Kronologia, ETAk jarduera armatuaren bukaeraren berri eman zuenetik

Behin betiko su etena abiatu zenetik sei urtera armagabetu zen ETA, 2017an. Hilabete batzuk lehenago, armategiaren parte bat esku artean zutela atxilotu zituzten, besteak beste, Etxeberri eta Molle. Gaur amaitu da haien aurkako auzibidea.

Atxiloketak salatzeko egindako mobilizazio bat, 2016ko abenduan, Luhuson. ISABEL MIQUELESTORENA
Atxiloketak salatzeko egindako mobilizazio bat, 2016ko abenduan, Luhuson. ISABEL MIQUELESTORENA
Iosu Alberdi.
2024ko maiatzaren 16a
15:00
Entzun

2011ko urriak 20. ETAk jarduera armatuaren bukaeraren berri eman zuen.

2012ko maiatza. Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak jakinarazi zuen «ETAk jada desarmatzera pasatzeko borondatea zeukala».

2012ko abenduak 15. I. Bake Foroa antolatu zuten, gizarte zibiletik bake prozesua indartzeko asmoz.

2013ko martxoak 15. «Desegite eta armagabetze prozesu bat diseinatu, garatu eta bururaino eramatearen» alde egin zuen Foro Sozialak.

2014ko otsailak 21. Egiaztatzaile Batzordeak eta ETAk grabatutako bideo bat argitaratu zuen BBCk, adierazteko hasiak zirela zenbait arma eta lehergailu zigilatzen.

2014ko azaroak 24. Baionako Adierazpenaren bidez, gizarte zibilaren egitekoa nabarmendu zuten, eta ETAren eta Frantziaren arteko akordio bat eskatu armagabetzeko.

2015eko ekainak 11. Gauza bera eskatu zuten Parisko bake konferentzian.

2016ko urriak 12. Frantziako Poliziak ETAren armategi bat atzeman zuen, ETAren eta Parisen artean bide orri bat finkatzeko aukera hautsita.

2016ko azaroak 15. ETAk zehaztu zuen gizarte zibilari eman ziola armagabetzea gauzatzeko ardura, Mixel Berhokoirigoini, Txetx Etxeberriri eta Michel Tubianari bidalitako mezu batean; testu hura hilabete geroago argitaratu zen.

2016ko abenduak 16. Frantziako Poliziak Etxeberri, Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan, Beatrice Molle eta Stephane Etxegarai atxilotu zituen, Luhuson (Lapurdi), ETAren armategiaren parte bat esku artean zutela, hura indargabetzeko.

2017ko martxoak 17.  Armagabetzea apirilaren 8an egingo zela iragarri zuen Etxeberrik Le Monde-n.

2017ko apirilak 7. ETAk jakinarazi zuen jada armagabetuta zegoela, BBC telebista kateari bidalitako mezu batean.

2017ko apirilak 8. ETAren armagabetzea burutu zen, Ipar Euskal Herriko eta Okzitaniako zortzi kokalekutan, eta ekitaldi instituzional bat egin zuten Baionan.

2017ko maiatzak 4. Mixel Bergouignan zendu zen.

2017ko uztailak 6. Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak amaitutzat jo zuen bere ibilbidea.

2017ko uztaila. Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat izendatu, eta Frantziako Gobernuarekin elkarrizketa esparru bat eratu zuten euskal presoen auziari konponbidea emateko.

2018ko maiatzak 3. ETAk iragarri zuen «egitura guztiak desegin» zituela eta «bere ekinbide politikoa bukatutzat» jo zuela.

2021eko maiatzak 7. Mixel Berhokoirigoin zendu zen.

2021eko urriak 2. Michel Tubiana zendu zen.

2023ko otsailak 6. Epaileak amaitutzat eman zuen Etxeberriren, Molleren, Etxegarairen, Berhokoirigoinen eta Bergouignanen auziko instrukzio aldia. Hala, auzipetu egin zituzten.

2024ko martxoak 16. Berrehun pertsona inguruk agerraldia egin zuten Luhusoko Errekartea baserrian, Etxeberri eta Molle errugabetu zitzatela eskatzeko. Egun horietan hainbat protesta egin ziren Euskal Herrian.

2024ko apirilak 2-3. Epaiketa egin zuten Parisen; fiskaltzak urtebeteko kartzela zigorra eskatu zuen Mollerentzat, eta bi urtekoa Txetxentzat. Bi kasuetan, gibelapenarekin. Defentsak, aldiz, absoluzioa galdegin zuen.

2024ko maiatzak 16. Auzitegiak erruduntzat jo ditu bi bakegileak, baina zigorrik ezarri gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.