Osasun Ministerioari eskatua dio lehen arretako medikuek erretiroa 72 urterekin hartu ahal izatea, «besteak beste, datozen hiru urteetan espero den erretiro kopurua, bostehun langilekoa, arintzeko». LAAren ustez, horrek sendagileen gehiegizko lan zama handitu besterik ez luke egingo, irizten baitio «jada tentsio handia» dutela; horren ordez, plataformak proposatu du lehen arretako lantaldea mediku gehiagoz hornitzea eta lan baldintzak hobetzea.
«Onartezina»
Gainera, salatu dute egiturazko lanpostu hutsak betetzeko baliatzen dituztela barruko mediku egoiliarrak beren laugarren urtean: «Formakuntza fasean daude oraindik, eta jarduera akademikoak ere badituzte». Opor garaietan espezializatu gabeko medikuak kontratatzea, berriz, «onartezina» da, haien esanetan: «Inork ez luke proposatuko Kirurgiako edo Onkologiako postuak beharrezko espezialitaterik gabeko sendagileekin betetzea; beraz, onartezina da lehen mailako arretan hori bera egitea».
Finean, «neurri benetan eraginkorrak» eskatu ditu LAAk lehen arreta eta osasun sistema publikoa indartzeko.