Gaindegiak 2018an argitaratutako datuen arabera, Euskal Herrian bizi ziren hamar herritarretik hiru Euskal Herritik kanpo jaioak ziren. Euskal Herriko gizartea aldatzen ari dela ondorioztatu, eta egoera berria analizatzeari ekin zion Sortuk. Xabi Iraola Herrigintza arduradunaren hitzetan, «egungo migrazioek ezaugarri berriak dituzte; eta nahitaez erantzun berriak beharko dituzten galdera berriak dakartzate». Kultur aniztasuna Euskal Herria eraikitzeko aukera berri bat dela uste du Sortuk, «nazio proiektua aberastu eta zabalduko duelako».
Otsailean Durangon egin zuten Plaza Hutsak ekinaldiaren ostean ekin diote kultur aniztasuna jorratzeari. Goizean egin dute saioa, Donostian. Nabarmendu dute Euskal Herriak harrera herria izan behar duela, bazterkeria eta arrazakeria borrokatu behar direla, eta bertan bizi diren guztiek elkarrekin eraiki behar dutela Euskal Herria.
«Geure buruak berrikusi behar ditugu», ohar bidez adierazi dutenez. Iraolak azaldu du Sortuk begirada jakin batetik ekin diola gogoetari: «Mendebaldean dagoen eta estaturik ez duen nazio baten begirada izan behar dugu». Hain zuzen, hizkuntza eta kultura gutxituak dituen herri bat izanda, hori kulturartekotasunarekin zuzenean lotuta dagoela adierazi du, eta ardatzean euskarak egon behar duela uste du, «euskarak espazio eta posizio berriak irabazteko erronkaren barnean, aukera gisa».
Hizkuntzaren ardatzarekin batera lotu du Euskal Herria askatzeko prozesua ere: «Euskal Herrira etorri diren eta etorriko diren herritarrak askapen prozesura batzeko bideak aurkitu behar ditugu». Bide horri buruz gogoetatzen aritu dira Donostiako saioan.
Horretaz gain, beste hiru solasaldi ere egin dituzte. Dekolonialitateari buruz jardun dute Onintza Odriozola EHUko irakasleak, Floren Aoiz Iratzar fundazioko zuzendariak eta Amaia Zufia Bilgune Feministako kideak. Kulturartekotasuna jorratu du Arkaitz Fullaondo EHUko irakasleak. Eta esperientzia jakinei buruz jardun dute Joseba Gines EH Bilduko Aniztasunaren idazkaritzako arduradunak, Maialen Zuazo UEMAko teknikariak eta Eñaut Aramendi LABeko kideak.