Kristina Berasainek jaso du prentsa alorreko Argia saria, 'Sahara, herri bat erresistentzian' liburuarengatik

Berasainekin batera, ‘Bizkarsoro’ filma, ‘Ez gatoz Paristik’ podcasta, ‘www.gordegia.eus’ artxibategi grafikoa eta Guggenheim Urdaibai Stop plataforma ere saritu dituzte.

sariak
Argia sariak jaso dituztenak, gaur arratsaldean, Usurbilen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 26a
17:42
Entzun

35. aldiz banatu dituzte Argia sariak. Hain zuen, gaur egin dute sariak emateko ekitaldia, Usurbilgo Atxega jauregian (Gipuzkoa), eta bertan ezagutarazi dituzte irabazleak: Kristina Berasain Tristan, Sahara, herri bat erresistentzian liburuarengatik; Bizkarsoro filma; Ez gatoz Paristik podcasta; Gordegia artxibategi grafikoa; eta Guggenheim Urdaibai Stop plataforma.

Kristina Berasain BERRIAko kazetariari BERRIAren, Elkarren eta Jakinen Aleka bilduman argitaraturiko Sahara, herri bat erresistentzian liburuarengatik egin diote aitortza. Argia-ko kideek bi arrazoi aipatu dituzte Berasaini saria emateko. Bat: Mendebaldeko Sahararen askapenerako borroka «lehen lerrora» ekarri izana. Eta bi: herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako «errepresioa eta erresistentziarako kemena» transmititzeko ahalegina egin izana.

Tindufeko kanpalekuetara eginiko bisitatik abiatuta, kazetaritza kronika bat egin du Berasainek liburu horretan. Sahararren ahotsak jaso ditu testuetan.

Prentsarenaz gain, beste lau Argia sari ere eman dituzte: ikus-entzunezko, entzunezko eta Interneteko lanak saritu dituzte, baita kanpainarik onena ere. 

Bizkarsoro filmarentzat izan da ikus-entzunezko onenaren saria. Hain zuzen, iruditu zaie lanak euskararen iragan hurbilari errepasoa egiten diola, eta Euskal Herrian jasandako zapalkuntzari eta altxatzeko grinari aitortza egiteko modu bat dela. Josu Martinez zuzendariak hartu du hitza. Joan Mari Torrealdairekin gogoratu da bereziki, eta herritik sortutako proiektuak izan ditu ahotan: «Gure lanean, Joan Mari Torrealdairen lana, dudarik gabe, izan da notario lan bat, ezinbestekoa; irudietan eman dugu berak dokumentuetan frogatu zuena. Hau da, euskara ez da desagertu euria egiten duelako-edo, baizik eta zapalkuntza jarraitu bat egon delako». 

Entzunezko saria, berriz, Lanarteak jaso du, Ez gatoz Paristik podcastagatik. Hainbat arlotan egin duten ekarpena saritu dute horrela: «Saria euskararen langile profesionalen alde, euskaraz diharduten artisten eskubideen defentsan egindako lanagatik eta, hain justu ere, kasu honetan, dibulgazio lanetan egindakoagatik da». BERRIAn ere entzungai dago podcasta.

Interneteko Argia saria www.gordegia.eus Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoak eskuratu du. Auzoko argazki zaharrak eta material grafikoa bildu, landu, antolatu, eta edonoren eskura jarri dute 2019tik. Hain zuzen ere, «herritarren memoriaren lekukotasuna» nahi duen ororen eskura jartzeagatik egin diete aitortza.

Azkenik, kanpaina onenaren saria ere banatu dute. Aurten, Guggenheim Urdaibai Stop plataforma izan da garailea. Argia-ko kideek aspalditik datorren borroka bati bultzada ematea eta ingurumena eta herritarrak erdigunean jartzeko lan egitea goretsi diete. Plataformako kide Itsaso Zaldunbidek, Eider Gotxik eta Zuriñe Gandariasek sariak emateko ekitaldia probestu dute nabarmentzeko borrokan jarraitu beharra dagoela, aste honetan esan badute ere proiektua bi urtez geratuko dutela: «Argi esan digute: bi urte hauek ez dira izango geldiune bat; bi urte hauetan, orain arte egin dutena egiten jarraituko dute».

Kazetariak gogoan

Saritutakoak ez ezik, Argia-k beste zenbait kazetari ere izan ditu gogoan: oraindik ere kartzelan dagoen Pablo Gonzalez, Espainiako Auzitegi Nazionala «zigortu nahian ari den» Jesus Rodriguez, erretirorako bidea hartu duen Pello Zubiria... Eta Palestinako kazetariak eta palestinar herria: «Palestinako kazetarien sindikatuak emandako datuen arabera, jadanik 112 dira Gazan Israelek hil dituen kazetariak».

Euskal Herrira begira jarrita, aitortza berezia egin diete Argia babesten duten herritarrei. Alabaina, nabarmendu dute erakundeek ere ekitea ezinbestekoa dela euskaraz aritzen diren komunikabideentzat: «Herritarren konpromisoaz gain, bistan da euskarazko hedabideek instituzioen konpromisoa ere behar dutela». Azpimarratu dute «informaziorako zerbitzu publikoa» eskaintzen dutela, «kalitatea eta profesionaltasuna oinarritzat hartuta». Horrenbestez: «Erakunde horiek bermatu behar dute euskarazko hedabideetako irakurleek ere zerbitzu duina jasotzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.