Ostegunean beteko da urtebete Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea indarrean sartu eta La Cumbre jauregia Donostiako Udalaren esku uzteari bide eman zitzaionetik, baina oraindik urrun dirudi lagapenak, eta are urrunago eraikina estatuaren biktimak aitortzeko «memoria gune» bilakatzeak. Guardia Zibileko kideek Joxean Lasa eta Joxi Zabala etakideak bahitu zituzteneko 40. urteurrenean, EH Bilduk Donostiako Udal Gobernua interpelatu du gaiaren gainean, baina erantzunak agerian utzi du ez dela urratsik egin azken hiru hilabeteetan.
EH Bilduk eta Espainiako Gobernuko alderdiek iazko udaberrian adostutakoaren arabera, Memoria Demokratikoaren Legea onartu eta urtebeteko epean La Cumbreren «lagapenerako hitzarmen bat sustatu» behar da, koalizioaren esanetan, hura estatuaren biktimak aitortzeko gune bilakatu dadin, legeak ezarritako «izaera finalista» kontuan hartuta. Prozesua, baina, koalizioak nahi baino motelago doa, eta egoera jada «kezkagarria» da, EH Bilduko eledun Juan Karlos Izagirreren esanetan. «Ez dugu aurrerapausorik ikusten», adierazi duOgasun Batzordean.
Izagirrek zuzenean egin dio galdera Kerman Orbegozo Ogasuneko eta Finantzetako zinegotziari —Eneko Goia alkatea ez dago Donostian—, eta gogoratu ostegunean beteko dela urtebete Memoria Demokratikoaren Legea onartu zenetik: «Zergatik ez da gauzatu oraindik hitzarmen hau? Jakin nahiko genuke zer urrats eman dituen udalak aukera hau ez galtzeko».
Erantzunean, Orbegozok egintzat jo du EH Bilduk adostutako zuzenketan jasotakoa. Izan ere, Ogasun zinegotziaren hitzetan, Memoria Demokratikoaren Legeko hemezortzigarren xedapen gehigarriak lagapena «sustatzea» besterik ez du jasotzen, eta ez urtebeteko epean akordioa ixtea: «Lasai egon gaitezke, hasita dago. Udalaren esku dagoen guztia egin dugu».
Era berean, adierazi du Madrilen erantzun baten zain daudela uztailetik. Horiek hala, EH Bilduri exijitu dio kexak Espainiako Gobernuari helaraztea, haren onespenik gabe ezin delako gauzatu lagapena: «Atentzioa ematen du ikusteak EH Bilduk ez duela ekimenik aurkeztu honi buruz ez Kongresuan ez Senatuan». Hala, Izagirreri galdetu dio ea Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta diputatuek aferaz hitz egin ote zuten Espainiako jarduneko gobernuburu Pedro Sanchezekin, ostiralean izandako bileran.
Izagirreren esanetan, baina, EH Bilduk eman du eman beharreko pauso garrantzitsuena: «Tortura eta desagertze zentro bat izan dena Donostiaren esku uztekoa». Beraz, udal gobernuak egindakoei edo egiteko dituenei erreparatzeko eskatu du, eta «arduragabetzat» jo haren jarrera: «Aitor ezazue, ez zaizue gustatu, baina beharrezkoa da Euskal Herrian horrelako zentro bat izatea».
Izagirrek hizketagai izan du La Cumbreren geroa ere, eta estatuaren biktimen aitortzarako baliatzearen garrantzia nabarmendu. Hala, egindako bi hitzaldietan eskatu du udalak ere azaldu dezala zertarako baliatu nahi duen eraikina: «Izaera finalista bat zuen akordioak, garbi dago zertarako izan behar duen, eta jakin nahiko genuke ea lanean ari zareten beste instituzio eta eragile sozial batzuekin proiektu bat zehazteko». Izan ere, uste du Eusko Jaurlaritzak eta, «ezinbestean», memoria lantzen duten eragileek parte hartu behar dutela proiektuan.
Orbegozok, baina, ez du erantzun, eta, besterik gabe, adierazi du legeak ez duela jasotzen leku hori estatuaren biktimak aitortzeko baliatu behar denik ere: «Esaten duzue ezaugarri finalista duen akordio bat egin zenutela La Cumbre eraikina Donostiaren eskuetara pasatu dadin eta memoria historikoa berreskuratzeko erabili dadin, hain zuzen, estatuak sortutako biktimei eskainita; hori non dago jasota?».
«Eskaera ofiziala»
Legea iazko urritik martxan den arren, La Cumbreren afera kasik oharkabean pasatu zen uztailaren 17ra arte; legea onartu eta zortzi hilabetera. EH Bilduk Ogasun Batzordean interpelatu zuen Eneko Goia, lagapena gauzatzeko urratsen berri eman zezan. Hark erantzun zuen Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri zirela. Ez zen, ordea, lagapenerako «eskaera ofizialik» oraindik, Espainiako Gobernuak berak EH Bilduri jakinarazi zionez.
Hura uztailaren 26an egin zen, EH Bilduk gaiaren inguruan aurkeztutako mozioa udaleko osoko bilkuran eztabaidatu bezperan. Udal gobernuak eskaera bat helarazi zion Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritzari, egin beharreko urratsen berri emateko, eta ordezkaritzak erantzun zion Memoria Demokratikorako estatu idazkaritzari bidaliko ziola eskaera hura, gaia «oporren ostean» jorratzeko.