Krudeltasunaren gailurra; Emakunderen ikerketan parte hart duen preso ohi baten testigantza

Mariak ia urte eta erdi igaro zuen Martuteneko espetxean preso, eta Emakunderentzat egindako ikerketan parte hartu du: "Norbaitengan aldaketa txiki bat eragiten badut, gustura geldituko naiz".

2013ko martxoaren 8a
08:51
Entzun

Preso egona da Maria (Brasil, 1977). Nahiko luke etiketa hori kendu; askotan pisutsuegia bihurtzen duen motxila bizkarretik behera erortzen utzi. Baina ezin du. 2008ko irailean espetxeratu zuten, eta urtebete eta lau hilabetez egon da preso Martutenen. "Lau urteko espetxe zigorra ezarri zidan epaileak, kokaina trafikoa egotzita. Nik gau klub bat garbitu besterik ez nuen egiten, baina Poliziaren sarekada batean norbaitek drogaz betetako txikle pakete bat sartu zidan motxilan, eta abokatu partikularrak hasieratik esan zidan errudun joko nindutela". Zigorra negoziatzen saiatu ziren, espetxealdiaren ordez herrialdetik kanpora zezaten. Kartzelako zigorra bete behar izan zuen azkenean, eta irtendakoan Euskal Herrian bizitzeko paperak kendu zizkioten. Brasilerako buelta prestatzen hasita dago jada.

Loiolaetxea gizarte elkartearen laguntzarekin atera zen Martutenetik, "familiarik ez baduzu, elkarteak dira aukera bakarra". Enpresa Zuzendaritzako master bat egiteko aukera eskaini zion elkarteak, eta gaur egun ikasketa horiek egiten ari da Donostian. Etxe bat garbitzen eta haurrak zaintzen lan egiten du, eta Bidez Bide elkartean laguntzen du. Emakunderentzat egin duten Emakumezko preso ohiak, hauskortasuna eta autonomia ikerketa lanean parte hartu zuen iaz, eta ordutik hainbat hitzalditan kontatu du bere esperientzia, baita dokumental batean ere. "Arazoak sortu dizkit dokumentalean agertzeak. Fakultatean norbaitek jakin zuen preso egona naizela, eta entzun behar izan dut ea zer egiten zuen ni bezalako pertsona batek niretzat ez den leku batean. Gogorra da horrela pentsatzen duen jendearekin egotea, baina hori da errealitatea". Hain justu, gizarteak preso ohiez duen iritzia aldatu nahiak bultzatzen du hitz egiten jarraitzera. Fakultatean gertatu zaionagatik ez da animatu izena eta aurpegia agerian uztera, baina bide horretan aurrera jarraitzen du. "Nahiko nuke pertsonek gogoeta egitea gai honen inguruan, eta norbaitengan aldaketa txikiren bat eragingo banu, gustura geldituko nintzateke", esan du.

Zentzurik ez duen sistema

Espetxealdia oso gogorra dela dio, eta ez duela balio inor zuzentzeko. Hala ere, berriz aske egoteak ez du askorik hobetzen egoera: "Kanpora irten eta errealitateak gogor jotzen zaitu, aurrean gizarte askoz  krudelagoa aurkitzen duzu. Paradoxikoa da, baina batzuetan pentsatzen duzu hobe zeundela espetxean". Maria kritikoa da: "Gizartea ez dago gu gizarteratzeko prest, eta geuretzat ere oso zaila da sentsibilizatuta ez dagoen ingurune batean aurrera egitea".
Ikasketak dituen pertsona da Maria, eta ez zuen inoiz pentsatu kartzela barrutik ezagutuko zuenik. "Espetxeratzen zituztenei buruz ideia bat nuen, baina orain guztiz aldatu da nire ikuspegia. Guk uste baino gertuago dago kartzela; edonori gerta dakioke".

"Inork ez du merezi kartzelan egoterik, eta merezi badu, arauak denentzat berdinak izan daitezela, bai Mariarentzat, bai Urdangarinentzat [Espainiako erregearen suhiari erreferentzia eginez]".

Emakumea ere izan du hizpide brasildarrak. "Badirudi orain modan dagoela guztiari genero betaurrekoekin begiratzea, baina betidanik emakumearentzat askoz gogorragoa izan da, bai kartzela barruko bizipena, bai kanpokoa". Kartzela politika kritikatu du, esaterako. Bere ustez ez dago emakumeentzat prestatuta. "Aurrez aurreko intimoa, esaterako, hotzegia da guretzat. Zerbait goxoagoa behar dugu ". Umeak dituzten emakume presoen egoera iruditzen zaio larriena: "Martutenek ez du amatasun unitaterik. Beraz, haurrak dituztenek edo haurdun gelditzen direnek beste espetxe batera joan beharra dute, eta oso gogorra da hori, askotan familia osoa hemen dutelako. Espainian kartzela batek edo bik bakarrik dute amatasun unitatea. Ama diren emakumeek zigor bikoitza ordaintzen dute". Emakume atzerritarrek ere zailtasun bat baino gehiago dute. Ikasketak izan arren, hemen lan prekarioak baino ez dituzte lortzen, eta horrek kartzelarako bidea dakar askotan. Behin barruan, bakardade sentipena ikaragarria izan daiteke."Urtebete eta lau hilabetean ez nuen bisitarik, ez eskutitzik jaso".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.