KRONOLOGIA

Jazarpena salatzeko protesta, Debagoieneko erietxe parean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
2018ko ekainean Osakidetza egiten ari zen lan eskaintza publikoan irregulartasunak zeudelako zantzuak zabaltzen hasi ziren hainbat iturritatik. Oihartzunik handiena izan zutenetako bat Elkarrekin Podemosen eta ESK sindikatuaren bidez jakin zen. Notario aurrean sinatutako agiriak aurkeztu zituzten, etsaminak egin aurretik egindakoak, zeintzuetan iragartzen baitzuten Arabako Unibertsitate Ospitalean anestesiologo postuak betetzeko probak zein medikuk gaindituko zituzten. Debagoieneko ospitaleko anestesiologo Marta Machok, Manoel Martinezek eta Roberto Sanchezek parte hartu zuten iragarpen horretan. Berriak zurrunbilo handia eragin zuen. Horra ordutik izandako zenbait mugarri:

2018ko ekainaren 7a. Jaurlaritzako osasun agintariek esan zuten, irregulartasun zantzuen harira, azterketa guztiak ikertuko zituela Osakidetzak, baina ez zituela etengo. Bezperan Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak adierazi zuen lau espezialitatetan espedientea ireki eta hautaketa prozesuak eten zituztela.

2018ko uztailaren 19a. Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azaldu ziren Osasun sailburu Jon Darpon, Maria Jesus Mujika eta Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari Juan Carlos Soto; azalpenak eman zituzten, eta beste lau ikerketa zabalduko zituztela jakinarazi.

2018ko irailaren 10a. Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean aritu zen Jon Darpon Osasun sailburua; oposizioen eredu berria adosteko lanean ari zirela esan zuen. Iruzur salaketen harira egindakoak zerrendatu zituen: proba guztien azterketa estatistikoa, zortzi ikerketa txostenen irekiera, tribunaletako zazpi kideri diziplina espedienteak zabaltzea, eta bost azterketa berriro antolatzea. Ordurako ugariak ziren Darponek kargua uzteko eskeak.

2018ko azaroaren 15a. Osakidetzako zuzendari nagusi izateari utzi zion Maria Jesus Mujikak. Jose Luis Diego jarri zuten haren tokian.

2019ko urtarrilaren 3a. Jakin zen Juan Carlos Sotok Osakidetzako Giza Baliabideetako kargua utziko zuela.

2019ko otsailaren 5a. ESK eta LAB sindikatuek elkarretaratze bat egin zuten Debagoieneko ospitale parean, salatzeko irregulartasunen berri eman zuten langileen kontrako erabakiak hartzen ari zirela erietxeko arduradunak, eta horiek «zigortzen».

2019ko otsailaren 19a. Jakin zen Osakidetzako oposizioetan iruzurrak izan zirelako zantzu argiak sumatu zituela EAEko fiskal nagusi Carmen Adanek. Zehazki, 11 espezialitatetan ikusi zituen zantzuak.

2019ko martxoaren 14a. Jon Darponek dimisioa eman zuen. Oposizioak egitasmo bat aurkeztu gogo zuen kargutik kendu zezatela eskatzeko, eta, adierazi zuenez, horrek eraman zuen erabakia hartzera.

2019ko martxoaren 16a. EAJko hainbat buruzagik hitza hartu zuten, Osakidetzakooposizioen afera puzten ari zela esateko: «Ez da horren larria». Salatu zuten oposizioa «mendekati eta narras» ari zela.

2019ko martxoaren 20a. Nekane Murgak hartu zuen Darponen lekua. Irregulartasunen auzia ez zuen aipatu kargua hartzeko egin zen ekitaldian.

2021eko uztailaren 26a. ESK sindikatuak eskatu zuen beste 34 pertsona ikertzeko Osakidetzako iruzurrarengatik.

2021eko irailaren 3a. Jakin zen auzia ikertzeko auzibidearen harira beste bederatzi lagun inputatu zituztela. Hogei ziren jada. Goi kargudunik ez dago horien artean.

2021eko irailaren 3a. LABek iruzurren froga gehiago aurkeztu zituen justiziaren aurrean, aintzat har zitzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.