'Kutsakor' hitzak dakartzan mugak

Hiesa gaitz hilgarria eta ezezaguna zeneko irizpideekin dago oraindik sailkatuta eremu askotan; horren ondorioz, eritasun 'kutsakorra' dela iritzita, birusa dutenei ateak ixten zaizkie hainbat alorretan: lan eskaintza publiko hainbatetan, kasurako. Hori aldatzeko eskaria kalean da.

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
arantxa iraola
2017ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Kutsakor hitzak transmititzen duena da kontu handiarekin ibili behar dela, eta zuk zerbait kutsakorra baduzu, bada, nik, nolabait ere, halako distantzia bat hartu behar dudala zurekiko. Gizartearen inkontzientean, era kolektibo batean, horrek horrela funtzionatzen du. Eta horrek estigma dakar. Beldurra ere bai...». Marta Pastor ari da solasean, Bizkaisida erakundeko presidentea. GIBaren aurkako elkarteak batzen dituen Euskalsidan ere lehendakari ari da aurten. Eta elkarteok guztiok aurten, hiesaren aurkako nazioarteko egunaren harira —bihar da—, kutsakor hitzaren aurka jarri dute indarra, osasun arazo «infekzioso-kutsakor» gisara hartzen delako egun sarri GIBa, eta birusa dutenekitxitako ate ugari dituztelako ondorioz hainbat alorretan. Adibide pare bat ipintzearren: hainbat lan eskaintza publikotan ezin dute parte hartu, haurrak adoptatzeko eskarietan ere eragozpenak jartzen dizkiete. Hortik eskakizuna: «Eritasun infekto-transmitigarri gisara aintzat hartzea nahi dugu». Kutsakor hitza desagertzea. Eskari horixe Eusko Legebiltzarrera eraman zuten orain bi aste. GIBdunei ezartzen zaizkien mugen gaineko kezka hori orokorra da: AIDES elkarteak —Frantziakoa, Baionan egoitza bat badute— biharko dataren harira atera berri duen urteko txostenean ere, esaterako, «diskriminazio» sorta bat laga du ageri-agerian.

Gizarteak, aurreiritzien beldur, muga eta eragozpen horiek ontzat ematen dituela ere agerian geratu da. Hara, hain zuzen ere, AIDESen ikerketan ageri den datu adierazgarri bat. Galdetu diete herritarrei egoki ikusten duten GIBdunei eragoztea polizia, suhiltzaile edo militar izatea, eta horra emaitza: %31k baietz esan dute. Pastorren arabera, ordea, muga horiek ez dute inolako loturarik gaixotasunaren egungo errealitatearekin, haren inguruan egun ezaguna den informazioarekin. «Inondik inora ere ez. Pertsona batek GIBa badu, ezinezkoa da beste norbaitek birusa hartzea harekin espazio bat konpartitzen duelako, edo elkarrekin lan egiten dutelako...». Eta iruditzen zaio halako mugekin elikatu besterik ez direla egiten, lehendik ere eritasunaren inguruan aski zabalduta dauden aurreiritziak eta kezkak. «Hori hor dago gizartean. Eta pertsona seropositibo batek birusa duela jakitean, haren kontra doa hori guztia».

Prebentzio kontu bat

Hortik GIBdunei aterik ez ixteko eskakizuna: «Esaten badugu GIB birusa soilik transmititzen dela babesik gabe izandako sexu harreman sarketadun baten bitartez, osasun publikoko kontu bat da, jakina, baina ez da tratatu behar kutsatze arriskuaren ikuspegitik, baizik eta prebentzioaren eta sexu heziketaren ikuspegitik», nabarmendu du Pastorrek. Aintzat hartu behar da, gainera, azken urteotan birusaren kontrako sendagaiak erabakigarriak izan direla: beste aro batean sartua dute eritasuna. «GIBdunen bizi kalitatea gero eta hobea da... Heroinaren kontsumoaren ondorioz eritu zirenetako zenbait oraindik hor daude. Baina gaur egun GIBa diagnostikatzen zaien lagun gehienek bestelako soslaia dute; osasun ona duten pertsonak dira... Eta, jakina, badira ertzain izan nahi dutenak, edo suhiltzaile. Izan ere, osasun oneko pertsonak dira, baina GIB birusa dute: horixe da dena».

Euskalsidak lagun ditu aldarrian zuzenbidearen alorreko hainbat aditu. Eusko Legebiltzarrean argibideak ematera joan zenetako bat izan zen Paulina Ramirez. Zuzenbidean lizentziaduna da, eta doktore tesia egiten ari da GIBdunei legeak ezartzen dizkien mugen inguruan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Alcalako Unibertsitateko (Espainia) klinika juridikoetan —justizia soziala lantzen dute— dihardu, eta, besteak beste, aholkularitza juridikoa ematen GIBdunen elkarteei bazterkeriaren kontrako neurrietan. Haren arabera, Espainiako legerian ez dago propio lege bat esaten duena GIBa gaixotasun «infekto-kutsakorra» denik. «Baina zerbitzu eta ondasun askotara iristeko, direla publiko edopribatu, baita hainbat eskubide egikaritzeko ere, jartzen du gaixotasun infekto-kutsakor bat izatea bazterkeriarako motibo izan daitekeela. Eta klausula askotan, hain justu, halako eritasun gisara hartzen da GIB birusa».

Horren eragina aski zabala da, eta sarri GIBdunen oinarrizko eskubideen urratzailea. «Eremu askotan atzematen da. Ekar dezake zaharren etxe batean sartu ezina; haur eskola batean, kirol instalazio batean. Baita ere, kanpora bidaia bat egitea dakarren beka bat eskuratu ezina, edo haurrak adoptatu eta harreran hartu ezina. Modu are agerikoago eta nabarmenagoan ageri da funtzio publikoko hainbat lanpostutara heltzeko garaian», azaldu du Ramirezek.«Hortxe dago, esate baterako, ertzain izan ezina. Izan ere, horretarako ezarrita dagoen araudiak, era ematen du hainbat pertsona bazterrean uzteko; tartean daude eritasun infekto-kutsakorrak dituzten gaixoak, eta horien barruan sartzen dira GIBdunak. Antzeko bazterkeriak atzeman daitezke Bilbon, Donostian edo Gasteizen udaltzain izateko sarbide azterketetan ere». Aseguruen arloan-eta ere, ohikoak izan dira GIBdunak baztertzeko klausulak. Muga horien arrastoa hil ostera zabaltzen da zenbaitetan: Frantziako legeriak, esate baterako, hildako GIBdunei galarazten dizkie hil ostean gorpuei ehorzketa etxeetan egiten dizkieten hainbat arta. Berriki lortu da debeku hori kentzea; 2018 hasieratik erretiraraziko da.

Autonomia erkidegoetatik

Bada kontu bat aski deigarria; bazterketa dakarten araudi horiek guztiek, Espainiako legerian, 1945. urteko lege batean dute iturburua. Eritasun infekziosoen kontrako lege bat da, GIBa sortu baino hamarkada batzuk lehenagokoa. Horren arabera, tankera horretako eritasunak «derrigorrean jakinarazi» behar dira; horrez gain, 2015ean badago Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren arau bat, GIBa propio gaixotasun horien barruan sartzen duena. Horrek katramilatzen du guztiz egoera juridikoa. Konponbide gisara, Euskalsidako ordezkariei iruditzen zaie autonomia erkidegoek badutela zeregina —«legeak bultzatzeko aukera dute»—, eta horregatik eraman dute eskea Eusko Legebiltzarrera.

Bidea urratzeko, bada nora begiratua. Nafarroako Parlamentutik heldu zen gaiarekin lotutako lege proposamen bat Espainiako Kongresura;eskatu zuen baliogabetzeko kontsumitzaileak defendatzeko legetik GIBdunen bazterkeria dakarten klausula guztiak. Apirilean onartuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.