Kultur eragileek babesa adierazi diote azaroaren 4ko manifestazioari

Kontseiluak egindako deialdiarekin bat egin dute Olaia Inziarte abeslariak, Ibil Bedi musika taldeak, Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzezleek, Duguna-ko dantzariek eta Jose Luis Otamendi idazleak

Mikel Martinez eta Patxo Telleria, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Bertsoak, dantzak, umore emanaldiak, olerkiak, musika... Oharkabean, atzo eguerdian Iruñeko Epaitegi aurreko plazatik igaro zen oro harrituko zen ordu erdiko kultur ekitaldi bat aditzean euskaraz. Bazuen zergatia. Komunikatu bat irakurri ordez, hainbat kultur eragilek ongiena egiten dakitenarekin babestu nahi izan zuten azaroaren 4rako Kontseiluak Bilbon deitutako manifestazioa.

Halaxe, auzitegi aurreko plazan egindako agerraldi berezian, Sustrai Colinak bertsoak kantatu zituen, Ibil Bedi taldeak eta Olaia Inziartek kanta bana abestu zuten, Jose Luis Otamendik poema bat errezitatu zuen, Patxo Telleria eta Mikel Martinezek bere umore ukitua eman zioten agerraldiari... Hasi eta buka, Iruñeko Duguna-ko dantzariek itxi zuten zirkulua.

«Olatu erreakzionario bat»

Ez zen kasualitatez aukeratu tokia. Azkenaldian Hego Euskal Herriko epaitegietan euskararen aurka ebatzi diren epaien aurkakoa izango da azaroaren 4ko manifestazioa. Eragile bakoitzak harekin bat egin zuen eta saioa amaitutakoan, labur, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak gogora ekarri zuen euskaldunen hizkuntz eskubideen eta pluraltasunaren aurkako oldarraldi bat dela: «Kezkagarria da euskararekin gertatzen ari dena. Olatu erreakzionario baten parte da, eta orokorrean gu denon bizitzen kontra doa».

Eskisabelek nabarmendu zuenez, eragile bakoitzaren saioek «bizitza» izan dute ardatz, euskaraz bizitzeko eskubidea auzitan jarri baita. Azken saioan, sokadantza bat interpretatu zuten Duguna dantza taldekoek. Hala, oldarraldiari aurre egiteko, Eskisabelek proposatu zuen antzeko sokadantza erraldoi bat eratzea: «Sokadantza hori izan dadila zubi bat, ez etorkizun batera, baizik eta bihar oparo batera».

Duguna-koek osatutako sokadantzaren hitzak Sustrai Colinak osatu zituen, Ia guriak egin du doinu herrikoiaren gainean Xenpelarren bertso batzuk oinarri harturik, eta «haiekin jolastuz». Colinaren arabera, «tristea da oraindik hain gauza oinarrizkoak aldarrikatzen eta eskatzen ibili beharra. Era berean, ea oldarraldi horrek balio duen azkenaldian itzali samar zegoen aldarrikapen baten inguruan berriz biltzeko, herri gisa aldarrikapen horren inguruan jendea mugitzeko eta euskara berriz bai agenda politikoaren bai eta kultur agenda, agenda soziala eta egunerokoaren ardatzean jartzeko».

Aurretik, Colinak berak pare bat bertso kantatu zituen eta ideia berari heldu zion: lehen bertsoan, abestu zuen ibaiek gainezka egiten dutenean bazterrak garbitzen ibili behar izaten den bezala,kultura librea sortzen nahiko lan legokeela «hizkuntza preso hartzen badute». Bigarren bertsoan berriz honako hau kantatu zuen:«Kultura da giharra, hizkuntza azala/ nirekin datoz noan tokira noala/ lana eta gero biek zerbait hartu ahala/ justizi linguistiko eta kulturala/ zer da baldin ez bada justizia soziala?».

Otamendiren olerkia

Halaber, Jose Luis Otamendi idazleak duela zortzi urte sortutako poema bat irakurri zuen, Hautua izenburukoa. «Aspaldiko testua da. Euskaraz bizi nahi dut kanpainaren barruan eskatu zidaten, eta handik abiatu eta testu honetara iritsi nintzen. Nik uste dut hizkuntza hautu libre bezala defenditu behar dela, baina, hautatzeko, komunitate batera dei egiten duenez, nahitaezkoa da komunitate bat izatea. Bakarrean ez gara ezer, ia ezer», azaldu zuen.

Agerraldiak ordu erdi inguru iraun zuen. Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek bere umore ukitu propioa eman zioten. Bi aldiz atera ziren mikrofono aurrera, eta bietan barre algarak entzun ziren plazan, aldez alde. Bereziki nabarmentzekoa izan zen nola euskaraz trakets egiten duen euskal politikari bati egindako elkarrizketaren parodia. Martinezek abizenak ahoskatuz ihardesten zion Telleria kazetariaren itaun bakoitzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.