Erresistentzia guneak. Errepaso historikoa

Kukutza (2011). Eredu alternatibo baten erakusleiho

Erresistentzia borroka gogorra izan zen Kukutzaren hustearen kontrakoa. Eraikina eraitsi egin zuten arren, okupazioaren eta autogestioaren ikur bilakatu da.

Kukutza eraisteko lanak, Ertzaintzak babestuta. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2017ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Duela sei urte, Kukutzaren eraistearen kontrako erresistentzia borroka bizia izan zen Bilboko Errekalde auzoan. Bilboko Udala, Iñaki Azkuna alkate buru zela, behin baino gehiagotan saiatu zen gaztetxea husten eraikina botatzeko lanak hasteko, baina gazteek etaauzotarrek pare bat hilabetez eutsi zioten eraisteari: gau eta egun, jendez beteta eutsi zioten zutik Kukutzari.

Alta, 2011ko irailaren 23an, hondeamakinak sartu ziren Kukutzan. Ehunka gazte eta bizilagun elkartu ziren eraistearen kontrako protestetan, eta Ertzaintza bortizki oldartu zitzaien. Dozenaka lagun zauritu zituen, eta hogei baino gehiago atxilotu. Duela bi urte 63 lagun epaitu zituzten orduko istiluekin lotuta; bostek jaso zuten zigorra.

Atxilotuen abokatua izateagatik ez ezik, okupazio mugimenduan buru-belarri ibiltzeagatik ezagutzen ditu ondo Iñaki Carro abokatuak (1971, Bilbo) Kukutza zein Bilbo eta inguruetako okupazio ekimenak. Besteak beste, Bilboko Okupazio Bulegoan aritzen baita.

Hamahiru urte iraun zuen hirugarren eta azken Kukutzaren aurretik, beste bi izan ziren. Guztiak, okupatuak. «Errekaldeko bizilagunek beti esan dute okupazioaren bitartez lortu dituztela gauza asko: kaleak asfaltatzea, autobus zerbitzua...». Carroren arabera, okupazioak erabateko zilegitasuna du gizarte ekinaldiak aurrera eramateko.

Autogestioaren eredu

Hasieran, Kukutzaren proiektua askoz ere politikoagoa zen, Carroren ustez: «Azken urteetan, batik bat, kultur eskaintza eta sormenak hartu zuen garrantzia. Hori bai, autogestioa izan du beti ardatz». Horregatik, Carro kritiko da ekimenak beti erakundeekin elkarlanean egin behar direla diotenekin; «ez dezatela kontrolatu gizarte ekimena; utz dezatela egiten».

Alde horretatik, Kukutza eredu bat zela uste du, «funtzionatzen zuen eredu bat. Eta ez dute jasaten eredu horrek funtzionatzea. Horregatik suntsitzen dute». Kukutza eraitsi eta sei urte geroago, orube hutsa ikusi besterik ez dagoela dio beti esan izan dutena baieztatzeko: hau da, han ez zutela ezer eraikiko. «Aitzakia bat besterik ez zen; helburua Kukutza botatzea zen».

Pozik dago, ordea, arrastoa utzi duelako: «Hura ezagutu genuenok nabaritzen dugu. Gauzak egiteko ez gara erakundeen zain egoten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.