Duela astebete, Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak esan zuen euskara «oztopoa» izan zitekeela talentua erakartzeko. Kutxabanken akziodunetako bat, Kutxa Banku Fundazioak, ohar bat atera du bere jarrera argitzeko. «Adierazpen horiek ez dute inola ere Kutxa Fundazioaren eta Kutxa Banku Fundazioaren pentsamoldea islatzen. Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo».
Arriolak erabilitako argudioei erantzunez, oharrean Kutxa Banku Fundazioak gogorarazi du D ereduak gora egin duela urtez urte. Aldi berean, 2023ko abenduan onartutako EAEko Hezkuntza legearen arabera, egungo hezkuntza eredua euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen da, «bi hizkuntza ofizialen bidez eta atzerriko hizkuntza baten bidez». Haren baitan, nazioarteko programetan parte hartzen dute ikasleek eta atzerrira lanera doazenek erakusten dute unibertsitate ikasketa amaitzerako lortzen dutela gaitasuna hirugarren hizkuntza batean aritzeko; «gehienetan ingelesa» izaten da.
Arrazoitzen du, halaber, euskara ez dela oztopo izan atzerriko ikertzaileak hona etor daitezen. Adibidez, Ikerbasque programaren 17 urteko ibilbidean 373 ikertzaile Euskal Herriratu dira. «Batzuk aldi baterako, eta beste batzuk gure artean geratzeko». Gogorarazi du euskara ez dela oztopo izan unibertsitateetan eta goi mailako ikerketa zentroetan diharduten beste hainbat ikertzailerentzat ere. «Gure artean lan egitea erabaki dute hainbat ikertzailek», aipatu du.
ELAren kritika
Mikel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia Euskadi Irratian izan da gaur goizean, eta Arriolaren hitzak gaitzetsi ditu. Lakuntzak esan duenez, entitateko presidentearen hitzak «beste urrats bat» besterik ez dira; izan ere, Kutxabankek aspaldi ez dio «euskarari babesik ematen».
Gainera, gezurretan aritzea leporatu dio Arriolari: «Zoritxarrez, atzerritik denbora baterako datozen langileen seme-alabak ez daude behartuta euskaraz ikastera. Hemen derrigorrez ikasi behar den hizkuntza bakarra gaztelania da». Are gehiago, euskara «talentua errotzeko» tresna bat izan daitekeela azpimarratu du ELAko idazkari nagusiak: «Jende askok euskaraz lan egiteko aukera nahi du».