Kuadrilletako gobernuak hautatzeko sistema aldatu nahi du PPk

Ordezkatzen dituzten herrien pentsaera politikoetara egokitzea izango litzateke xedea, De Andresen esanetan

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Kuadrilletako gobernuak hautatzeko sistema aldatu nahi du Arabako Diputazioak. Javier de Andres diputatu nagusiak azaldu duenez, erreformaren xedea izango litzateke kuadrilletako gobernuak «egokitzea» erakunde horiek ordezkatzen dituzten herrietako «pentsaera politikoetara». De Andresek gogoratu du kuadrilletako gobernuak ez direla hautatzen «boto zuzen» bidez, udalek hautatzen dituztela eta gobernuetako gehiengoek ez dutela bat egiten kuadrilla horretako biztanleen gehiengoaren sentimenduarekin.

Araban zazpi kuadrilla daude; hainbat herrik osatzen dute kuadrilla bakoitza, eta haien zeregina da udalek beren kabuz ezin eman dituzten zerbitzuak eskaintzea. Espainiako Gobernuak, baina, lege proposamen bat aurkeztuko du aurki Kongresuan, herrietako zinegotzien kopurua eta herri partzuergoak eta kontseiluak murrizteko. De Andres kuadrillak mantentzearen alde azaldu da, «betiere legea urratzen ez bada». Biltzar nagusietan Bilduk aurkeztutako galdera bati erantzunez eman ditu azalpenok diputatu nagusiak.

De Andresen adierazpenak, baina, ez dira izan AKE Arabako Kontzejuen Elkartearen gustukoak. Komunikabideetara bidalitako ohar batean, adierazi dute hark kuadrillak irmoago defendatzea espero zutela. Jakinarazi dute abuztuan harekin eta Espainiako Gobernuko ordezkariekin biltzeko eskaera egin zutela eta ez dutela erantzunik jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.