Euskal Herria eta diasporaren zati bat gurutzatu ondoren, asteburuan bukatu da Kutxa Bira egitasmoa, Urruñan (Lapurdi) eta Seguran (Gipuzkoa) egindako ekitaldiekin. Egindako bidearekin pozik da Pello Aranzabal Iparra Hegoako kide eta antolatzailea (Donostia, 1971). Kutxak egindako bidea dokumental batean bildu asmo dute, eta hilabete bukaeran plazaratuko dute.
Bukatu da Kutxa Bira. Zein da egindako balorazioa?
Oso baikorra. Hastapenean, gai honekin hasi ginenean, 20-25 herri pasatu nahi genituen: hori zen gure helburua. Azkenean, 80tik gora izan dira. Momentu batean kutxak bizitza propioa hartu du.
Euskararen aldeko ekitaldi batzuk bertan behera geratzearen «galera emozionalak» konpentsatzeko sortu zenuten. Lortu al duzue helburua?
Bai, urte gris honi kolorea eman dio. Ikusi dugu egarri bat badelaeta horrelako aldarriak kalera ateratzearen behar hori badela. Horretarako sortu genuen, eta zerbait ekarri die galera sentimental horiei. Igaro herrietatik eskertza mezuak jaso ditugu. Hori da bilatzen genuena, nahiz eta guztiz ez diren asetzen galera horiek; baina pixka bat goxatu digu zauria.
Kutxa Birak gurutzatutako herri horietan ametsak sartu dituzte herritarrek. Zein izan dira amets horiek?
Mezu gehienak euskarari loturiko aldarriak dira. Herrigintzan dabiltzan elkarte pila batek ere sartu dituzte beren aldarriak: laborantzari lotutakoak, ekologiari, feminismoari, langileei, gazteei... Nolabaiteko abaniko zabal bat dugu.
Orain, lana amets horiek betetzea izango da, ezta?
Bai, igandean Segurara bildutakoek galdetu ziguten ea zer egingo ote dugun amets horiekin. Gu amets horiek betetzera goaz: ez dira kutxa barruan gelditzeko edo liburu batean sartzeko ametsak. Guk kutxa zabaldu dugu, eta amets horiek askatu ditugu, gu ere horiekin batera askatzeko.
80 herritan baino gehiagotan ibili da Kutxa Bira. Nolakoa izan da koordinazio lan hori?
Konplikatua, oso konplikatua. Baina herriek eduki duten jarrera txalogarria izan da. Ia bi hilabeteeta erdi izan dira, eta ikaragarria izan da nola moldatu diren. Beren artean koordinatu dira, eta guk espero ez genuen herrietara ere eraman dute kutxa. Guretzat oso pozgarria izan da, eta une batzuetan beldurgarria ere bai [barreak].
Diasporak ere garrantzia izan du ekimenean. Nola jaso zuten haiek Kutxa Bira?
Haientzat ikaragarria izan da. Hasieran, pentsatu genuenean diasporarekin zerbait egitea, ez genuen asmorik kutxa hara bidaltzeko. Haiek erran ziguten indarra egiteko, eta hain determinatuak ikusi genituen, ezen erabaki genuen arriskua hartu eta kutxa bidaltzea. Kutxa han egotea gauza oso handia izan da haientzat, bazekitelako hori bera Euskal Herrian ibiliko zela. Balio sinboliko handia izan du.
Zubiak gurutzatzeko sortu zenuten Iparra Hegoa duela 26 urte. Nola daude zubi horiek?
Pandemia honek ekarri duena izan da Iparraldeko eta Hegoaldeko muga luzaz itxita egotea. Guk, herri gisa, umiliazio bat bezala bizi dugu hau. Zentzugabekeria galantak ikusi ditugu. Pandemiakestatuen indar erakustaldi bat ekarri du, eta herri txiki zapalduen zapalketan sakontzea. Beti dute aitzakiaren bat: pandemia, terrorismoa... Espero dugu egoera hobetzea. Horrelako ekimen nazionalak bultzatu behar dira, Euskal Herria bere osotasunean hartzen dutenak ez dira-eta horrenbeste. Gogoeta bat dugu egiteko herri gisa.
Pandemia alde batera utzita, elkartea sortu zenetik nabaritu duzue Segura eta Urruña gertuago daudela?
Laguntasun harremanek asko egiten dute, eta elkartea bera lagun harreman batetik sortu zen. Hori izan da bere lan ildoa. Hurbiltzen ari gara. Lan asko dago egiteko, baina bidea egiten ari gara.
Bertze pauso bat emango da bide horretan?
Asteburuko ekitaldien ondotik, Urruñako auzapezak aurreratu du bi herrien arteko senidetza ofiziala eginen dela. Orain arte jendearen arteko harremana izan da, eta orain instituzioen artekoa ere izanen da.
Aurkezpenean esan zenuten Kutxa Bira behin bakarrik egingo duzuela. Ez da bigarrenik izango?
Ezker-eskuin aditu ditugu mezuak hau egoera «normal» batean errepikatzeko. Penaz, baina guk diogu ez dugula errepikatuko. Guk nahi dugu Korrika, Herri Urrats, Nafarroaren Eguna... bueltatzea, eta Iparra Hegoa bere ohiko formatura itzultzea. Elkarte txikia gara, eta ezingo genioke aurre egin horrelako ekimen bati urtero edo bi urterik behin. Egoera berezi baterako sortu da Kutxa Bira, eta, behin helburuak beteta, hil egingo da.
Pello Aranzabal. Iparra Hegoa elkarteko kidea
«Kutxan sartutako amets horiek betetzera goaz»
Asteburuan bukatu da Iparra Hegoa elkarteak antolatutako Kutxa Bira egitasmoa. Aranzabal pozik da izandako harrerarekin. Argi dio, ordea: «Egoera berezi baterako sortu da, eta, helburuak beteta, hil egingo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu