Kukutzaren auziak amaitu dira

Bukatu dira Kukutzarekin lotutako auzibideak. Epaitutako 63 lagunetako bost baino ez dituzte zigortu; hiru adingabeak ziren gaztetxea hustu zutenean. Gainera, ertzain bat zigortu dute emakume bati eraso egiteagatik. Bost urteren ondoren, Kukutzaren orubeak hutsik jarraitzen du.

Gorka Tetua, Ane Miren H. Unda eta Iñaki Carro, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Duela bost urte eta erdi eraitsi zuten Errekaldeko (Bilbo) Kukutza gaztetxea, orubearen jabe zen Cabisa enpresak hala eskatuta, han etxebizitzak egiteko. 2011ko irailaren 23a zen. Bi egun lehenago, Ertzaintzak gaztetxea hustu zuen, barruan 48 lagun zeudela —erdiak, teilatuan—. Hiru egunez ibili ziren ertzainak auzoan, eta eztabaida handia piztu zen poliziek erabilitako indarkeriaren inguruan. Emaitza: 55 atxilotu, 63 auzipetu, eta ehundik gora zauritu. Bost urteren ondoren, auzibideak amaitu egin dira. Balorazio gazi-gozoa egin du Iñaki Carro Kukutzako abokatuak: «Gauza larrienak absolbitu dituzte, eta inor ez da espetxera joango, baina badaude zigor batzuk».

Zazpi prozedura izan dira. Epaitu guztietatik, gaztetxeko teilatuan atxilotutako gazte bati 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, eta mobilizazioengatik auzipetutako beste bati, lau hilabetekoa. Gainera, hiru adingabek gizarte lanak egin behar izan dituzte zigor modura. Bestalde, ertzain bat ere zigortu dute, Ane Miren H. Unda gazteari eraso egiteagatik. Unda bera (Bilbo, 1988), Carro (Sestao, Bizkaia, 1971) eta Gorka Tetua (Urduliz, Bizkaia, 1985) auzipetua elkartu ditu BERRIAk.

Bi epaiketa handi egin dira: bata, teilatuan zeuden 23 lagunen aurkakoa, eta bestea, kalean eta mobilizazioetan atxilotu edo identifikatutako hemeretzi pertsonen kontrakoa. Lehenengoan, Bilboko 9. Zigor Epaitegiak 22 epaitu errugabetu zituen, eta besteari hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion, aginteari eraso egiteagatik. Joan den urtarrilean, ordea, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamazortzi hilabetera jaitsi zuen zigorra.

Ez da izan lurralde auzitegiak epaia aldatu duen lehen aldia; izan ere, beste hemeretzi epaituri bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien Bilboko 3. Zigor Epaitegiak. Auzitegiak, ordea, zigorra kendu zien hamazortziri, eta besteari sei hilabetera jaitsi zion. «Epaiak espresuki esaten du pertsona horien delitu bakarra manifestaziora joatea izan zela, eta ertzainen lekukotzek sinesgarritasun gutxi zeukatela», ohartarazi du abokatuak. «Elkartasuna zigortu nahi zuten».

«Asmoa, atxilotzea»

Gorka Tetua denda baten barruan atxilotu zuten, Kukutza eraitsi zuten egunean: «Gure epaiketan ertzainek esan zuten haien asmoa zela atxiloketak egitea. Ni 17:00etan atxilotu ninduten, istiluak eta eraistea hasi baino lehen. Lau furgoneta etorri ziren, eta denda batera sartu ginen. Ertzainak etorri ziren, eta jipoitu eta atxilotu ninduten: polizia batek hormaren kontra jarri ninduen eta besteak belarrondoko bat eman zidan; egun batzuez entzumena galdu nuen. Ertzainak bere onetik aterata zeuden. Polizia etxean egun batez eduki ninduten. Medikua etortzeko eskatu nuen, baina azken unera arte ez zidaten aukerarik eman: nahiago nuen albait arinen deklaratu, eta geroago joan nintzen medikuarenera. Salaketa jarri nuen eta epaiketa egin zen, baina ez zituzten ertzainak zigortu».

Ane Miren H. Undari sabelean ostiko bat eman zion ertzain batek; hura bai, zigortu egin zuten: 180 euroko kalte-ordaina eman behar izan dio. «Zigorra sinbolikoa da, baina euren adierazpenak gezur hutsa direla ikusi da». Ametzola inguruan atzeman zutela gogoratu du: «Bat-batean, furgoneta bat agertu zen, eta ertzainak jaitsi ziren. Batek ostiko bat eman zidan. Nirekin zegoen laguna atxilotu zuten, ni identifikatu ninduten, eta salaketa jarriko zidatela esan zidaten, poliziak iraintzeagatik». Erasoa bideoz grabatu zuen norbaitek, eta hari esker lortu zuten ertzaina identifikatzea. «Ertzaina zigortu zuten epailea tematu egin zelako bera identifikatzen. Une hartan, ez nekien erasoaren irudiak zeudenik». Undak uste du Ertzaintzaren asmoa ikara sortzea izan zela: «Hiru egunez beldurra sortzen saiatu ziren, baita lortu ere. Anbulatorioan nengoela, jende asko zegoen han zaurituta. Ertzainak sartu ziren, eta esan zuten gutako baten bat eramango zutela».

Carrok bi gazte alemaniarren kasua aipatu du: «Astebete eman zuten Basauriko espetxean, diru gabe eta gaztelaniarik ia jakin gabe. Edukiontzi batzuk erretzea leporatu zieten; eskerrak frogatu genuela ez zirela haiek izan: Ertzaintzak zioen tokian eta orduan ez zen edukiontzirik erre. Mutilak oso harrituta zeuden: Alemanian ez doa inor espetxera edukiontzi bat erretzeagatik».

«Zurigarri bat behar zuten»

Abokatua gertaeren lekuko izan zen, eta berak ere salatu zituen ertzainak, kolpeengatik: «Lehen egunean, 200 ertzain inguru mobilizatu zituzten. Ikusi nuenagatik, agindua zeukaten Kukutza inguruan hesi bat egiteko, inor pasa ez zedin. Baina haiek apurtzen zuten hesia, beren burua ezin kontrolatuta. Zer gertatu zen? Dozenaka zauritu egon zirela eta egindakoa justifikatu behar zutela. ELA sindikatuko partaide diren ertzain batzuek ere kritikatu egin zuten Errekalden gertatutakoa».

Horregatik, Kukutza eraitsi zuten egunean agindua oso bestelakoa izan zela uste du Carrok: «Zurigarri bat behar zuten. Rodolfo Aresek [orduko Segurtasun sailburua] ondo azaldu zuen hurrengo astean. Historia atzekoz aurrera kontatu zuen: hasi zen esaten ehundik gora edukiontzi erre zituztela. Baina hori ostiral gauean gertatu zen eta, ordurako, atxiloketa gehienak eginda zeuzkaten. Geroago gertatuko zena justifikatzeko egin zituzten. Nahi zituzten irudiak lortu zituzten, atxiloketa guztiak justifikatzeko. Halere, zigorrik apenas izan den; zergatik? Bada, edukiontziak erre zirenean atxiloketak eginda zeudelako».

Gaztetxea desagertu eta bost urtera, orubeak hutsik jarraitzen du. Hortaz, zergatik hustu zuten? Abokatuak argi dauka: «Kukutza eredua zen, alkatearen hiri nahiaren aurrean; bere bekatua izan zen funtzionatzea. [Iñaki] Azkunak ondo azaldu zuen: 'Guk badaukagu eredu bat, eta Kukutzakoa beste bat da; eredu biak bateraezinak dira'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.