Auzibidea, protesta egitasmoak eta auziaren berri emateko ekitaldiak uztartu dira 2016ko urriaren 15eko gertakariez geroztik. Hauek dira auziaren datarik esanguratsuenetako batzuk.
2016
Urriak 15. Altsasuko ferietako goizaldean, Koxka tabernan gertatutako liskar baten ondorioz, bi gazte atxilotu zituzten, kaleko jantzitako bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egin izana leporatuta.
Urriak 17. Gazteek Iruñeko 3. instrukzio salako epaile Mari Paz Benitoren aurrean deklaratu zuten. Aske utzi zituen, baldintzapean.
Urriak 18. Jorge Fernandez Diaz orduko Espainiako Barne ministroak esan zuen erasoa «gorroto delitu» izan zitekeela. Espainiako Kongresuak Guardia Zibilaren aldeko ebazpen bat onartu zuen.
Urriak 19. Consuelo Ordoñezek, Covite indarkeriaren biktimen elkartearen izenean, salaketa jarri zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Urriak 25. Auzitegi Nazionaleko fiskalak esan zuen Altsasukoa «terrorismo» delitua dela, eta argudiatu han ikertu beharko litzatekeela.
Azaroak 9. Espainiako Auzitegi Nazionalak bere gain hartu zuen auzia, eta «terrorismo» delitua antzeman zuen gertakarietan, ordura arte ikerketaren ardura zuen Iruñeko Instrukzio Auzitegiak ez bezala.
Azaroak 14. Bederatzi gazte atxilotu zituzten, urriaren 15eko gertakariekin lotuta: Jokin Unamuno, Iñaki Abad, Oihan Arnanz, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola, Adur Ramirez de Alda, Ainara Urkijo eta Aritz Urdangarin. Bi aske utzi zituzten, baina Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak bederatziak auzipetu zituen.
Abenduak 20. Jon Ander Cob, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola aske geratu ziren.
2017
Otsailak 24. Espetxeratuak aske utz zitzatela eskatzeko, 2.000 lagun inguru bildu ziren Iruñean.
Maiatzak 29. Auzitegi Nazionalak prozedura eten zuen, bere eta Nafarroako Probintzia Auzitegiaren arteko eskumen gatazka argitu arte. Hiru egun geroago, Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen auzia, iritzita zantzuak zeudela gertakariak «terrorismo» delitu gisa epaitzeko. Kalifikazio hori izan da auziaren gakoetako bat.
Ekainak 10. Hiru presoak banandu zituzten, eta Ramirez de Alda bakartu.
Ekainak 30. Auziaren berri zabaltzen aritu dira urteotan auzipetuen gertukoak. 2017ko ekainean, gurasoen ordezkaritza batek auzia azaldu zuen Europako Parlamentuan, eta erakunde horretara itzuli ziren aurtengo martxoan.
2018
Apirilak 14. Manifestazio historiko bat egin zuten Iruñean, epaiketaren atarian, gazteentzat «justizia» eskatzeko. 50.000 lagun baino gehiago elkartu ziren; azken hamarkadetan Nafarroan eginiko martxarik handienetako bat izan zen.
Apirilak 16. Gazteen aurkako epaiketa hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak 50 urteko espetxe zigorra eskatu zuen sei auzipeturentzat, 62 urte eta erdikoa Arnanzentzat, eta 12 urte eta erdikoa Urkijorentzat. Hamaika egun iraun zuen epaiketak.
Ekainak 1. Auzitegi Nazionalak epaia argitaratu zuen: 79 urteko zigorra guztira: aginteari atentatu egiteagatik eta lesio delituagatik, bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri zizkieten zazpi auzipeturi; bi urtekoa Urkijori. Terrorismo delitua izan zitekeelakoan eraman zuten auzia Madrilera, baina auzitegiak ez zuen gisa horretako deliturik ikusi.
Ekainak 5. Jon Ander Cob, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Julen Goikoetxea atxilotu zituzten, zigorra betetzeko.
Ekainak 16. Milaka lagunek protesta egin zuten epaiaren aurka, Iruñean; astebete geroago, Madrilen.
Irailak 8. Presoak Euskal Herriko espetxeetara lekualdatu zituzten, Iruñera eta Zaballara.
2019
Martxoak 7. Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak helegiteak aztertu zituen, eta zigorra berretsi zuen: ez zuen terrorismo deliturik antzeman, baina ez zituen zigorrak murriztu. Hilaren 29an, fiskalak ontzat jo zuen epaia, eta ez zuen helegiterik aurkeztu.
Abuztuak 10. Ramirez de Aldak, Arnanzek eta Unamunok mila egun beteko dituztepreso.
Irailak 18. Auzitegi Gorenak aztertuko du auzipetuen familiek Auzitegi Nazionalaren erabakiari ezarritako helegitea. Nahiz eta terrorismo frogarik ez ikusi, epaimahaiak ebatzi zuen «motibazio ideologikoak» zeudela 2016ko liskarretan, eta, ondorioz, gogortu egin zituen kartzela zigorrak.
KRONOLOGIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu