Kutxa Bira Argentinatik abiatu da, eta Euskal Herria zeharkatuko du

Iparra Hegoak antolatu du egitasmoa, eta euskararen aldeko ekitaldi batzuk bertan behera geratzearen «galera emozionalak» konpentsatzea du xede

Kutxa Bira egitasmoaren hasiera, atzo, Argentinan. IPARRA HEGOA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Barruan euskarari lotutako hainbat mezu izango dituen kutxa batek herriz herri ibilbide bat egitea. Horixe da Kutxa Bira ekinbidearen funtsa. Carmen de Patagonesen (Argentina) ekin zion atzo ibilbideari, eta Euskal Herriko eta diasporako 70 bat herritatik igaroko da, maiatzaren 30ean Seguran (Gipuzkoa) amaitu arte. Iparra Hegoa taldeak antolatu du egitasmoa, eta, besteak beste,BERRIA izan du laguntzaile.

Kezka edo hutsune batetik abiatu zen ekinbidearen ideia, Pello Aranzabal Iparra Hegoa elkarteko kideak azaldu duenez. Ikusi dute euskararen aldeko hainbat egitasmo —Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Nafarroaren Eguna, Korrika...— bertan behera geratu direla pandemiaren ondorioz, eta Aranzabalek uste du horrek «galera emozionalak, nortasunari eta euskalduntasunari lotutakoak» eragin dizkiela. Kutxa Biraren bidez, hutsune horiek estaltzea dute helburu, jakin arren ekitaldi horiek «ordezkaezinak» direla. Beste hainbat helburu ere lotu dituztela uste du: ilusioa piztea, hizkuntzarekiko lotura bultzatzea, harremanak sendotzea...

Mezuz beteta

Kutxak, barruan, Amets Arzallus bertsolariaren Hitza da gure lurra mezua eramango du. «Hizkuntza da oraingoz munduak eskaini digun bizileku bakarra; hitza da gure lurra», adierazi du Arzallusek testuan, besteak beste. Kutxa gelditzen den herri guztietan irakurriko dute, eta herri bakoitzak bere mezua ere sartuko du, Aranzabalek azaldu duen gisan: «Nahi duguna da herri bakoitzak bere ametsak sartzea kutxa honetan». Kutxari ongi etorria emateko, hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte herrietan.

Bizi gira... kutxa bira! lelopean, Kutxa Birak apirilaren 8an ekingo dio Euskal Herriko ibilbideari, Baionan. Maiatzaren 30ean Segurara iritsi baino lehen, Euskal Herriko hamaika herritan ez ezik, Reauko (Frantzia) espetxean eta Bartzelonan ere izango da. Ekinbidea behin soilik egitekoak direla ziurtatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.