Soslaia. Jean-Louis Larre, 'Popo'
Kulturatik politikara
Euskaldun izatearen kontzientzia kulturaren bidez deskubritu zuten horietarikoa da Popo Larre. Euskarak ezertarako balio ez zuela entzun zuten belaunaldikoen semea zen. Berak, ordea, bazekien euskara eta Euskal Herria bere nortasunaren parte zirela. «Enbata zikina» edota «bizardun zikina» irainei kasurik egin gabe, laster murgildu zen euskalgintzan eta abertzaletasunean. Energiaz beterik, kulturgintzan zebilen buru-belarri. 1983ko uda horretan Xirrixti Mirrixti antzerki taldean ikusi izana gogoan dute oraindik anitzek. Arrola dantza taldean eta errugbi talde batean ere bazen. «Euskal Herriko barnealdeko kulturan arras sartua zen, baina aldi berean rock&roll zen. (...) Jende gisa eta artistikoki, biziki trebea zen», azaldu du Gabi Mouesca haren adiskide handiak. Anekdota gisa, gogoan du, klandestinitate garaian Euskal Herritik kanpo zirela, nola egun batez ondoan zituzten frantses erretretadunei hamar minutu barne irri eginarazi zien. «Surrealista iruditzen zitzaidan klandestinitatean zegoen pertsona bat bera baino anitzez zaharragoak ziren jendeei segundo batzuez irri eginarazteko gai izatea». 1983ko uztailean hartu zuen sasirako bidea. «Iparraldean itzuli-mitzuli genbiltzala ikusten zuten jende horietariko bat zelako» erabaki zuen IKn engaiatzea, Mouescak azaldu duenez. «Ez zen pistolari bat, ez zen gerlari bat. Ez zen bortitza», gehitu du. Bizia maite zuen mutil alaia eta umoretsua zela diote haren lagun guztiek. «Noiznahi irriarazten gintuen» oharra dute batek baino gehiagok ateratzen, Larre nolakoa zen galdetzen zaielarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu