La Cumbre memoria gune bihurtzea txalotu dute Lasa eta Zabalaren senideek

EH Bilduk onuragarritzat jo du, memoria inklusibora begira. Legean adostutakoa «giza eskubideen lorpena» dela esan du Pili Zabalak

Mertxe Aizpurua, Joxi Lasaren anai-arrebekin batera, La Cumbre parean. BERRIA.
Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Memoria inklusiboa eraikitzeko bidean, «berri pozgarria» da EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin Memoria Demokratikorako Legeaz adostutakoa, koalizioaren Espainiako Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak atzo adierazi zuenez. Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea hitzartu zuten bi aldeek, besteak beste, eta, hain justu, La Cumbren egin zituen adierazpenok Aizpuruak. Bertan izan zen Asun Lasa eta Miguel Mari Lasa Joxi Lasaren anai-arrebarekin eta Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailearekin batera.

Jauregiak Donostiako Udalaren esku geratu beharko du legea indarrean sartu eta urtebeteko epean, eta eskualdatzeak «aspaldiko aldarrikapen historikoei» erantzungo diela adierazi zuen Aizpuruak: «iraganeko gertaerak aitortzeari» eta «ahaztutako biktimei erreparazioa bermatzeari».

Izan ere, Gipuzkoako gobernadore zibilaren egoitza izan zen jauregia, eta hantxe torturatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala, kare bizitan lurperatu aurretik. Horrez gain, Aizpuruak oroitu zuen Franco diktadoreak berak harremana zuela lekuarekin: udak Donostian igarotzen zituen, eta urte haietan Espainiako Atzerri Ministerioaren egoitza zen La Cumbre.

Lekua berreskuratu izanak duen balio sinbolikotik harago, «ukatutako errealitate isilarazia azaleratzen eta plazaratzen» lagun dezakeela uste du Aizpuruak, eta, alde horretatik, aurrera begira «itxaropenerakoaukera leiho bat» zabaltzen duela. Bide hori «biktimen eskutik» egingo dutela nabarmendu zuen.

Pili Zabala Joxi Zabalaren arreba ere pozik agertu zen Memoria Demokratikorako Legean izandako akordioagatik, Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan. La Cumbre memoria gune izendatzea «giza eskubideen lorpena» dela esan zuen, eta horren alde lan egin zutenei eskertza egin zien; besteak beste, Fernando Martinez Espainiako Memoria Historikorako Estatu idazkariari eta EH Bilduko kideei.

Argentinako «atxilotze zentro klandestinoekin» egindakoarekin parekatu zuen izendapena, horietako asko egun memoria gune direla eta. Argentina memoriaren alorrean «eredu» izan daitekeela erantsi du.

EH Bilduk eta PSOEk adostutakoak neurri gehiago ere jasotzen ditu. Esaterako, legearen aplikazioaren denbora muga 1983a amaitu arte luzatzea. Hori ere txalotu zuen Zabalak, haren ustez frankismoa ez baitzen 1975ean amaitu, eta haren estatu aparatuek gerora ere bertan jarraitu baitzuten, «trantsizioan nahiz demokraziaren lehen urteetan ere».

Ezkabakoa, «esanguratsua»

Memoria gune izendatuko dute Ezkabako gotorlekua ere. Legea onartu eta urtebeteko tartean egin beharko dute. Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak nabarmendu du gotorlekuak «pisu handia» duela Nafarroako herritarrentzat, eta «esanguratsua» dela faxismoaren kontrako mugimenduarentzat nahiz memoriaren aldekoentzat. Azken horiek gotorlekua Nafarroari emateko hainbatetan eskatu izan dutela gogorarazi du, eta haien eskaria zuzenketa moduan sartzea erabaki zutela.

Nafarroako presidenteorde Javier Remirezek ere aurrerapausotzat jo du espazioa bereganatu izana, baina meritua kendu dio hori lortzeko moduari;EH Bilduren eta PSOEren arteko akordioari, alegia. «Garrantzitsua memoria historikoan aurrera egitea» dela esan du.

Elkarrekin Podemos-IU taldeak ere egin dizkio zuzenketak Memoria Demokratikorako Legeari, eta denak onartu ditu Espainiako Gobernuak. Koalizioaren zuzendaritzak atzo adierazi zuen legea «ezkerraren eta elkarte memorialisten lorpena» dela, eta guztiek «eskuz esku» lanean jardun dutela. Espainiako Estatuan «memoria demokratikoa» ezartzera bidean aurrerapausoa dela adierazi zuen.

Onartu dizkioten zuzenketen artean dado, besteak beste, legeak 1936ko estatu kolpearen eta diktaduraren gaitzespena jasotzea, komunitate, hizkuntza eta kultura jazarriak aitortzea, frankismoaren biktimen zentsua eta bulegoa eratzea, eta frankismoko krimenen gaineko ikerketarako eskubidea bermatuko dela zehaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.