Hezkuntza legea. Kultur transmisioa

Kultura hezkuntzan, ikuspegi anitzetatik

Euskal kultura osatzen duten hainbat eragile eta norbanako atxiki zaizkio egitasmoari, eta, bakoitza bere ikuspuntutik, ekarpenak egiten dabiltza kultura hezkuntzako txoko guztietara hedatzeko.

jone arruabarrena
Donostia
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun

Irakasleak, sortzaileak, zenbait eragileren bozeramaileak... euskal kulturaren ekosistema osatzen duten zenbait arlotako pertsonak batu ziren atzo Donostian, eta bakoitzak bere ikuspuntutik egin dio ekarpena ekinaldiari. Guztiek azpimarratu dute zer garrantzitsua den kultura hezkuntzan txertatzea, eta kezka agertu dute gaur egungo egoeraren eta hezkuntza itun berriaren gainean.

Ikusi gehiago: Euskarazko kulturaren transmisioa hezkuntza legean bermatzeko eskean

OLATZ OSA Elkar argitaletxeko zuzendaria
«Hezkuntza legeari ekarpen ugari egiteko ahalmena dugu»

Osak azaldu duenez, 2016. urtean hasi ziren gaiaren inguruan hausnartzen, Jalgi Euskal Kulturaren Plaza Ibiltariak antolatutako dinamika batean. Bertan, kulturgintzaren inguruan eztabaidatu zuten hainbat eragilek, eta zenbait ondorio atera zituzten: «Puntu garrantzitsuenetako bat kultur sormen transmisioari buruzkoa zen, hainbat esparrutan, ez hezkuntza arautuan bakarrik». Kezka horietatik abiatuta antolatu zituzten jardunaldiak 2019. urtean, Azpeitian. «Geroztik, lantalde batek ere jarraitu du lanean hori edukiz betetzen. Eta horretan ari ginela gurutzatu zen hezkuntza ituna».

Itun horren zirriborroak aztertu zituen lantaldeak, eta ebatzi zuen bazeukatela legeari ekarpenak egiteko gaitasuna: «Ekarpen ugari daukagu egiteko. Esperientzia positibo asko daude Euskal Herrian. Horiek identifikatuak ditugu, eta kultur transmisioa nola egin beharko litzatekeen proposatzeko ardatz batzuk jasoak ditugu».

DANI FANO Komikigilea
«'Xabiroi' aldizkariari dagokionez, atxikimendu falta bat nabaritzen da»

«Horrelako ekimen bat guztiz beharrezkoa da; agerikoa da kulturaren transmisioan sekulako gabeziak daudela Euskal Herrian». Kezka horretatik abiatuta erabaki zuen Dani Fano komikigileak egitasmoan parte hartzea.

Xabiroi komikia plazaratzeaz arduratzen da, eta aipatutako gabezia horiek ere ikusten ditu eguneroko lanean: «Xabiroi ikastoletan banatzen den aldizkari bat da, eta euskal kulturarekiko atxikimendu falta nabarmen bat nabaritzen dugu hor. Ikasleengan, baina baita irakasleengan ere askotan».

Azaldu du sortzaileak direla, hein handi batean, egoera horren lehen kaltetuak: «Kontzertu bat egitera joaten zarenean eta ez dagoenean jende nahikorik, edo bazterreko bezala programatzen zaituztenean, adibidez». Hala ere, adierazi du ekinaldi hau egokia dela sortzaileek beren ikuspuntua txertatzeko.

IRATXE RETOLAZA Literatur ikerlaria eta EHUko irakaslea
«Matematikan erabil dezakegu bertsolaritza, ariketak egiteko»

Retolazak gogorarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza legeak orain ere ezartzen duela nahitaezkoa dela kultura irakasgai guztietan zeharlerro izatea, baina erantsi du ez dela baliabiderik jarri arau hori betetzeko. Hori garatzeko zenbait proposamen ere egin ditu: «Adibidez, matematiketan bertsolaritza erabili dezakegu matematikako ariketak egiteko, eta bide batez bertsolaritza zer den kontatu. Edo kultur datuak erabili ditzakezu estatistika lantzeko». Horrez gain, beste hainbat irakasgaitan erreferenteak txertatzeko orduan, euskal kulturara jotzea proposatu du, eta azaldu du teknologia eta teknika berriak ere baliagarriak izan daitezkeela kultura txertatzeko, alfabetatze multimodala eta digitala, esaterako: «Baina, horretarako, irakasleek baliabideak behar dituzte».

GOTZON BARANDIARANIdazlea
«Euskarazko kulturgintza transmititu beharrak argi azaldu behar du legean»

«Guk argi duguna da lege horretan idatzita egon behar duela honek: 'Euskarazko kulturgintza transmitituko da'. Hori horrela jarri behar du». Helburu argia dauka egitasmoak, Barandiaranen hitzetan; baina baita erronka handia ere: «Nola egin hori? Horretan gabiltza, nola horri erantzuna bilatzen». Azaldu duenez, orain eragile eta norbanako gehiagoren atxikimendua jaso nahi dute, baina, era berean, proposamenak jasotzen eta eztabaidatzen ere jarraituko dute. «Eragile politikoekin eta hezkuntza komunitatekoekin harremanak garatu eta ahalik eta adostasun zabalena jaso nahi dugu», adierazi du. Horrez gain, kulturgileen artean saretzen jarraitzea eta kultura hezkuntzan txertatzeko modua aurkitzea izango dute xede.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.