Anbulantziak: kudeaketa eredua ezbaian

Anbulantzia zerbitzua ezinbestekoa da Euskal Herrian. Haren egungo kudeaketak, baina, agerian utzi ditu zerbitzuak izan ditzakeen hutsuneak. Egoera ikusita, eragile batzuek publiko egitearen alde egin dute.

Hainbat anbulantzia Donostia ospitaleko larrialdi zerbitzuetako sarreran. GORKA RUBIO / FOKU
Hainbat anbulantzia Donostia ospitaleko larrialdi zerbitzuetako sarreran. GORKA RUBIO / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai - Ion Orzaiz - Olatz Silva Rodrigo
2024ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Funtsezko zerbitzua. Oinarrizkoa. Garrantzitsua herritarrentzat. Pazienteei osasun arreta urgentea emateko eta haien bizitzak salbatzeko lehen katebegia. Ez dago zalantzarik: anbulantzia zerbitzua ezinbestekoa da Euskal Herrian. Horretan bat datoz eragile, sindikatu eta alderdi politikoak. Haren kudeaketak, baina, eman du zeresana azkenaldian, eta agerian utzi ditu zerbitzuak izan ditzakeen hutsuneak. Hain justu, La Pau enpresarekin Araban eta Bizkaian izandako arazoak hautsak harrotu ditu, eta zerbitzu horren kudeaketari buruzko eztabaidak piztu dira nonahi. Zerbitzua publiko egitearen alde egin dute eragile batzuek; beste batzuek, berriz, egokitzat jo dute gaur egungo eredua.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ESI erakunde sanitario integratua da Emergentziak. Lurralde bakoitzean koordinazio zentro «publiko» bat dago, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez. «Lurralde bakoitzak funtzionatzeko modu diferentea du», erantsi du, eta ohartarazi azken hilabeteotan «medikurik gabeko txandak» areagotu direla zentro horietan.

Zentro horietatik koordinatzen dituzte anbulantziak. Egoerarik larrienetan, bizi euskarri aurreratuak erabiltzen dituzte; medikalizatuak edo erizaindunak izan daitezke. Medikua duten gehienak publikoak dira. Izan ere, egun, Tolosakoa, Elgoibarkoa (Gipuzkoa) eta Donostiakoa ez dira publikoak, baina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri du publiko egingo dituztela 2026an. «Beharrezkoa da hiru lurraldeetako larrialdietako gailuak koordinatzea, une oro bermatuz laguntza gailu horien ekitatea eta irisgarritasuna; ildo horretan, egokitzat jo dugu 2026an larrialdiek kanporatutako hiru anbulantzia medikalizatuak kudeaketa publikoko sisteman sartzea», adierazi du Lore Bilbao Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuordeak. Anbulantzia erizaindunak, berriz, enpresek kudeatzen dituzte.

Erizaindunak kudeatzen dituzten enpresa berek kudeatzen dituzte oinarrizko bizi euskarriak –gidaria eta teknikaria daude bertan–. «Azken hilabeteotan, oinarrizko bizi euskarri asko, baita anbulantzia erizaindunak ere, zerbitzuz kanpo egon dira», salatu du Uberak. Oro har, 1.800 langile inguruk osatzen dute ESIa. «Langileen %98 enpresa pribatuen mende daude», azaldu du Antonio Frutos Ambulancias Gipuzkoako enpresa batzordeko presidente eta ELA sindikatuko ordezkariak.

Dialisia egitera doazen herritarrak jasotzen dituzten anbulantziak, edota ospitaleen arteko garraioa egiten dutenak ESI horretatik kanpo daude. Anbulantzia programatuak dira horiek, eta oinarrizko bizi euskarri aurreratuak kudeatzen dituzten enpresa berek kudeatzen dituzte.

Elena Lete EAJko legebiltzarkidearen arabera, Emergentziak ESIak zerbitzu diferenteak eskaintzen ditu: «Diferenteak dira bai izaeran, baita kudeaketan ere». Halere, argi utzi du, nahiz eta zerbitzu batzuk kanpoko enpresek kudeatu, oro har «kudeaketa eta jarraipena» erakunde publiko batek egiten duela. Osakidetzari dagokio kudeaketa batzuetan; beste batzuetan, ordea, sailari. «Osasun Sailak osasun larrialdiei aurre egin behar die», aipatu du Bilbaok.

«Gorabeheraren bat egon da, baina, oro har, zerbitzua asko hobetu dela uste dugu, eta langileak jasotzen hasiak dira hitzarmen kolektibo berriko soldata igoerak»

LORE BILBAOEusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuordea

Nafarroan, bi enpresak kudeatzen dute anbulantzia zerbitzua. SSG ari da Tutera eta Erronkari-Zangoza eremuetan; eta Baztan Bidasoa, berriz, gainerako eskualdeetan. Ipar Euskal Herrian, ordea, anbulantzia publikoak eta pribatuak daude. Ordea, zinezko gatazkarik ez da bi sektoreen artean, sinpleki ez baitituzte zerbitzu berak eskaintzen. Urgentziazko garraioa, konparazione, anbulantzia publikoak egiten du, SMUR larrialdi eta suspertze egitura mugikor zerbitzuak, hain zuzen; kontsulta mediko batera joateko aitzinetik finkatu garraioa, berriz, anbulantzia pribatuaren esku geratzen da. Kudeaketaren trenkatzeaz 15 telefono zenbakiari dagokion SAMU larrialdizko osasun laguntza zerbitzua arduratzen da: deia jaso eta, ondotik, kontatzen zaionaren urgentzia heinaren arabera, berak deliberatzen du SMUR zerbitzua edo enpresa pribatuetako anbulantziak igorri.

Arazoak enpresa pribatuekin

Enpresa diferenteek kudeatzen dituzte zerbitzuak Euskal Herrian. Araban, azken hamabi urteetan, Emerbask, Ambulancias Bizkaia eta Larrialdiak egon dira, besteak beste. Bizkaian, beste hainbaten artean, Ambulancias Rodrigo, DYA eta Maiz enpresek kudeatu dute zerbitzua. Bi lurraldeetan, gainera, La Pau enpresak kudeatu du zerbitzua duela gutxi arte. Osasun Sailak azaroaren amaieran eten zuen kontratua harekin, zerbitzuan izandako «etengabeko urritasunen» ondorioz. Esaterako, langileei ez diete udako aparteko soldata ordaindu. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak hainbat isun ezarri dizkio. Abuztuan jakitera eman zutenez, adibidez, miloi bat euroko isuna jarri zion enpresari iazko urrian egindako ikuskaritzan atzemandako hainbat gabeziagatik.

Azaroaren 25az geroztik, Ambulancias Gipuzkoak kudeatzen du zerbitzua Araban, eta Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteak Bizkaian. Presazko prozeduraren bidez tramitatu ditu kontratuak Osasun Sailak. Bilbaok aitortu du ez zeudela «eroso» La Pau ematen ari zen zerbitzuarekin, eta horregatik erabaki dutela enpresaz aldatzea. «Kontratu horiek segidako traktukoak dira; hau da, ezin dira zerbitzu horiek eten». Eta erantsi du: «Gorabeheraren bat egon da, baina, oro har, zerbitzua asko hobetu dela uste dugu, eta langileak hasiak dira jasotzen hitzarmen kolektibo berriko soldata igoerak». Frutosek jakinarazi duenez, enpresa horiei «askoz finantzabide handiagoa» emango diete, La Pau enpresari emandakoa baino.

«Hau ez da izan enpresa baten kudeaketa arazo bat, baizik eta Osasun Sailaren eta Jaurlaritzaren urteetako utzikeria eta kudeaketa arazo bat»

REBEKA UBERAEH Bilduko legebiltzarkidea

Uberak aitortu du La Paurekin inoiz baino arazo gehiago egon direla, baina argi utzi du: «Enpresa desberdinekin arazo berdinak errepikatu dira». Araban eta Bizkaian oinarrizko bizi euskarriak kudeatu zituen Larrialdiak aldi baterako enpresa ekarri du gogora; 2019ko abenduan, «egun batetik bestera» joan zen. Hortaz, Uberak Osasun Sailari leporatu dio arretagunea enpresa baten utzikerian eta kudeaketa txarrean jarri nahi izatea: «Hau ez da izan enpresa baten kudeaketa arazo bat, baizik eta Osasun Sailaren eta Jaurlaritzaren urteetako utzikeria eta kudeaketa arazo bat».

Gipuzkoan, urteak daramatza Ambulancias Gipuzkoa enpresak zerbitzua ematen. «Asebetetze maila oso altua da», baieztatu du Letek. ELAko ordezkariak, baina, nahiz eta aitortu enpresa horretan soldatekin arazorik ez dutela, esan du «beste mota bateko arazoak» dituztela, esate baterako, ibilgailuen egoerarekin. «Enpresak tailer propioa du eta, hala ere, ibilgailuak egoera kaskarrean daude». Prestakuntzarik ere ez dute jasotzen: «Egunerokoan gailu berriak ditugu; lokalean uzten dituzte eta langileek asmatu behar dute nola erabili».

Zerbitzu batzuk enpresa pribatuen esku egoteak dituen ondorioak jarri ditu mahai gainean EH Bilduko legebiltzarkideak. Esaterako, anbulantzia horiek non dauden jakiteko sistemarik ez dute. «Publikoak badakizu nondik nora dabiltzan, besteak ez». Are, langileek salatu dutenez, enpresek estutu egiten dituzte eta ibilgailuen mantentze lanak ez dituzte egiten. Baina egoera txarra ez da enpresa pribatuen zerbitzuaren ezaugarri propioa; Uberak jakinarazi du publikoak diren zerbitzuetan ere kudeaketa arazoak egon direla: «Batez ere, profesional, baliabide eta protokolo gabezia egon da».

Nafarroan ere, osasun garraio zerbitzua eztabaida eta polemika iturri izan da urte luzez. Atzerapenak, baliabiderik eta koordinaziorik eza, anbulantzien egoera kaskarra... Sindikatuek eta pazienteen elkarteek behin baino gehiagotan salatu dute zerbitzuak «gabezia handiak» dituela, eta erantzuletzat jo dituzte zerbitzu hori emateaz arduratzen diren bi enpresak.

«Antolaketa egokia behar dugu, eta pazienteen beharren arabera diseinatutako ibilbideak»

GEMA DE LA NAVAAlcer elkarteko presidentea

2022ko uztailean, esate baterako, CCOO sindikatuak salaketa aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan SSG enpresaren kontra, eta administrazioari eskatu zion enpresa iker zezala, diru publikoa «gaizki» erabiltzeagatik. Ibilgailuen egoera txarra ere kritikatu zuten: esan zuten anbulantziak sarri hondatzen direla, eta erreserban dituzten ibilgailuak behar bezala prestatu gabe daudela: «Ondorioz, larrialdi bat gertatzen bada, ezin dira erabili».

Sindikatuak ez ezik, erabiltzaileak ere kexu azaldu dira askotan. Giltzurruneko eritasunak dituzten pazienteak biltzen ditu Alcer elkarteak, eta horietako askok astean bitan edo hirutan erabili behar izaten dute anbulantzia, ospitalera joan, hemodialisia hartu eta etxera itzultzeko. Elkarteak salatu duenez, ordea, SSG eta Baztan Bidasoa enpresek eskaintzen duten zerbitzua «oso kaskarra» da: «Hamar urte daramatzagu eskaera berarekin gora eta behera: hobetu dezatela osasun garraioa, gaur-gaurkoz, ez baita eraginkorra», azaldu zuten ohar batean. Alcer elkarteko presidente Gema de la Navaren esanetan, paziente askok «orduak» ematen dituzte anbulantzien zain, osasun zentrora iristeko edo handik etxera itzultzeko: «Antolaketa egokia behar dugu, eta pazienteen beharren arabera diseinatutako ibilbideak».

Enpresa publikoa, 2025erako bidean

Arazo horiei konponbidea emateko, Nafarroako Gobernuak eredu publiko batera jotzea erabaki du, eta Bidean sortu du, osasun garraioa bere gain hartuko duen sozietate publikoa. Fernando Dominguez Osasun kontseilariak agerraldia egin zuen parlamentuan, sozietate berriari buruzko azalpenak emateko. Esan zuen «aurki» jarriko dutela martxan: 2025eko lehen seihilekoan, zehazki.

Erabakia, hala ere, ez da izan goizetik gauera hartutakoa. Nafarroako Gobernuaren aspaldiko asmoa da osasun garraioko sistema publiko bat sortzea. 2017an, Uxue Barkosen gobernuak iragarri zuen 2018rako eginen zuela, baina prozesua behin eta berriro atzeratu da, eta denbora horretan, zerbitzuaren okertzeaz ohartarazi dute hainbat eragilek.

Enpresa publiko bat sortzea ez da prozesu samurra izan, Dominguezen esanetan. «Oztopoak» izan dituzte orain arteko bidean, baita etxe barruan ere. Nafarroako Gobernuko Ondarearen Zerbitzuak, esate baterako, kontrako txostena argitaratu zuen iaz: uste zuten Bidean sortzea eta osasun garraioa zuzenean kudeatzea garestiagoa dela zerbitzua enpresa pribatuen esku uzteko lizitazioa berritzea baino. Dominguezek adierazi du, hala ere, errentagarritasun ekonomikoak ezin duela baldintzatu administrazio publikoaren jarduna: «Osasun zerbitzuez ari garenean, kostua baino garrantzia handiagoa dute zerbitzuaren kalitateak eta eraginkortasunak». Kontseilariak uste du, dena den, bost urtean amortizatu ahal izanen dutela egindako inbertsioa.

LAB sindikatuaren 24 orduko kanpaldia azaroan, anbulantzia zerbitzua publikoa izan dadin aldarrikatzeko, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
LAB sindikatuaren 24 orduko kanpaldia azaroan Gasteizen, anbulantzia zerbitzua publikoa izan dadin aldarrikatzeko. RAUL BOGAJO / FOKU

Hain zuzen, zerbitzuaren kalitatea bermatze aldera, 1,2 milioi euroren inbertsioa egin du Osasun Departamentuak aurten, eta kopuru hori handituko du heldu den urteko aurrekontuetan. Batetik, enpresa publiko berriak bere gain hartu beharko ditu egun zerbitzua eskaintzen duten enpresetako langileak (350 inguru). Bestetik, Dominguezek azaldu du egoitzak alokatu, beste batzuk egokitu eta anbulantziak erosi edo alokatu beharko dituztela. Formakuntza ere emanen diete gidariei.

Aurten, gainera, anbulantzien egoitzak dituzten herrietako alkateekin bildu da gobernua, kontratuak berrikusteko eta egoitza horiei eutsi ahal izateko. Iruñeko eta Tuterako kasuetan, berriz, 4.000 metro koadroko egoitza bat eta 1.500eko beste bat alokatu ditu Osasun Departamentuak. Gobernuak aurreikusi du 34 anbulantzia beharko dituztela larrialdietarako, eta beste 72, zerbitzu programaturako. «Argitaratuak ditugu jada lehen lizitazioak, behar ditugun ibilgailuak, anbulantzietako materiala eta langileen jantziak erosteko», esan zuen Dominguezek Nafarroako Parlamentuan.

Zerbitzuaren «zatikatzea»

ELAren eskaera ere bada Osakidetzak zerbitzua kudeatzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Frutosen ustez, zerbitzua publiko izateak langileen zein herritarren baldintzak hobetuko lituzke. Horrez gain, LAB sindikatuak 24 orduko kanpaldia egin zuen azaroan Gasteizen, anbulantzia zerbitzua publikoa izan dadin aldarrikatzeko. Eta iritzi berekoa da EH Bildu. «Zerbitzua publiko egiteko eskatzen dugunean, Jaurlaritzaren erantzuna beti da publikoa dela jada; ardura bada publikoa, baina kudeaketa ez», adierazi du Uberak. Kudeaketak horrek «fragmentazioa» eragin du, eta horrek eragotzi du kalitatezko arreta bermatu ahal izatea, bere esanetan.

Koalizio abertzaleko ordezkariak esan du erakundeei dagokiela enpresen gaineko jarraipena egitea, eta salatu du Emergentziak ESIa «historikoki» egon dela «Osasun Sailaren eta Osakidetzaren begiradatik at»: «Ez da egon proiektu bat». Uberaren arabera, Emergentzietako anbulantzia guztiak publiko egiteak «onurak» baino ez lituzke ekarriko: «Orain, batzuetan, zaila izaten den koordinazioa bermatzea, eta protokoloak ezartzea erraztuko luke, eta langileen prestakuntza hobetzea edota pazienteen segurtasun klinikoa ziurtatzea». Letek, berriz, uste du egungo ereduak on egiten diola zerbitzuari: «Euskal Herrian zerbait baldin badakigu hori da lankidetza sustatzea sektore pribatuaren eta publikoaren artean». Gipuzkoako egoera «arrakastatsua» jarri du adibide.

Osakidetzako ESI diferenteetako zuzendaritzak dekretu batek zehazten ditu. Horren arabera, Emergentziak ESIak bi pertsona behar ditu zuzendaritzan: zuzendari gerente bat, eta gestio zuzendari bat. «Errealitatea da bi pertsona horiekin ezin dela horrelako egitura bat kudeatu», azaldu du zuzendaritza taldean urte luzez egon zen Karlos Ibargurenek; medikua da, baita EH Bilduko kidea ere. Hori dela eta, zuzendaritza taldearen parte izan dira beste hainbat figura ere; besteak beste, giza baliabideetako arduraduna eta asistentziaz arduratzen diren medikuak. Uberaren arabera, gerenteak hainbat alditan aldatu dituzten arren, kudeaketa taldeak bere horretan jarraitu izan du.

«Aurrerapauso garrantzitsu bat da emergentzietako koordinatzailearen figura sortu izana, zerbitzurik onena emateko egindako urrats bat baita»

ELENA LETEEAJko legebiltzarkidea

Halere, badirudi Osasun Sail berria hasia dela aldaketak egiten. Figura berri bat sortu dute orain: emergentzietako koordinatzailea. «Uste da koordinatzaile berria bere lantaldea osatzen ari dela, eta laster jakingo dugula zein egitura emango dion eta nortzuk egongo diren ESIa zuzentzen», azaldu du Ibargurenek. Eta Uberak erantsi du: «Ez ditugu behar gero eta arduradun gehiago; ikusiko dugu figura hori sortuta kudeaketa taldearekin zer egiten duten, eta ikusiko dugu Osasun Sailak noraino esku hartzen duen». Figura hori sortu izana «aurrerapauso garrantzitsu bat» da, Leterentzat, «zerbitzurik onena emateko egindako urrats bat» baita.

Garraioa partekatzea

Ipar Euskal Herrian ere, pribatua da arazo eta kexa gehien sortu izan dituen zerbitzua. VSL osasun ibilgailu arinetan —jarririk baino ezin da egon bertan— eta taxi konbentzionaletan —osasun garraioez beste ere egiten dutenak—, aurtengo uztailaz geroz, pazienteek garraioa partekatu behar dute, betiere medikuak horren kontrako iritzirik ez badu eman; gehienez hiru pazientek partekatzen ahal dute ibilgailua.

Neurri berri horren arrazoia ekonomikoa da: gobernuak sosa aurreztu nahi du osasun garraioen sektorean. Ordea, neurria iragarri ondoan zenbait osasun ibilgailuren gidariak karrikara atera ziren kezkaturik eta kexu, itxaronaldi luzeagoen eta itzulinguruen beldurrez, baita paziente bakoitzaren datuen konfidentzialtasunari begira ere. Hori urte hatsarrean izan zen, eta geroztik, beraz, indarrean dago lege berria.

«ARS eskualdeko osasun agentziak onespenik ez zigun ematen ibilgailu gehiago hartu genitzan; orduan, bortxatuak izan ginen pazienteei partekaraztera, bestela denak ezin baikenituen eraman»

JEAN FRANÇOIS HARGINDEGIDonibane Garaziko anbulantzia enpresaren nagusia

Ambulances du Pays Basque enpresako nagusi Jean Martin Etxeberrik azaldu du nola plantatu den lege berria berari dagokionez: «Medikuak baimentzen du garraioa partekatzea edo ez; bi pertsona fisioterapeutara baldin badoaz, arazorik ez da. Guri dagokigunez, enpresa gisa, nahiko interesgarria zaigu: Lapurdi kostaldean zirkulazioa oso konplikatua baita eta garraio bakarraz bi pertsona ekartzen baititugu, adibidez».

Kexa gehienak, azkenean, pazienteenak dira. Anbulantzia zerbitzua hartzeko momentuan horien garraioa partekatu behar baitute, batetik, eta delako sekretu medikoari trabak jartzen baitizkio, bestetik. Anbulantziei dagokienez, Jean François Hargindegi Donibane Garaziko anbulantzia enpresaren nagusiaren arabera, «dirurik ez da galtzen».

Hain justu, erran du bera aspaldian hasi zela garraio partekatuak egiten, duela bospasei urte, jadanik: «Ene oguz izan zen. ARS eskualdeko osasun agentziak onespenik ez zigun ematen ibilgailu gehiago hartu genitzan; orduan, bortxatuak izan ginen pazienteei partekaraztera, bestela denak ezin baikenituen eraman». Hor ere, kexatu ziren zenbait, beste maneraz ezinen zuketen. «Bost bat kilometroko perimetroan biltzen ditugu bi pertsona, adibidez, ez gehiago, eta hiru pertsona hartzen ditugu gehienez VSL ibilgailuetan; taxietan, bitara mugatzen dugu usu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.