Kukutza eraitsi zen egunean Bilboko Errekalde auzoan atxilotu zituzten hamazortzi lagun errugabetzat jo dituzte, eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote beste bati. Horrela, bada, iazko irailean Bilboko 3. Zigor Auzitegian egindako epaiketaren sententzia atzera bota du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Epai hark auzipetu guztientzat zigor bera eskatzen zuen: desordena publikoengatik bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, eta sortutako kalteengatik Bilboko Udalarentzat 84.000 euroko kalte-ordaina.
Joan den astean eman zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ebazpena, eta atzo goizean egin zuen balorazioa Kukutzarekiko Elkartasun Taldeak. Azpimarratu zutenez, manifestazio eskubidea erabiltzeagatik soilik atxilotu zituzten hemeretzi pertsona haiek, eta lurralde auzitegiak horixe adierazi du. Eta, horrez gain, argudiatu du ez dagoela froga nahikorik aurreko kondenei eusteko. «Ertzainen lekukotzak ziren kondena horien oinarri bakarra».
Prozesua luze joan da. Ertzaintzak indarrez hustu zuen Kukutza gaztetxea, 2011ko irailaren 23an, eta hura eraitsi zuten eguneko mobilizazioetan hemeretzi lagun atxilotu zituzten. Iazko irailean epaitu zituzten, Bilboko 3. Zigor Auzitegian, eta erruduntzat jo zituzten, desordena publikoa eragitea leporatuta. Auzipetuek helegitea jarri zioten epaiari, eta, orain, hura baliogabetzen duen bigarren sententzia jakinarazi du Bizkaiko auzitegiak.
Kukutzarekiko Elkartasun Taldeak ohartarazi duenez, epaiketan argi gelditu zen ertzainen testigantzak «kontraesanezkoak» izan zirela, eta egin zituzten atxiloketen funtsa «ahulenarekiko ausazko erasoa» izan zela: «Atxilotu guztiak mobilizazioaren aurkako oldarraldietan lurrera erori edo portaletan babestu zirelako atzeman zituzten».
Oraindik epaiaren zain
Kukutzarekiko Elkartasun Taldeak Ertzaintzaren bortizkeria ere salatu du, eta gogoratu du ertzain bat kondenatu zutela manifestari bati egindako erasoagatik. «Kukutza hustearen eta eraistearen aurka, milaka pertsona atera ginen Errekaldeko kaleetara. Eta jende hari guztiari emandako erantzuna zeharo bortitza izan zen. Ertzaintzaren oldarraldietan, ehun pertsonatik gora zauritu ziren, eta 103 lesio txosten aurkeztu genituen. 80 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten, eta bi kartzelatu egin zituzten, manifestazio eskubidea erabiltzeagatik».
Era berean, egun haietan «komunikabide hegemonikoek» izan zuten jarrera ere salatu dute. «Errealitatea deskribatzetik Rodolfo Ares sailburuaren gezurrak babesteko bidea egin zuten hainbat hedabidek».
Gogorarazi dute, gainera, gaztetxea hustu zuten egunean atxilotu zuten lagun bat hiru urteko kartzela zigorra jasotzeko arriskuan dagoela, eta hari buruzko azken erabakiaren zain daudela. «Beste epai horretan ere lurralde auzitegiak irizpide berei jarraitzen badie, kide hori libre geldituko da, nahitaez. Haren kontra zeuden lekukotzak surrealistak ziren, inolako sinesgarritasunik gabekoak», azaldu du Iñaki Carro auzipetuen abokatuetako batek. «Duela bi hilabete hartu zuten erabakia, baina epaia ez da oraindik ezagutzen; idazten ari dira oraindik». Azken ebazpen hori argitaratzen denean, Kukutzari buruzko hiru kasuak bukatutzat emango dituzte.
Kukutza eraitsi zuteneko 19 atxilotuetatik 18 absolbitu dituzte
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bertan behera utzi du Bilboko Epaitegiaren epaia. Zigortu bakarrari lau hilabeteko espetxealdia ipini diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu