Euskararen aldeko mezua ozendu nahi izan dute gaur goizean Bilbon Kutxabankeko langileek, ELA sindikatuak deituta. Finantza erakundearen egoitzaren atarian elkartu dira, lehengo astean Anton Arriola presidenteak euskararen inguruan egin zituen adierazpenak salatzeko, talentua erakartzeko eragozpen izan daitekeela ohartarazi baitzuen. «Euskara guztiz zentrala da gure hezkuntzan, eta hala izan behar du. Baina hori bateragarri egin behar dugu Poloniatik bost urterako datorren langile baten egoerarekin, eta, agian, hari ez datorkio ondo bere seme-alabek euskaraz ikastea», azaldu zuen, Bilboko Merkataritza Ganberak antolaturiko hitzaldi batean.
Gaurko protestan, «zuzenketa» eskatu diote langileek: euskarak, bezeroek eta bertako talentuak «errespetua» merezi dutela esan diote Arriolari. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek sare sozialen bidez egin zuen kritika. «Premisa faltsuen gainean euskara eta lan eskubideak kontrajartzen diren garai honetan, hizkuntz larrialdian, oldarraldi judizial betean, oso larria da erantzukizun soziala ipar behar lukeen erakunde bateko buruak euskara eta talentua talkan jartzea». Hark ere «zuzenketa» eskatu zuen. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak ere kritikatu egin zituen Kutxabankeko buruzagiaren adierazpenak. Euskara «gutxiestea» egotzi zion, eta «ezjakintasunaren apologia» egitea. Euskararen aldeko neurriak apalarazi nahi dituen «oldarraldi judizial betean» halakoak esatea «oso larria» dela uste du.
Arriola bera testu baten bidez mintzatu zaie Kutxabankeko langileei. «Pasa den ostiralean egin nituen adierazpenen oihartzuna ikusita, argitu nahi dizuet ni euskararen maitale amorratua naizela. Euskara nire bihotzetik oso gertu dago», azaldu die. Zehaztu du egin nahi izan zuen «ñabardura» baten ondorio izan zirela adierazpen horiek: ingelesez dauden hezkuntza aukeretan «sakondu» behar dela esan zuen, uste baitu horrek kanpoko profesionalak erakartzea erraztuko duela. Nabarmendu nahi izan du, ordea, euskarari garrantzia eman izan diola beti: «Adierazi dut zentrala izan behar duela gure hezkuntzan».
Atzo arratsaldean argitaratu zuen testua, Kutxabankeko intraneteko albistegian. Lankide gehienek gaur goizean irakurri dute.