Koronabirusa

Kutsatzea geldotu egin dela sumatu da azken hiru asteetako zenbaketetan

Beste 360 positibo zenbatu dituzte igandeko probetan. Hego Euskal Herriko lau lurraldeek 400dik behetiko intzidentzia tasa dute. 640 pertsona daude ospitaleratuta; horietako 166 ZIUetan daude

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Pixkanaka, baina etenik gabe. Otsailaren hasieratik aitzina, beheranzko joera sumatu da koronabirusaren transmisioari buruzko informazioa ematen duten adierazle gehienetan Hego Euskal Herrian. Eguneko atzemandako positiboen kurba nabarmen ari da apaltzen, eta, hala, atzerantz ari da izurritearen hirugarren olatua. Dena dela, oraindik ere kezkagarria da egoera, ospitaleetan batik bat: 640 lagun daude erietxeraturik gaitzarekin.

Datuei so, urtearen hasiera gorabeheratsua izan da kutsatzeen bilakaerari dagokionez. 2021 urteko lehenbiziko egunetako datuek agerian utzi zuten kutsatzea geldotu egin zela; hau da, bigarren olatua apaldu egin zela. Zehazki, urtarrilaren 1ean, hamalau eguneko batezbestekoa 473 positibo zen Hegoaldean. Ordea, segituan ailegatu zen kutsatuen goraldia, eta birusa hanpatua izan zen otsailaren hasierara arte: otsailaren 1ean 1.265 kasu zen azken hamalau eguneko batezbestekoa.

Gaur egun, Osakidetzak eta Osasunbideak Hegoaldean egindako azken zenbaketak oinarri harturik, kopurua aski txikiagoa da; izan ere, azken bi asteetan eguneko 602 kasu positibo detektatu dituzte batez beste.

Gainera, herenegun 360 COVID-19 kasu atzeman ziren Hegoaldean. Egun bakar batean detektatutako kasu kopuruari dagokionez, azken bi hilabeteetan erregistratu den daturik apalena izan zen osasun agintariek atzo jakinarazitakoa. Abenduaren 28an 358 kasu zenbatu zituzten Osasunbideak eta Osakidetzak, eta, ordutik, kopurua handiagoa izan da beti; igandera arte. Dena dela, aintzat hartzekoa da asteburuetan egiten den test kopurua nabarmen txikiagoa dela astegunetakoarekin alderatuta, eta horrek baldintzatu egiten duela kasuen zenbatekoa, hein batean. Zehazki, birusa detektatzeko 7.737 test egin ziren herenegun Hegoaldean, eta horien guztien %4,65ek eman zuten positibo. Hala, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean edukitzeko ezarritako mugatik behitikoa da portzentajea. Izan ere, erakundearen esanetan, %5 da gehienezko muga. Zehazki, lurraldez lurralde, igandean egindako testak oinarri, Bizkaian 166 kasu positibo zenbatu zituen osasun sistemak; Gipuzkoan, 85; Nafarroan, 57, eta Araban, 46.

Lau lurraldeetan, beheraka

Egunetik egunera izan daitezkeen gorabeherez haragoko bilakaera ikusteko, adierazle argigarria da azken hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan tasa 500dik behitikoa da joan den astetik; hau da, muturreko arrisku egoera irudikatzeko balio duen «eremu gorritik» kanpo dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Are gehiago, atzotik, tasa 400 baino apalagoa da lau herrialde horietan.

Bizkaia izan zen eremu gorria atzean uzten azkena, eta hark du tasarik handiena egun: azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 386 pertsonari atzeman diete birusa herrialde horretan; Gipuzkoan 308 da tasa; Araban, 261. Hegoaldeko gainerako lurraldeen aldean, tasa nabarmen txikia da Nafarroan: 100.000 biztanleko 157 laguni detektatu diete koronabirusa azken hamalau egunetan.

Koronabirusaren transmisioarekin zerikusia duten adierazleek egin bezala, behera eta behera ari da ospitaleetako presioa adierazten dutenak ere. Konparazio bat egite aldera, aipatzekoa da hilaren hasieratik gaur egun arte izandako beherakada: otsailaren 1ean 974 pertsona zeuden Hegoaldeko ospitaleetan erietxeraturik; gaur egun, 640. Zehazki, horietatik 474 gela arruntetan daude ospitaleratuta, eta 166 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Gainera, Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emandako datuen arabera, igandean 29 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta. Hain justu ere, azken hiru asteetan izandako daturik apalena da hori. Hala eta guztiz ere, azken hamalau eguneko joerari erreparatuta, batez beste eguneko 66 pertsona erietxeratu dituzte gaitzarengatik Hego Euskal Herriko ospitaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.