Kristau Eskolak ziurtatu du sindikatuekin adostutakoa betetzeko kopromisoa erakusten ari direla

Kristau Eskolak «funtsik gabekotzat» jo ditu sindikatuen adierazpenak, eta «mobilizazioen estrategia» alde batera uzteko eskatu die.

kristau eskola
Kristau Eskolako eta IZEAko langileen protesta bat, abenduko greba egun batean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko maiatzaren 14a
14:28
Entzun

Hautsak harrotuta daude berriro ere eskola erlijiosoetan. Atzo, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek iragarri zuten berriro ere mobilizazioak antolatuko dituztela Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan; otsailaren 5ean sinatutako akordioa ez betetzea egotzi zieten. Alabaina, gaur Kristau Eskolak ohar bat atera du sindikatuen esanak gezurtatuz: «Sindikatuek ez dute oinarririk adierazteko patronalek ez dutela sinatutakoa bete nahi». Haien adierazpenak «funtsik gabekotzat» jo dituzte.

Patronal nagusiak gogora ekarri duenez, joan den otsailaren 5ean sinatu zuten greba amaierako akordioa. Orain, bertan jasotakoa behin betiko hitzarmenera eramateko lanean ari dira: «Kristau Eskolak artikulu horien idazketan lan egin du, eta egindako bileretan artikuluen idazketa aurkeztu du, eztabaida eta negozia dadin. Soldata igoeren, ordu murrizketen eta akordioan zehazki jasotako gainerako gaien gaineko konpromiso irmoari eutsi dio». Haien hitzetan, «argi eta garbi» erakutsi dute akordioa betetzeko nahia, «hitzez ez ezik, baita egitatez eta proposamenez ere».

Adibide zehatzak jarri dituzte. Kristau Eskolak ziurtatu duenez, soldatei dagokienez, igoerak Hezkuntza Sailaren finantzaketa lortzen dutenean aplikatuko dituzte. «Halaxe jaso zen langileen lan baldintzak hobetzeko akordioan». Baina langileen egoera hobetzeko neurriak hartzeko prest dira: «Kristau Eskolak hitzartutakoa betetzeko konpromisoa hartu du, eta atzerakinak hitzarmena sinatzean edo abenduaren 31 baino lehen ordaintzeko konpromisoa hartu du, greba amaierako akordioak hitzez hitz dioen bezala».

Ordu murrizketei dagokienez ere, antzera. «Kristau Eskolak berretsi egin du 2023-2024ko ikasturterako urteko lanaldia murrizteko proposamena, iragankortasun proposamenean jasotakoa». Erantsi dutenez, greba amaierako akordioan ezarritako hitzarmenaren indarraldia 2024ra mugatzen da, baina Kristau Eskolak sindikatuei proposatu die xedapen gehigarria sartzea, murrizketa hori 2025-2026ko ikasturtean aplikatzera begira, «greba amaierako hitzarmenean adostu bezala».

Sindikatuekin «harrituta»

Horiek horrela, «harrituta» daude sindikatuek akordioa ez bete nahi izatea egotzi dietelako, «horretarako oinarririk izan gabe»: «Kristau Eskolak 57 artikulu idatzi eta hitzarmenaren negoziazio mahaian aurkeztu ditu; sindikatuek ez dituzte horren inguruko proposamenak eta balorazioak helarazi». Eta sindikatuei mintzatu zaizkie, «elkarrizketaren aldeko apustua» egin dezatela eta «mobilizazioen estrategia» alde batera utz dezatela eskatzeko: «Estrategia horrek ez du laguntzen akordioaren bidean aurrera egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.