Bertsoak, dantzak, umore emanaldiak, olerkiak, musika... Oharkabean, gaur eguerdian Iruñeko Epaitegi aurreko plazatik igaro den oro harrituko zen ordu erdiko kultur ekitaldi bat aditzean euskaraz. Bazuen zergatia. Adierazpen bat irakurri ordez, hainbat kultur eragilek ongiena egiten dakitenarekin babestu nahi izan dute azaroaren 4rako Kontseiluak Bilbon deitutako manifestazioa.
Azkenaldian Hego Euskal Herriko epaitegietan euskararen aurka ebatzi diren epaiei aurre egiteko deia egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Bilbon azaroaren 4an egingo den manifestazioarekin bat egin dute eragileek gaur eguerdian. Bakoitzaren saioa amaitutakoan, labur, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak gogora ekarri du euskaldunen hizkuntz eskubideen eta pluraltasunaren aurkako oldarraldi bat dela: «Kezkagarria da euskararekin gertatzen ari dena. Olatu erreakzionario baten parte da, eta orokorrean gu denon bizitzen kontra doa».
Eskisabelek nabarmendu duenez, eragile bakoitzaren saioek «bizitza» izan dute ardatz, euskaraz bizitzeko eskubidea auzitan jarri baita. Azken saioan, Sustrai Colinak idatzitako bertsoen gainean sokadantza bat interpretatu dute Duguna dantza taldekoek. Hala, oldarraldiari aurre egiteko, Eskisabelek proposatu du antzeko sokadantza bat eratzea: «Sokadantza hori izan dadila zubi bat ez etorkizun batera, baizik eta bihar oparo batera».
"Ia guriak egin du" doinu herrikoiaren gainean, Xenpelarren bertsoak aldatuz letra propioa landu du Sustrai Colinak eta hura interpretatu dute Dugunakoek. Biolina jo du Arkaitz Minerrek pic.twitter.com/KhcH0ssp0I
— Joxerra Senar (@joxerrasenar) October 13, 2023
Saioak ordu erdi inguru iraun du, eta hasi eta buka Duguna-ko dantzariek hasi dute. Ondoren, Patxo Telletxea eta Mikel Martinezek bere umore ukitu propioa eman diote. Bi aldiz atera dira, eta bietan barre algarak eragin dituzte. Bereziki nabarmentzekoa da nola Telletxeak euskaraz trakets egiten duen euskal politikari bati egindako elkarrizketaren parodia. Martinezek abizenak esanez ihardesten zion elkarrizketako itaun bakoitzari.
Horrez gain, Olaia Inziarte eta Ibil Bedi-k kanta bana abestu dute. Jose Luis Otamendik 2015ean idatziriko Hautua poema errezitatu du. «Aspaldiko testua da. Euskaraz bizi nahi dutkanpainaren barruan eskatu zidaten, eta handik abiatu eta testu honetara iritsi nintzen. Nik uste dut hizkuntza hautu libre bezala defenditu behar dela, baina, hautatzeko, komunitate batera dei egiten duenez, nahitaezkoa da komunitate bat izatea. Bakarrean ez gara ezer, ia ezer», azaldu du.
Ibil bedi-k kanta bat abestu du eta Jose Luis Otamendik 2015ean konposatutako "Hautua" poema irakurri du pic.twitter.com/FQWqjACdP0
— Joxerra Senar (@joxerrasenar) October 13, 2023
Sustrai Colinak pare bat bertso abestu ditu, eta arestian aipatutako sokadantzarekin amaitu da saioa. Amaieran, bertaratutako kultur eragileek argazki bateratu bat atera dute, Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskara bat leloa zuten kartelei eutsiz.