Kutsatzaile kimiko toxikoak atzeman dituzte Iratiko basoko likenetan eta goroldioetan

EHUko ikertzaile talde batek egin du azterketa. Ondorioztatu dutenez, hiriguneetan eta nekazaritza erreketetan sortuak dira kutsatzaile horiek, eta haizeak eraman ditu basora. Larritzekoa ez bada ere, bilakaerari gertutik erreparatzea gomendatu dute.

Iratiko basoa. BERRIA
Iratiko basoa. BERRIA
kristina martin
2025eko martxoaren 14a
09:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko Unibertsitateko Ibea ikerketa taldeak egin ditu azterketak, eta hiru kutsatzaile organiko multzoren kontzentrazio handiak aurkitu dituzte Iratiko basoko likenetan eta goroldioetan. Ikerketan ondorioztatu dute kutsatzaile horietako batzuk inguruko hiriguneetatik iristen direla, beste batzuk nekazaritzan egiten diren errekuntzetatik sortzen direla, eta, azkenik, egun debekatuta dauden pestizidek eta isolatzaile elektriko batzuek debekatuak izan aurretik eragindako kutsadurari dagozkiola beste batzuk.

«Konposatu organiko iraunkorren kontzentrazio adierazgarriak neurtu ditugu Iratiko basoko liken eta goroldio espezie banatan», adierazi du Alberto de Diego EHUko Ibea ikerketa taldeko ikertzaileak. Ibea taldeko kideek, Frantziako Zientzia Ikerketarako Guneko (CNRS) eta Nafarroako Unibertsitateko kideekin batera egindako ikerketan, Iratiko liken espezie bat (Parmelia sulcata) eta goroldio espezie bat (Hypnum cupressiforme) erabili dituzte atmosferako kutsadura organikoa neurtzeko.

Errekuntzetatik sortutako substantziak

EHUko ikerketa taldeak gogorarazi duenez, konposatu organiko iraunkorrak toxikoak dira. Ikerketa honetan hiru motatakoak aztertu dituzte: PAH hidrokarburo polizikliko aromatikoak bereziki errekuntza prozesuetan sortzen diren azpiproduktuak dira; PCB poliklorobifeniloak isolamendu elektrikoetan erabiltzen ziren, eta gaur egun debekatuta daude; eta OCP pestizida organokloratuak nekazaritzan erabili ohi ziren, eta horiek ere gaur egun debekatuta daude. Emaitzek erakutsi dutenez, oro har, PAHen kontzentrazioak dira nabarmenenak.

«Konposatu organiko horiek atmosferan zehar oso urrunera iristen dira haizearekin», azaldu du Ainara Gredilla Ibeako ikertzaileak, «eta ingurumenean metatzen dira: izaki bizidunek barneratu eta metatu egiten dituzte». Ikertzaileek azaldu dutenez, altitude altuetan dauden guneak oso sentikorrak dira kutsatzaile organiko iraunkorrekiko.

Ikerketa horri esker, «jakin nahi izan dugu zenbateraino metatu diren Iratiko likenetan eta goroldioetan». Izan ere, Iratiko basoa ingurune garbitzat hartzen da, «turismoaz gainera abeltzaintza eta nekazaritza jasangarria beste giza jarduerarik ez baitago han». Zientzialariek ohartarazi dute Iratiko basoa Europan hobekien kontserbatutako pagadi eta izeidia dela. Ingurune babestua dela aintzat hartuta, oso garrantzitsu irizten diote substantzia toxiko horien bilakaerari gertutik erreparatzeari. 17.000 hektareako basoa da Irati, eta Nafarroan, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dago, mendebaldeko Pirinioetan.

«Kutsatzaile horiek gaitasun handia dute sortu diren lekutik oso leku urrunetara heltzeko eta Irati bezalako leku berez garbietan metatzeko»

AINARA GREDILLAIbeako ikertzailea (EHU)

Kutsaduraren jatorriari dagokionez, parte bat hiriguneetatik etortzen dela egiaztatu dute EHUko ikertzaileek. Dena dela, bertako nekazaritzaren eragina handiagoa dela nabarmendu dute. «Gaur egun, oraindik ere, Pirinioen inguruko toki batzuetan erreketa kontrolatuak egiten dira, eta uste dugu hortik datorrela PAH asko». Ikertzaileen iritziz, «Iratiko basoaren atmosferan PAH gutxiago egon dadin, nahitaezkoa da basoaren inguruan egiten diren errekuntza prozesuak kontrolatzea».

Bestalde, ondorioztatu dute garai batean erabiltzen ziren pestiziden aztarnak (OCPak) ez direla desagertu. Isolamendu elektrikoetan erabiltzen ziren PCBei dagokienez, zera esan dute: «Susmoa daukagu Irabia urtegiaren ingurutik datozela. Litekeena da garai batean erabilitako PCBak hantxe geratu izana eta gaur egun oraindik detektagarriak izatea».

Ikertzaileek aldarrikatu dute halako ikerketek balio dutela «batez ere baieztatzeko kutsatzaile horiek gaitasun handia dutela sortu diren lekutik oso leku urrunetara heltzeko eta Irati bezalako leku berez garbietan metatzeko». Alarma gorria pizteko modukoa ez bada ere, ohartarazi dutenez, «nahiz eta kontzentrazioak oso handiak ez izan, oso toxikoak direnez, zaindu beharrekoa da etorkizunean arazorik ez izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.