Kultur aniztasunaz adostasunak lortzen saiatuko da EH 11 Kolore

Hausnarketa gizartera zabaldu nahi dute, bizikidetzan sortutako arazoak «denon artean» konpontze aldera

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Kultur aniztasunaren kudeaketari buruzko akordio orokor batzuk erdiesteko egitasmoa abian jarri du EH 11 Kolore taldeak, Euskal Herria Anitzarentzat Adostasunak izenburupean. Auzi horren inguruan azken urteetan esparru akademikoan eta erakunde batzuetan garatzen ari den gogoeta ahalik eta eragile gehienengana zabaldu eta indartu nahi dute, eta prozesuan, «aniztasunaren kudeaketa demokratikoaren euskal eredua» xedatu. Bilbon aurkeztu zuten proiektua atzo. 2015ean argitaratuko dituzte hausnarketaren emaitzak.

«Gai konplexua da», aitortu du Xabier Mendiguren EH 11 Koloreko bozeramaileak, «baina premia dago». Jatorri eta esperientzia desberdinetako pertsonak elkarrekin bizi direnean arazoak sortzen direla onartu du: «Etorkizuna elkarrekin eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da elkar ezagutzea, entzutea, eta adostasunak lortzea». Argitu du aniztasunak «aberastasuna» dakarrela, baina gai eta ikuspegi gatazkatsu batzuk «sakon» jorratu beharko dituztela, «ulertzeko, partekatzeko eta akordioak erdiesteko».

Lau eremutan saiatuko dira adostasun horiek lortzen: jatorri aniztasuna eta lan eskubideak; euskara eta hizkuntz aniztasuna; erlijio aniztasuna eta laikotasuna; eta hiritartasuna eta naziotasuna. Genero aldagaia, berriz, zeharka landuko dute. Mendigurenek zehaztu du Euskal Herri osoa izango dutela aztergai: «Eta euskara izango da denen arteko lotura, eraiki nahi dugun Euskal Herri horretan giltzarri: euskarak eta euskal kulturak zentralitatea eduki behar dutela uste dugu».

Zazpi adituko taldea

Zazpi adituk landuko dituzte esparruok: Angel Miragaya abokatu eta SOS Arrazakeriako kideak, Xabier Barber ESK sindikatuko kideak, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Xabier Mendiguren Euskararen Kontseiluko lehendakari ohiak, Hithem Abdulhaleem psikologo eta islamiar pentsamenduaren ikertzaileak, Andrea Ruiz Balzola Deustuko Unibertsitateko antropologo eta migrazioen ikertzaileak, eta Irma Orozko Eskubideak elkarteko kide eta abokatuak.

Ekainerako prest izango dute eremu bakoitzari buruzko txostenaren zirriborroa. Udan zehar helaraziko diete dokumentazioa eragileei —sindikatuei, euskalgintzari, erlijio komunitateei, eskubide zibil, politiko eta sozialen defentsan diharduten taldeei...—, eztabaidarako bideak abiatu eta adostasunak lortzeko. Urte amaieran edo datorren urte hasieran aurreikusten dute lehen ondorioak gizarte osoari zabaltzea eta ekarpenak jasotzea.

Mendigurenek erantsi du erakunde publikoentzat ere baliagarriak izan daitezkeela adostasun horiek: «Badago politiketan eragiteko asmoa, bai udalenetan, kanpotik datozenei lehen harrera egiten dietelako, bai aldundi eta goragokoetan, baliabide asko banatzen dituztelako». Instituzioekiko harremana «etengabea» dela esan du, eta ondorioak helaraziko dizkietela berretsi: «Hala behar du etorkizuneko Euskal Herria denon artean eraiki behar dugula baldin badiogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.