Kristau Eskolak ontzat eman du hezkuntza legearen egitasmoa

LABek uste du «urrats sakonagoak» behar direla. Hezkuntza Laikoa elkarteak eskatu du aintzat hartzeko «laikotasunaren printzipioak»

Ikasleak jolasean, Donostiako eskola batean. GORKA RUBIO / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak ondutako lege egitasmorako oinarriek erreakzioak pizten segitzen dute. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren, LAB sindikatuaren eta Hezkuntza Laikoa elkartearen ustez, hitzarmenak hutsune nabarmenak ditu. «Ez da euskal gizarteak kohesioaren, berdintasunaren, justiziaren eta euskalduntzearen bidean behar duena», laburtu du plataformak. Kristau Eskolak, ordea, ontzat eman du zirriborroa, eta «urrats garrantzitsu» iritzi dio.

Kristau Eskolarentzat inportantea da dokumentuak bildu duen «babes handia», eta eragile guztiak «ikasleei begira diharduen Euskal Hezkuntza Zerbitzuko partetzat» hartu izana. Edukietan ere ados agertu da itunpeko sare hori. Egoki deritzo «ikasleak ahaldundu eta hezkuntza jardueraren erdian» kokatzeari: «Hezkuntza pertsonari eskainitako zerbitzu bat da». Zirriborroan jasotako helburuekin ere bat dator, hau da, «hezkuntza sistemaren ekitatea eta bikaintasuna bermatzea eta, hizkuntzaren alorrean, euskara ardatz egituratzaile izango duen sistema eleaniztun bat eraikitzea». Finantzaketari buruzkoak ere onetsi ditu, baita ikastetxeei autonomia handiagoa ematea ere.

«Diagnostikorik gabe»

Hezkuntza Batzordeak proposatutako egitasmoaz oso bestelako iritzia du LABek: «urrats sakonagoak» eskatu ditu, uste baitu proposamenak ez diola heltzen«hezkuntza sistemaren gabezien muinari», eta «diagnostikorik» ere ez duela egiten. Sindikatuaren iritziz, hitzarmenaren helburuetako bat izan behar litzateke «ituntze sistema unibertsala» amaitzea, eta konfluentziatik abiatuta «titulartasun publikoko sare bakarreranzko trantsizioa» egitea. Hizkuntzaren arloan, LABek uste du testuak ez diola behar bezala erantzuten «euskalduntzearen erronkari». Lan baldintzen esparruan, nabarmendu du zirriborroan irakasleak baino ez direla aipatzen: «Gainerako hezkuntza langileak alboratzen dira».

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma ere ez dator bat agiriarekin. Eragile horrek joan den astean eman zuen bere eskaera nagusien berri, eta ondorioztatu du horietako bat ere ez dela bete: «Akordio honek eskola publikoa baztertzen du, ez dio segregazioari aurre egiten; sare pribatuaren finantzaketa handitzen du, eta ez du murgiltze eredua unibertsalizatzen. Egungo egoerak bere horretan jarrai dezan uzten du».

Hezkuntza Laikoa elkarteak, berriz, «laikotasunaren printzipioak kontuan hartuko dituen hezkuntza lege bat» eskatu du, pentsatzen baitu gizarte demokratiko batean administrazioak «neutrala» izan beharko lukeela kontzientzia eta erlijio aukeren aurrean. Neurri zehatzak ere proposatu ditu, hala nola erlijio irakasleek ikasgai hori baino ez ematea, eta ikastetxe erlijiosoek legea betetzen dutela bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.