ELA, LAB, Steilas, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, greba egingo dute gaur eta bihar Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan. Negoziatu nahi ez izatea leporatzen diote sindikatuek patronalari, eta nabarmendu dute orain arte grebak antolatu izan direnean soilik egin dituztela urratsak. Horiek hala, mobilizazioetara deitu dute bi greba egunetarako. Bilbon gaurko eta Donostian biharko.
Patronalak eguerdian emandako datuen arabera, grebak Bizkaian izan du erantzunik handiena, %26ko parte hartzearekin; Gipuzkoan eta Araban, berriz, %12koa izan da erantzuna. 26. greba eguna dute gaurkoa itunpeko ikastetxeetako langileek. Sindikatuek Bilbon egin duten manifestazioa baliatu dute elkarrizketarako deia egiteko.
Kristau Eskolak, berriz, sindikatuen jarrera kritikatu du, eta adierazi "itunpekoetatik at dauden baldintzak" eskatzen dituztela. Mikel Ormazabal zuzendari nagusiak azaldu duenez, aurreko hilabetean bilerak egin dituzte alderdi eta sindikatu nagusiekin, eta, beraz, badago "negoziatzeko borondatea". Baina, aldi berean, "gatazka ikasgeletara eramatea" egotzi die sindikatuei.
Azken urteetan langileekin hartutako zorra kitatzeko, aparteko ordainsari bat proposatu zuen Kristau Eskolak, martxoan egindako azken proposamenean: behin ordainduko litzateke, eta ez lukete jasoko langile guztiek; irakasleentzat litzateke. Sindikatuek uste dute soldataren parte izan beharko lukeela, eta guztientzat. Hala ere, datozen urteetan etor daitekeen matrikulazio jaitsierak kezkatzen ditu langileak. Enpleguak ez kentzea da haien aldarrikapen nagusietako bat, lan kargekin batera.
Jaurlaritzari "lidergoa" eskatu dio EH Bilduk
Lan gatazkarekin lotuta, Eusko Legebiltzarrean ekinbide bat aurkeztu du gaur EH Bilduk, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko "lidergoa" har dezala konponbide bat bilatzeko lanean. Zehazki, Rebeka Ubera legebiltzarkideak Hezkuntza Sailari eskatu dio esku hartzeko, langileen eta patronalaren arteko akordioa errazte aldera. "Hezkuntza Sailak bere ardura onartu behar du eta behingoz esku hartu; ezin du beste aldera begiratu, hezkuntza sistema haren ardura baita osotasunean, eta ikastetxe kontzertatuak ere diru publikoarekin finantzatzen baitira".