Kudeaketa bikoitza

Urizar prest dago EAn «zubiak eraikitzeko», baina «borondatea, malgutasuna eta denbora» eskatu ditu. Uste du bi ildoen akordioa EH Bildun adostu daitekeela

Pello Urizar —argazkian, besoa jasota—, joan den igandean, Donostian, EAko kongresuan idazkari nagusi hautatu berritan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
enekoitz esnaola
2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Pello Urizarrek beste lau urtez segituko du EAko idazkari nagusi. Oraingoz, zuzendaritzan haren ildokoak baizik ez daude; joan den asteburuko kongresuan lortu du EA EH Bilduren egituran ez sartzeko «arriskua desagerraraztea», baina biltzarrean %50eko babesa ozta-ozta gainditu du—%52,4, 152 boto; eta Maiorga Ramirezek, %47,6, 138 boto—, eta haren ildo kritikoak sartu ditu txostenean eduki jakin batzuk. Ondorioz, kudeaketa bikoitzaren aurrean da Urizar: EAra begirakoa izango du bat, eta EH Bildura begirakoa bestea. «EAn borondatea, malgutasuna eta denborabeharko ditugu», adierazi dioBERRIAri. «EH Bildura begira ere lanketa bat egin beharko da kongresuan lortu dugun akordiopolitikoa aintzat hartuta, baina testuak ematen du aukerarik».

EAko idazkari nagusi hautatu berriak dio azkeneko astebetean egunean hiruzpalau ordu egin dituela lo. Agintaldiko lehen eguna ere lanpetua izan du, hedabideekin, alderdikideekin eta EH Bildukoekin egon baita. Gaur, ez du EH Bilduren Mahai Politikoan parte hartuko, EAren kongresuko kontuekin ibiliko baita oraindik; ordezkari bat bidaliko du.

Ezagun egin zen Iruñeko batzarraren zuzenketa bat erretiratzea izan da EAko bi ildoen akordiorako «gakoa», ildo ofizialak aitortu duenez. Urizarren taldeak inondik inora ez zuen onartzen baldintza batzuk ez beteta ere EA EH Bilduren egitura berrian ez sartzeko aukera egotea —kasu horretan, gero EAren eta «EH Bildu erakundearen» arteko hauteskunde koalizioa egitea proposatu zuen zuzenketa hark—, eta, ostegunean, ildo kritikoari hori zekarren pasartea kentzeko proposatu zion. Ostiral arratsaldean hasi ziren horretaz eta atal bereko beste hainbat kontu garrantzitsuz hizketan, eta, gauean, ikusten zituzten «akordiorako aukerak». Larunbatean hasi zen EAren XII. kongresua, beste pauso batzuk eman zituzten, eta igande eguerdian erdietsi zuten testu bat adostea. Konpromisarioen %76k babestu zuten —%20k aurka bozkatu zuten, eta %4 abstenitu ziren—.

Testuan badira ildo kritikoaren hainbat eskakizun garrantzitsu: «alderdien arteko koalizio irekia» izango da—kritikoek defenditu dute batez ere «alderdien koalizioa» behar duela izan—; alderdien «presentzia nabarmena» eta haien «jarduera funtsezkoa» izango da, «egitura bakar eta nahasi batean lausotu gabe»; bilkideen artean, alderdietan ez dauden herritarrak soilik egongo dira, baina alderdietako afiliatuek eskubide berak izango dituzte; eta bilkide kopuruaren arabera adostuko dute alderdiek haiek zenbaterainoko ahalmena izango duten bozetako zerrendak eta barne ardura postuetakoa osatzean; «koalizioaren aniztasuna ikusarazteko askotariko bozeramailetza» behar da —EH Bilduren proposamenak dio koordinatzaile nagusia izango dela eleduna—.

Era berean, ordea, kritikoek onartu behar izan dute ildo ofizialak defenditu izan duena: EH Bilduk egitura propio bat izango du, eta ez da, koalizioaren hasieran bezala, koordinazio gune bat soilik izango. Testuak dio EH Bilduk «antolakundeko oinarrizko egiturak» izango dituela, baita, adibidez, aurrekontuak ere. Alderdien presentzia kuota ere aipatu dute, baina ez zehazki, kritikoek zioten gisan, 2011n ezarritakoa.

EH Bildukoei eskaera

EAk EH Bilduko beste alderdiei eskatu die «lasai» irakurtzeko dokumentua, akordiorako aukerak badaudelakoan. Urizarrek dio kritikoen aurreko jarrera zenbait puntutan «zehatzegia» zela —Iruñeko batzarraren aipatutako zuzenketa, esate baterako-, eta bi ildoek landutako testuak ahalbidetzen duela koalizioan ere adostasunerako bidea jorratzea.

EAk orain zuzendaritza nagusirako finkatutako lantaldean hamabi lagun sartu dira, baina beste sei leku geratzen dira: herrialdeetako arduradunena eta instituzio publikoetako ordezkari batzuena. Hil honetan izango dira EAko herrialdeetako kongresuak, eta Ramirezen taldekoek seguru dute, kasurako, Nafarroako agintea. Nafarroako militantziak EAn daukan pisuagatik eta herrialde hark nazio proiekturako duen esanguragatik, Urizarrek aitortu du orain kritiko azaldu direnekin konfiantza erein beharko duela. «Alderdian hautsi diren zubiak eraikitzeko asmoa dut. Ikusiko da zer borondate dagoen».

Idazkari nagusi hautatu berriak esan du igandean ez zela posible izan akordio politikoaren ondoren hautagaitza bateratu bat egitea, astirik ez zelako izan. «Bozketa baino hamar minutu lehenago proposatu zidaten. Puzzle bat mailukadaz osatzea bezalakoa litzateke». Dena dela, prest azaldu da alderdiko lantaldeetan ildo hartako kideak txertatzeko. «Gure etxea indartuz, EH Bildu indartuko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.