Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek izurriarekiko dituzten pertzepzio eta jarrerak aztertu ditu Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak inkesta batean, eta bertan jasotako lehen ondorioa da pandemiaren bilakaerarekin kezkatuta daudela herritar ia gehienak. Zehazki, inkesta erantzun duten hamar herritarretik ia bederatzi «oso kezkatuta» daude izurriarekin. Alabaina, oso bestelakoa da gaitzarekin kutsatzeari buruz herritarrek duten pertzepzioa, inkestak agerian utzi duenez: izan ere, hamarretik zazpik uste dute «oso aukera gutxi» edo batere aukerarik ez dutela birusarekin kutsatzeko. Kutsatzeko arriskurik handiena duten tokiez eta jarduerez galdetuta, berriz, herritarren gehiengoek hiru eremu zehaztu dituzte: familia unitate berekoak ez direnekin etxean biltzea (%89), garraio publikoan joatea (%85) eta taberna eta jatetxeen barruan egotea (%80).
Txertoa hartzeari buruz ere galdetu diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei, eta hamarretik zazpik erantzun dute txertoa hartuko dutela horretarako aukera ematen dietenean; oso gutxi dira txertoa hartu nahi ez dutenak (%5 ). Txertoa hartzeari buruz zalantzak agertu dituzte hamarretik bik, baina txertatzearen aldeko erabakia hartzeko prest agertuko lirateke baldin eta bere burua kutsatzeko arriskuan ikusiko balute edo txertoak ondorio kaltegarririk ez duela egiaztatuko balute.
Pandemiaren hedapena murrizteko hartu diren neurriei dagokienez, hamar lagunetik lau indarrean dauden neurriak gogortzearen aldekoak dira, eta berriz ere etxean konfinatzea begi onez ikusten dute ia erdiek.
COVID-19aren izurriaren ondorengo gizarteaz ere galdetu dute inkestan, eta herritar gehienek ez dute uste epe laburrean egoera bere onera itzuliko denik. Inkestatu gehienen ustez, «garairik txarrena» da hau, edo oraindik «txarrena iristeko dago». Pandemia noiz desagertuko den galdetuta, %6k bakarrik uste dute izurria aurtengo udan desagertuko dela. Gehienen ustea da datorren urtera arte gizartea ez dela itzuliko pandemia aurreko egoerara: hala uste dute inkestatuen %42k. Asko dira, halaber, 2023. urtera arte izurria ez dela desagertuko pentsatzen dutenak (%26).
Intzidentzia, behera
Bestalde, Hego Euskal Herrian pixkanaka ari da beheranzko joera hartzen intzidentzia metatuen tasa, nahiz eta eguneko kutsatuen datuei erreparatuta apenas atzematen den joera hori. Atzo, apur bat apaldu zen eguneko positibo kopurua: 1.146 kasu detektatu zituzten, eta positiboen ehunekoa %6,1ean kokatu zen. Herrialdeka, Bizkaian detektatu dituzte positibo gehien, 479; Gipuzkoan, 281; Nafarroan, 225; eta Araban, 151.
Azken hamalau egunetan metatutako intzidentziaren kurbak, ordea, beheranzko joera hartu du. Nafarroak bi aste daramatza beheranzko joerarekin, eta 478 kasu ditu 100.000 biztanleko. Behera egin du ere Bizkaian (689), Araban (646) eta Gipuzkoan (581).Ospitaleetako egoera, ordea, ez da asko hobetu: beste 106 lagun ospitaleratu dituzte gaitzarekin. Hegoaldeko erietxeetan, egun, 914 paziente daude, eta horietatik 193 daude larri, ZIUetan.
Koronabirusa
Kutsatzeko «arrisku txikia» dutela uste dute hamar herritarretik zazpik
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %75ek txertoa hartu nahi dute, inkesta baten arabera. 1.146 kasu atzeman dituzte Hegoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu