Milaka pertsona bildu ziren atzo arratsaldean Bilboko kaleetan, bihartik aurrera Kukutza gaztetxearen auzian epaituko dituzten hemeretzi pertsonak aske utz ditzatela galdegiteko. Egon ginen, egongo gara. Kukutza defendatzeagatik zigorrik ez leloa zeraman pankarta nagusiak, eta Zea Mays eta Akerjenbe Sound Sistem taldeek girotu zuten Jesusen Bihotza plazatik udaletxerainoko ibilbidea, kamioi bozgorailudun batetik. Antolatzaileak okupazioaren alde mintzatu ziren ekitaldi amaierako manifestuan, eta bihar eta asteazkenean Bilboko epaitegi aurrean auzipetuei babesa agertzera deitu zuten. Izan zen eraiste arriskuan dagoen Donostiako Kortxoenea gaztetxea sostengatzeko eta husteko arriskuan dagoen OihuK gunearen aldeko aldarririk ere.
Asteon epaituko dituzten hemeretzi auzipetuak defendatzen izango den Iñaki Carro abokatuak inputatuek libre geratu behar luketela azaldu zuen atzo, eta epaitegian defentsarako duten argudio nagusia aurreratu zuen: «Ertzainen argitze-agirian ageri denez, istilu larrienak auzipetuak atxilotu eta hiru ordura gertatu ziren, baina Ertzaintzak dio auzipetu horiexek izan zirela liskar horietan aktiboenak». Desordena publikoa egozten diete inputatuei, eta 18 eta 30 hilabetera arteko espetxe zigorra eskatzen diete. Haietako biri, gainera, erresistentzia ere leporatzen diete. Abokatuaren esanetan, ordea, istiluak hasterako auzipetuak atxilotuta zeuden. «PNV-k bota zuen Kukutza» zioen pankarta erraldoia eskegi zuten bi gaztek udaletxeko atarian, manifestazio bukaeran.
Soka lepoan, baina «bizirik»
Donostian, orobat, herritar andana elkartu zen Gros auzoko Kortxoenea gaztetxea eraits ez dezatela exijitzeko. Erresistentziaz eta autogestioaz, Kortxoenea bizirik lelopean, aldarrikapenez jositako mobilizazio koloretsua osatu zuten, Ze Esatek taldeak girotuta. Gaur-gaurkoz Donostian 11.000 etxebizitza hutsik edukita, gaztetxea bota nahi izatea irmo txarretsi zuten protestan bildutakoek.
Hain justu, eraikina eta proiektua «egun batetik bestera eraits zitekeela» ikusteak larritu egin ditu euskal kulturgintzan diharduten dozenaka lagun, eta manifestu bat izenpetu dute, Kortxoeneak elkartu gaitu goiburupean. Orotara, 77 lagunek eman diote atxikimendua Kortxoeneari; tartean daude idazleak, musikariak, bertsolariak eta aktoreak. Gunearen aberastasuna goratu, eta haren iraupena berma dezala eskatu diote udalari. «Denon ongia sustatu du Kortxoeneak, abandonatua zegoen leku bat biziberrituz».
Kukutzatik Kortxoenera
Milaka pertsona elkartu ditu Kukutzaren auzian epaituko dituzten hemeretzi lagunen aldeko protestak Bilbon, eta Donostian jende andana bildu da Kortxoenea gaztetxearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu