Indarkeria matxista

Kultur ekitaldietan eraso matxistak eragozteko gida aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek

Gidaren helburua emakumezkoentzat arriskutsuak diren guneak identifikatu eta aurre egitea da. Euskal Encounter izango da protokolo gidan oinarrituko duen lehen ekitaldia.

Izaskun Landaida, Amaia del Campo, Beatriz Artozabal eta Sabino San Vicente gaur, gidaren aurkezpenean, Barakaldoko BECen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko uztailaren 14a
14:56
Entzun

Emakumeen aurkako eraso matxistarik gabeko kultur gune baterantz. Hausnartzeko eta jarduteko gida aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak gaur, Emakunderen bitartez. Barakaldoko BECen izan da aurkezpena. Gidan, ohar orokorrak bildu dituzte kultura ekitaldi bakoitzak bere ezaugarrietara egokitu ditzan. Kultura ekitaldi jendetsuetan emakumeentzako arriskutsuak izaten diren guneak identifikatzen ditu. Emakundek, eraso sexistei aurre egiteko, gomendatzen du prebentzio eta jarduera protokoloak egitea, prebentzio neurriak hartzea eta, erasoren bat gertatuz gero, arreta eta erantzuna ematea. Gaineratu du garrantzitsua dela ekitaldien arduradunak gaian heztea.

Beatriz Artozabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, gidaren helburu nagusia zera dela, emakumeen aurkako indarkeria «ez normalizatzea edo banalizatzea» aisialdi eremuetan. Gomendioz osatutako gida horrri esker, edozein ekitaldi antolatzen hasten denetik antolatzaileek gogoan izan beharko dute «elkarrekiko errespetua eta guztien eskubideak bermatzeko» espazioak osatu behar direla.

Gidaren zirriborroa kultur arloko hamalau erakunderi aurkeztu zitzaiela azaldu du sailburuak. Hamalauek «beharrezkotzat» jo dute gida, guztietan erasorik egon ez den arren. Era berean, maiatzean beste gida bat aurkeztu zuten aldundiek eta Eudelek, jaietan indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak bultzatzeko.

Barakaldoko alkate Amaia del Campok, berriz, udalak abian jarri dituen prebentzio kanpainak azaldu ditu ekitaldian, hala nola jaietan lan egiten duten pertsona eta sektoreei prestakuntza ematea indarkeria matxistaren ezaugarriak ezagutzeko, eta edalontzien estalkiak erabiltzea sumisio kimikoa eragozteko.

Aurrenekoa, Euskal Encounter

Gidaren aurkezpena Barakaldoko BECen izateak badu arrazoi bat. Izan ere, bertan egingo da Euskal Encounter, uztailaren 22tik 25era. Informatika ardatz duen topaketa izango da lehenengo ekitaldia bere protokoloa Emakunderen gomendio berri horietan oinarrituko duena. Urtero milaka zale biltzen dituen ekitaldi horrek gaur aurkeztu du eraso sexisten aurkako protokoloa.

Protokoloaren helburu nagusia inklusiboa izatea eta indarkeria matxistarik gabeko eremu baten alde egitea da, Sabino San Vicente Euskal Encounterren antolatzailearen arabera. Parte hartzaileen konpromisoa «bai espazio presentzialetan, bai birtualetan» jazarpenik ez egoteko «bermea» dela dio San Vicentek. Espazio birtualean jarri du arreta Encounterren antolatzaileak: «Online espazio bat izanik, funtsezkoa da ziberjazarpena antzeman eta haren aurka jardutea».

Euskal Encounterren puntu morea egongo dela jakinarazi du San Vicentek: birtuala eta aurrez aurrekoa. Horretaz gainera, informatikaren esparruan ere berdintasunean aurrera egin behar dela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.