Onix Carla Cerda Gonzalez. Maitelaneko kooperatibista

«Kultura bihurtu da guk lan hau egitea»

Amher elkarteko emakume taldean hazia erein, eta Iturola gunean loratzen hasi da Maitelan kooperatiba. Sei lagun dira taldean; andreak eta migranteak. Zaintza lanen gaineko ikuspegi berri bat dute jomugan.

JON URBE / FOKU.
Maider Galardi
Hernani
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Laster beteko dira hiru urte Onix Carla Cerda Gonzalez (1981, Somoto, Nikaragua) Euskal Herrira etorri zela. Etxe barruko zaintza lanetan aritu da, baldintza eskasetan eta bere egoera erregulatu ezinda. Orain, Maitelan sortu dute, zaintza lanen gaineko gogoeta egin eta beren egoera administratiboa bideratzeko asmoz.

Maitelan kooperatiba «zaintzen ardura soziala kolektibizatzeko tresna» gisa definitu duzue, baina zertan da zehazki proiektua?

Maitelanek zera esan nahi du: «Maitasunez egindako lana». Tresna bat da, zaintza lanetan kolektiboki jarduteko. Horregatik daude bazkide langileak, bazkide erabiltzaileak eta bazkide kolaboratzaileak. Bakoitzak bere alea ipintzen du: bazkide erabiltzaileek aukera dute gure zerbitzua kontratatzeko, baina, horretaz gain, gure lan egiteko modua ere gertutik segitu dezakete: beren senideek zer-nolako zaintza jasoko duten, esaterako. Era berean, zaintza lanek zein balio duten ezagutzeko aukera izango dute. Badakizu, zaintza lanek prestigio gutxi dute. Zaintza lanak benetan zer diren kontzientziatzeko modu bat da kooperatibista erabiltzaileena. Lanean, berriz, sei bazkide langile gaude; horietako lau erregulatuta dauden bazkide formalak dira. Beste bi ez daude formalizatuta.

Horrek agerian uzten du langileen errealitatea zein den: askotan paperik gabekoak, erregulatu gabeak, beste lan aukerarik gabekoak…

Hori da egoera, bai. Oso gogorra da. Atzerritarren egoera legezko bihurtu ahal izateko, hiru urtez egon behar duzu bizitoki berean, eta, ondoren, lan kontratu bat behar duzu. Errealitatea da kontratu hori ez baduzu ezin duzula zure egoera legeztatu, eta, alderantziz, arautu gabe, zaila da lana topatzea. Aurrera egiten uzten ez dizun espiral bat da. Horregatik, Maitelanen helburuetako bat da lan kontratu bat topatzen ez duten horiek gurean lan egin ahal izatea.

Izan ere, atzerritik datozen emakumeentzako aterabide bakarrenetariko bat izaten da zaintza lanetan aritzea, eta lan horiek, gehienetan, ez daude erregulatuta, ezta?

Hala da. Ezkutuko ekonomiaren parte gara, bertan gaude langile informalak. Ez da gure errua, baina ez dugu beste irtenbiderik. Alegia: lanean ari gara ezkutuan, baina, era berean, gure lana ezinbestekoa da. Ondorioz, jasotzen dugun lansaria gure lan indarra baina askoz txikiagoa da. Batzuetan, kontratua egiteko eskatzen diegu familiei, eta ez digute egiten. Ez dira ari mesedea egiten, legez hala behar luke.

Zuk zeuk esan duzu: ezinbesteko lanak dira, baina erabat prekarizatuta daude. Pandemian ikusgaitasuna lortu zuten zaintza lanek, baina berdin segitzendute zuen lan baldintzek, ala?

Nahiko genuke lan hauek ikusgaiagoak eta baloratuagoak izatea. Nahiko genuke Maitelan eredua izatea: atzerritik datozen horiek ikus dezaten zer egin dugun, esfortzu handiz. Kanpotik etorrita muga gehiago ditugu, zailtasun gehiago... Eta, halere, elkartu gara kanpotik etorritako sei andre gauzak aldatzeko.

Zein dira aldaketa horiek?

Bizi kalitatea eta kontziliazioa irabazteko sortu dugu Maitelan. Ez soilik langile garen bazkideontzat, baita kooperatiba honen parte diren guztientzat ere. Etxe partikular batean lan egitea diferentea da. Oro har, halako etxeetan lan egiten dugun emakumeok ez dugu beste aukerarik, eta, behin paperak lortuta, beste erregimen batean sartzen zara. Txartel horrekin beste eskubide batzuekin sentitzen zara. Esaten duzu: «Herritar txartela daukat. Jada ez naiz edozein, ez nazazu neskame baten gisan tratatu».

Gogorra da diozuna. Azken finean paperak edukitzeak modua ematen dizu oinarrizko tratu ona eskatzeko eta lan baldintza duinak exijitzeko?

Pentsa ezazu hiru urtez umiliatzen zaituztela, zure izateari balioa kentzen diotela... Gure artean bildu ditugu bizi izan ditugun gertaerak. Entzun behar izan ditugu halako esaldi asko: «Gehiegi dutxatzen zara», «asko jaten duzu», oso latza da. Jendeak ez du sinetsiko, baina horrelako gauzak esaten dizkigute: «Nirekin oheratu behar duzu...». Duintasuna kentzen dizute, eta horiek jasan behar dituzu, ez duzulako besterik. Gizartean dago txertatuta etxeetako zaintzaileak kontratatzen dituztenek boterea dutela, eta gu esklaboak garela. Ez ditugu eskuburdinak janzten, baina berdin da: esklabotza mota bat jasaten dugu.

Eta, gainera, zuen familia ere zaindu behar duzue...

Nik, esate baterako, bi alaba ditut; batek 6 urte ditu, eta besteak, 16. Uztartu behar ditut, jakina, nire alaben zaintza eta nire lana, baina nola kontziliatzen duzu zure etxean lo egiten ez duzunean? Eta ez bazara zure lanetik gertu bizi? Gero kritikatzen dituzte beren seme-alabak jatorrizko herrialdean uzten dituzten emakumeak. Baina askotan okerragoa da hona ekarri eta ezin zaintzea.

Ez da kasualitatea lan feminizatu horietan baldintza kaskarrak izatea: emakumeak zarete gehienak, soldata baxuak dira...

Eta atzerritarrak gara, gainera.

Zein da horren gainean egiten duzuen gogoeta?

Kultura bat bihurtu da hau, eta Maitelanen hori aldatu nahi dugu. Are gehiago, ez da soilik emakumeentzako kooperatiba bat. Ez ditugu gizonak lan hauetatik baztertu nahi, eta, jakina, ez dugu nahi gu baztertzea eremu batzuetatik. Kulturala da emakumeok lan hauek egitea, baina ez soilik enpleguaren esparruan. Etxean andreak dira zaintza lanak egiten dituztenak. Nahiz eta etxetik kanpo ere lan egin. Eta, jakina, hori aldatu nahi dugu. Badakigu zaila dela karga hau arintzea, baina hezkuntza kontua da gauzak aldatzen hastea, eta txipa aldatzea.

Baina, bien bitartean, zuen egoera ez da xamurra...

Beti ditugu eskuak lotuta. Badaude aholkua ematen dizuten elkarteak. Esaten dizute: «Zure aukera da lan honekin ez segitzea». Baina, jakina, besterik ez baduzu, oso zaila da egoera txarrenari ere uko egitea. Paperik ez izanda ere, erreklamatu daitezke eskubide urraketak, baina inon ez dizute bermatzen beste lan bat izan dezakezula, ezta beste inon bizi zaitezkeenik ere. Horregatik erabiltzen dira hainbeste etxe barruko langileak: ez dugunez nora joan, badirudi edozer egin daitekeela gurekin. Janariarekin gertatzen da, esaterako: zergatik ikusi behar ditugu aurpegi txarrak etxe horietan zerbait jaten dugunean? Sentimendu txar pila bat eragiten dizkizu.

Egoera aldatzeko asmoz, Maitelan sortu duzue: proposamen feminista bat.

Noski. Amher elkarteko emakumeen taldetik sortu da proiektu hau. Sei emakume gara; gizonezko lankideentzat ere irekia dago Maitelan, guztion arteko erantzukizuna delako, baina gaur-gaurkoz sei emakume gara, eta zaintza lanen ikusgaitasunaren alde lan egiten dugu. Nahi dugu gure lan baldintzak duinak izatea eta, atzerriko jatorria izan arren, are zapalduago ez egotea. Beraz, bai, feminista da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.