Jaiotze tasaren jaitsiera ondorioak edukitzen ari da hezkuntzan. Hain zuzen, gaur Kristau Eskolak jakinarazi duenez, Bilboko bi ikastetxek, Jesus Mariak eta Jesuitinasek, bat egingo dute 2025-2026ko ikasturtean; diotenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren onespena jaso dute.
Jesus Maria ikastetxea Bidaide fundazioarena da; Jesuitinas, berriz, Jesusen Alaben kongregaziokoa. Aurrerantzean, Zabalbide eskola osatuko dute, eta ikasle guztiak Jesuitinas ikastetxearen eraikinean elkartuko dituzte. Horrela, «kalitatezko hezkuntza proiektu bat» ondu nahi dute: «Pentsamendu kritikoa, hirueletasuna eta euskal kultura eta hizkuntza sustatzearen aldeko apustua egiten dute, ingurune zabal eta moderno batean, naturarekin harremanetan egonda».
Ez da gisa horretako kasu bakarra. Berriki, Donostian, Kristau Eskolako Manuel de Larramendi, Santa Teresa eta Jesuitinas ikastetxeak bateratu eta Elaienea ikastetxea sortu dute, ikasle faltagatik.