Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak ulertarazi du euskarazko hezkuntza arazo bat dela atzerriko talentua erakartzeko. Euskal enpresek atzerriko langile trebatuak erakartzeari buruz ari zela, haien seme alaben hezkuntza aukeren garrantzia nabarmendu du, eta hor kokatu oztopoa: «Euskara guztiz zentrala da gure hezkuntzan, eta hala izan behar du. Baina hori bateragarri egin behar dugu Poloniatik bost urterako datorren langile baten egoerarekin, eta agian hari ez datorkio ondo bere seme-alabek euskaraz ikastea».
Bilboko Merkataritza Ganberak antolaturiko hitzaldi batean eman ditu azalpenak. Talentuaren gaia aipatzean, ingelesezko hezkuntza urria aipatu du lehen arazo gisa: «Poloniako langile hori Bilbora badator eta seme-alabentzako ingelesezko aukera egokirik ez badago, bada, muga garrantzitsu bat da». Eta ondoren izendatu du euskara: «Hezkuntza euskaraz egitea oso zaila izango da haientzat, eta, beraz, ziur aski ez dira etorriko Poloniatik, eta talentu hori galdu egingo da. Hezkuntza ingelesez egin ahal badute, etorriko dira. Oreka bilatu behar da».
Atzerriko langileez gain, kanpoan diharduten euskal langileak ere erakartzeko arazoak aipatu ditu Arriolak, eta «maila bereko aukeren falta» kritikatu du. Maila bera aipatzean, soldatez ari zen. Alde horretatik, fiskalitatea «lanabes» modura aipatu du, eta giro sindikala, «arazo» gisa. Halaber gehitu du Euskal Herriko unibertsitateek atzerriko ikasle gehiago erakarri beharko lituzketela eta horretarako irakasle egokiak beharko lituzketela.
Erantzunak
Arriolak euskararen inguruan esan dituenen harira, hitza hartu du Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxolak. «Deadostasuna» adierazteko mintzatu da. «Bada, nolabait ere, mediku onaren edo euskaldunaren dikotomia faltsuaren eguneratze bat», deitoratu du. Talentua erakarri nahi bada, «bertako» talentua ere aintzakotzat hartu behar dela gogoratu du eta hor euskara «estrategikoa eta ezinbestekoa» dela.
Haur eta gazteak ingelesez hezteko proposamena hizpide, Mantxolak horren arriskuez ohartarazi du; izan ere, «sozializatzeko eta komunitatearen parte sentitzeko» euskarak berebiziko garrantzia duela gogoratu du. «Poloniatik bost urterako datorren langile baten egoera» jarri du adibiderako Arriolak, eta horren harira ere mintzatu nahi izan du Kontseiluko ordezkariak: «Estrategikotasunaren eta efizientziaren ikuspegitik eraginkorragoa da talentua, behin ekarrita, bertan errotzea».
Kontseiluko lehendakari Idurre Eskisabelek sare sozialen bidez egin du kritika. «Premisa faltsuen gainean euskara eta lan eskubideak kontrajartzen diren garai honetan, hizkuntz larrialdian, oldarraldi judizial betean, oso larria da erantzunkizun soziala ipar behar lukeen erakunde bateko buruak euskara eta talentua talkan jartzea», adierazi du. «Zuzenketa eskatzen dugu eta zuzenketaren eskatzaile izan daitezela galdegiten diegu Kutxabankeko partaide diren erakundeei».
EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak ere kritikatu egin ditu Kutxabankeko buruzagiaren adierazpenak. Euskara «gutxiestea» egotzi dio, eta «ezjakintasunaren apologia» egitea. Euskararen aldeko neurriak apalaraztea bilatzen duen «oldarraldi judizial betean» halakoak esatea «oso larria» dela nabarmendu du. Izan ere, Kutxabankek gizartean itzal handia duela gogoratu du, eta bertako arduradunek esaten dutenak baduela eragina.
Kontrara, Arriolak euskarari buruz adierazitakoak goraipatu egin ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidente Javier de Andresek. Hain justu ere, «poza» azaldu du Kutxabankeko burua «ausartu» delako bat egiten PPk euskararen inguruan esaten duenarekin.
INDAR, «100 milioi euroko inbertsiotarako»
Arriolak beste hainbat gai aipatu ditu, baina bi izan dira nagusiak: Kutxabanken hurrengo plan estrategikoa —gaur zortzi aurkeztuko du, iazko emaitzekin batera— eta Europaren balizko industrializazioa. Aurrenekoaren inguruan aurreratu du enpresetan inbertitzen jarraitzeko asmoa dutela, eta horregatik sortu dutela Indar inbertsio talde berria; eta Europari dagokionez nabarmendu badirudi esnatu dela, baina arauak leundu beharko lituzkeela, bereziki ingurumenari dagozkionak.
«Indar 100 milioi euroko inbertsioak egiteko jaso da, gure inguruko enpresa handietan», azaldu du Arriolak. Momentuz 500 milioi euroko inbertsio azpiegitura bat da, baina aurreratu du bazkideen bila dabiltzala zakua hornitzeko eta ez du baztertu burtsara irteteko aukera. Are gehiago, aurreratu du hainbat enpresekin harremanetan hasiak direla. Halaber, zehaztu du ez dela inbertsio funts bat, beraien ikuspegia epe luzekoa delako.
Indar sortzea, Talde inbertsio funtsa erosi izana, eta Kutxabank Invesment-en —lehen Norbolsa zena— jabetzaren %100 lortu izana norabide berean doazen Kutxabanken mugimenduak dira: enpresa munduan sartzea, hala maileguak eskaintzen nola inbertitzaile gisa sartuta. Arriolak nabarmendu du iraganean oso lotsatiak izan zirela enpresekin lan egitean, baina Kutxabank «lubakitik atera dela». Kutxabank Eusko Jaurlaritzak sorturiko inbertsio aliantzan sartuta dago, baina Arriolak zehaztu du Indar sortzea aurretik harturiko erabaki bat zela.
Europari dagokionez, Kutxabankeko presidenteak esan du merkatal gerra hondamendia dela eta Donald Trumpek sortzen dion beldurra ez du ezkutatu. Hala ere, gauza on bat ere izan dezakeela uste du: «Badirudi Europa esnatu egin dela eta ulertu duela zein garrantzitsua den bere industria berriz indartzea». Zentzu horretan kritika egin dio Europako Batzordeari eta industriari aplikatzen legedia sinplifikatzeko eskatu dio. «AEBetan ia ez dago araurik; Europan, aldiz, pasatu egin gara. Legedia sinplifikatu egin behar da, bestela industriarik gabe geldituko gara».
Gaian sakontzean ingurumenari dagozkion arauak aipatu ditu: «Ez dugu gutxiago kutsatzen, isuriak externalizatu ditugu. Ergelarena egin dugu horrela Europa pobretuz. Lehenbizi ogia bermatu behar dugu. Industria beste nonbaitera bidaltzen badugu normala da jendea kexatzea». Gai berean ausardia eskatu dio Europari energia trantsizioa gauzatu bitartean «erauzketa mota jakin batzuk» baimen ditzan.