Bortz urteren baino gehiagoren ondoren, bukatu da Bilboko Kukutza gaztetxea eraitsi zutenean atxilotutakoen aurkako azken auzibidea. Zigortuta zegoen lagun bakarrari espetxe zigorra murriztu dio Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, hiru urtetatik hemezortzi hilabetera; hortaz, ez dute kartzelan sartuko. Auzitegiak mantendu egin du gainerako 22 akusatuei iaz emandako absoluzioa, eta inork ez du isunik ordainduko—akusatu bakoitzak 960 euroko kalte-ordaina emateko eskatu zuen fiskaltzak—. Kukutzarekiko Elkartasun Taldeak balorazio gazi-gozoa egin du epaiari buruz: «Ez da inor espetxera joan behar, eta ez dugu isunik ordaindu behar, baina errudun jo gaituzte».
2011ko irailaren 21ean, Ertzaintzak indarrez hustu zuen Kukutza gaztetxea, Bilboko Errekalde auzoan. Hainbat gazte saiatu ziren kaleratzea eragozten, eta haietako 23 eraikinaren teilatuan atxiki zituzten ertzainek —une horren irudiak erruz zabaldu ziren sare sozialetan eta hedabideetan—. Ia lau urte geroago, 2015eko urtarrilean, 23 lagun horien aurkako epaiketa hasi zen Bilboko 9. Zigor Epaitegian. 22ri absoluzioa eman zien, eta bati hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion, aginteari eraso egitea leporatuta. Fiskaltzak helegitea paratu zion epai horri; bertzeak bertze, absoluzioak ez zituelako onartu. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, ordea, mantendu egin ditu, eta paratutako zigor bakarra jaitsi egin du.
Kukutzarekin lotuta, ez da lurralde auzitegiak zigor epaitegi baten epaia aldatzen duen lehenbiziko aldia. 2015ean, Bilboko 3. Zigor Epaitegiak bederatzina hilabeteko espetxe zigorra ezarri zien gaztetxearen eraistearen aurkako protestetan atxilotutako hemeretzi laguni, eta Bilboko Udalari 84.000 euroko kalte ordaina emateko agindu zien. Desordena publikoak egitea egotzi zien. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, ordea, hemezortzi akusaturi zigorra kendu zien iaz, eta bakarra zigortu zuen, espetxealdia bederatzi hilabetetatik laura jaitsita.
Kukutzarekiko Elkartasun Taldeak oroitarazi duenez, auzibideetan nahastutako inork ez du espetxera joan beharrik izanen. Hala ere, kolektibo horrek argi du «injustizia handi bat» pairatu dutela auzipetu guztiek, eta eskerrak eman dizkie elkartasun taldeak egindako salaketekin bat egin dutenei. «Elkartasun hori atmosferan dabil, arnasa ematen digu beste hamaika proiektutarako, eta ez digute hori ebatsiko. Bide beretik segituko dugu». Elkartasun taldeak adierazi du Kukutza gaztetxea «bestelako mundutxoak eraikitzeko laborategia» zela, eta urte hauetan jaso duten elkartasun ekonomikoa «Bilbon bizirik dauden beste hainbat egitasmotara» bideratuko duela.
Hamahiru urtez auzoan
Kukutza 1998an okupatu zuen gazte talde batek, Errekalde auzoan alternatiba kultural autogestionatu bat sortzeko asmoarekin. 1950eko hamarkadan eraikitako lantegi baten eraikina zen, eta hutsik zegoen, erabilerarik gabe. Bilbon eta Bizkaiko hiriburutik kanpo ere erreferente bihurtu zen Kukutza, baina, 2011n, Cabisa enpresak, eraikinaren jabeak, gaztetxea husteko eskatu zuen, eraikina bota eta etxebizitzak egiteko. Udalak baimena eman zion, eta Ertzaintza arduratu zen Kukutza husteaz, 2011ko irailaren 21ean. Egun horretan bertan eta hurrengoetan, manifestazio eta protesta jendetsuak egin ziren Errekalden, eta Ertzaintzak horien aurka erabilitako indarkeriak zeresan anitz eman zuen. 64 lagun atxilotu zituzten, eta ehundik goiti zauritu. Orubeak hutsik jarraitzen du.
Kukutzako auzian zigortutako azken akusatua ez dute espetxean sartuko
Bilboko gaztetxea eraitsi zutenean atxilotutakoen aurka irekitako auzibide guztiak bukatu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu