Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes eskualde berriko abenduko hauteskundeei begira antolatzen ari dira alderdi politikoak. Ipar Euskal Herria eta Biarnoko ordezkari sozialisten zerrenda bozkatu zuten ostegunean PSko militanteek, eta zerrenda kritikoa atera zen garaile.
Hiru zerrenda ziren lehian. Sozialisten kontseilu federalak hobetsiak lortu du boz gehien, Akitaniako kontseiluko lehendakariorde Bernard Uthurri sozialista buru. Frederique Espagnac senataria eta Mathieu Berge eskualdeko kontseilaria ere hor dira, baita Andde Sainte Marie ere, abertzale independente gisa. Sainte Mariek dio ez duela PSko karta harturik, eta ez duela hartzeko asmorik ere.
Frantxua Maitia kanpo gelditu da. Hura beste zerrenda batean zen. Garaile atera den zerrendan Frantziako sozialisten ildo nagusiari kritiko direnak dute gehiengoa, Maitiak azaldu duenez, eta bera ez dela kritikoen artean: «Gauzen klarki errateko badut epe luze bat iraganik, eta hori ere aipatu zidaten». 21 urte egin ditu eskualdeko kontseilari moduan. Politika betiko uztekoa da.
Akitaniako buru, Rousset
Hori bai, Akitaniako sozialisten buru Alain Rousset izanen da. Aspalditik adostua zuten. Baina tokiko zerrenda, haatik, birmoldatu dezakete Akitania mailan, zein Paristik, gainerateko departamenduetako emaitzen arabera. Zerrenda hori agian batzuentzat «ezkerregi» dela uste du Sainte Mariek. Berregokipenak eginik ere, abertzaleak zerrendan segituko luke, iduriz.
Sainte Marie duela bi urte atera zen AB eta EH Baitik, hauteskundeetako estrategiaz egin biltzar nagusian hark sostengatu mozioak galdu zuenetik. Mozioak zioen bozetan «ezkerreko eremutik» abertzaleak eta ez-abertzaleak behar direla hurbildu. Ideia harekin segitzen duela azaldu du orain: «Nire heinean, independente gisa, entseatzen naiz molde xumean baina kementsuan bide hori jorratzen».
Kritikoen zerrenda garaile PSn
Akitaniako hautagai sozialisten zerrenda bozkatu dute alderdiko militanteek.Andde Sainte Marie zerrendan dago.Frantxua Maitia kanpo utzi dute, eta, 32 urteren ostean, politika uzteko asmoa du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu