Gustura aritu da bere alderdiaren sortzaileari buruz. Hitz onak besterik ez du, eta gaur arte iraun duen legatuaren balioa goratu du. Halere, ez du Sabino Arana egungo politikan sartuta irudikatzen; euskararen eta kulturaren alorrean arituko litzatekeela uste du.
Zer geratzen da egun Aranak egindako ekarpenetatik?
Gaurko gizartean oso errotuta dagoen nazio kontzientzia berari zor diogu. Baita egun oso zabalduta dauden ikur asko ere: ikurrina, ereserkia, Euskadi izena, euskal izendegia, EAJ, aberri eguna... Gaur egun, horiek herriaren ezaugarriak dira. Ikurrina ez da alderdiarena. Ez da, dagoeneko, Sabinorena berarena ere. Herriarena da. Ni ez naiz oso sinbolo zalea, baina uste dut gurearen moduko herri batean oraindik badutela garrantzia, batzeko ikurrak direlako. Oraindik, identitate nazionala kanpotik onartuta ez daukan gizarte batek ikurrina bezalako ikur bat eta Euskadi bezalako hitzak barneratuta izateak batasun bat sortzen du jendearengan, eta uste dut garrantzitsua dela.
Bada ikurrina eta Euzkadi izendapena atzerapausotzat jotzen duenik. Aurrez Euskal Herria Nafarroako ikurrak ordezkatzen zuela diote, eta, Euzkadi asmatu aurretik, Euskal Herria izendapena bazela. Zer diozu?
Uste dut gaindituta dagoela eztabaida hori. Dagoeneko, edozein nafarrek eta Iparraldeko edozeinek beretzat dauka ikurrina, eta munduan gure nazioaren ikur moduan onartzen da. Izenaren inguruan, egia da Euskal Herria existitzen zela, baina ez zen kontzeptu politiko bat, soziologikoa baizik. Euzkadi izena kontzeptu politiko gisara sortu zuen, kontzientzia nazionala sortzeko, zerbaiten inguruan batzeko. Euskal Herria abertzale ez zirenek ere erabiltzen zuten, bakoitzak bere kontzepzioarekin. Ikur horiek kontzientzia zabaltzen lagundu zuten, oso garai zailetan: gerra eta diktadura garaietan zein garrantzia izan zuten ikusi besterik ez dago. Lotura izan da askorentzat.
Bidean galdu edo itzali den arloren bat berreskuratu behar litzatekeela uste duzu?
Guk Euskotarren aberria Euskadi da ideiari eusten diogu, eta horregatik uste dugu gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea behar dugula. Sabinoren ideia nagusia oso gaurkoa dela uste dut, egun herri honek dituen ardura nagusietako bat delako.
Euskal estatu baten beharra plazaratu zuen duela ehun urte baino gehiago. Zerk egin du huts?
Ez da hutsa. Gertatzen dena da historia historia dela. 120 urte pasatu dira, baina Euskadik 40 urte luzeko diktadura bat izan du, gerra oso luze baten ostean. Eta ez hori bakarrik; uste dut beste gauza batek ere atzeratu duela gure aldarrikapena: ETAren presentziak. Horrek ere luzatu egin du bide bat. Uste dut aurrerapauso bat eman ahal izango genukeela ez bagenitu izan diktaduraren 40 urte eta ETAren beste 40.
Estatua lortzeko bidea berreskuratzeko unea da, beraz?
Guk ez dugu sekula bide hori utzi; guretzat goiburu da. Gainera, uste dut azken urteetako mugimendu politikoa eta soziala bide horretan doazela. Horregatik diot oso gaurkoa dela Sabinoren ekarpen hori. Gizartean oso zabalduta ikusten dut. Gustatuko litzaidakeena da abertzale ez direnengana ere zabaltzea. Izan ere,euskal nortasun baten alde egitea da; ez da inoren aurka egitea. Hori, adibidez, Katalunian errotzen ari da, eta guk ere egin dezakegu hemen.
Hitzez aldarrikatzen den hori gauzatu ahal izateko, estrategia aldaketa bat edo beste urrats bat egin behar litzateke?
Posible izan zenean hasi ziren pauso batzuk ematen. Diktaduraren ostean, lehen atea zabaldu zenean, estatutu bat lortu genuen. Hori oso urrun dago gure aldarrikapen nagusitik, baina oso pauso garrantzitsua da. Orain, beste fase batean gaude. Egoera politikoa desberdina da; diktadura eta ETAren indarkeria utzi ziren, eta uste dut horrek ere badaukala bere garrantzia elkarbizitzarako egiten den ahaleginean. Beharbada, orain da unea pausoak emateko. Eta, alde horretatik, uste dut legebiltzarrean dagoen autogobernuaren inguruko lantaldea oso bide onean doala. Ez du ematen gauza arina izango denik, baina beste pauso garrantzitsu bat izan daiteke, estatus politiko berri baten bidean, eta estatus politiko berri batek esan nahi du, era berean, Euskotarren aberria euskadi da aldarria berriro gure goiburuan jartzen dugula.
Nola irudikatzen duzu Sabino Arana egun biziko balitz? Zertan arituko litzatekeela uste duzu?
Egia esan, gehiago imajinatzen dut kultura inguruan mugitzen gaur egungo politikan baino. Egia da berak politikarako grina handia zuela, ardura handia zuela, baina uste dut bere benetako pasioa kultura zela, euskara bereziki, eta kultura orokorrean. Gaur egun, gehiago ikusiko nuke alor horretan lanean, EBBko presidente baino, esate baterako. Kulturan jardungo lukeela uste dut; ez EBBn.
Sabino Aranak 150 urte. EAJ. Itxaso Atutxa. EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentea
«Kulturan jardungo luke Aranak egun; ez EBBn»
Euskal estatua aldarrikatu izana aipatu du Aranaren ekarpen handien artean. EAJk bide hori ez duela sekula alboratu dio, baina beste urrats bat egiteko unea izan litekeela. Estatus berrian kokatzen du pauso hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu