Kristau Eskolako sindikatuek patronalarekin egin duten bilerak ez du emaitzarik eman

Abenduaren 11tik 15erako grebarako deia egina dutela gogoratu dute, eta bat egiteko esan diete langileei; greba horiekin deus konpontzen ez bada, urtarrilean gordindu egingo dute borroka.

(ID_13250158) (Aritz Loiola/@FOKU) 2023-10-10, Bilbo. Kristau Eskolako langileen manifestazioa
arantxa iraola
2023ko azaroaren 27a
19:00
Entzun

IZEA patronaletako ordezkariekin bilera egin dute gaur Kristau Eskolako eta itunpeko ikastetxeetako langileen ordezkariek; ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek batera atera duten ohar batean esan dute bilera horrek ez duela inolako emaitzarik eman. Patronalari leporatu diote «proposamenik» gabe joatea, eta lan ituna berritzeko ekarpenik ez egitea. Gogoratu dute aurrez ere hainbat greba egin dituztela lan hitzarmena berritzeko abian duten borrokaren barruan, eta abenduaren 11tik 15erako ere grebarako deia eginda dagoela oroitarazita, parte hartzeko deia egin diete langileei. 

Sindikatuek adierazi dute parte hartze zabala izan zela aurreko grebetan, %65ekoa batez beste, eta uste dute greben dinamika horrek «behartuta» joan direla gaur patronaletako buruak bilerara, baina akordio bat lortzeko asmorik gabe. Gogor kritikatu dute jarrera hori: «Ez da onargarria bost greba egunen atarian inolako edukirik gabeko bilera batera deitzea». Nolanahi ere, sindikatuek langileei gogoratu diete greba bide eraginkorra dela, eta parte hartzea «masiboa» izateak egoera bideratzen lagundu dezakeela.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera ere kritikatu dute; adierazi dute biltzeko eskaerak egin izan dituztela, baina ez dietela erantzun.

Abenduko greben ostean konponbiderik ez bada, borroka gordintzeko asmoa dute sindikatuek: hain zuzen ere, urtarriletik aurrera «indartu» egingo dituzte greba deialdiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.