Kristau Eskolak esan du sistema «ekitatiboa» sortzeko garaia dela

Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Kristau Eskolak ere hasi du 2022-2023ko ikasturtea, eta atzo egin zuten ikasturte hasierako ekitaldia, Tolosan (Gipuzkoa). Maria Eugenia Iparragirre zuzendari nagusi berria Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkarien eta Kristau Eskolako kideen aurrean aurkezteko ere baliatu zuten momentua, eta hark zehaztu zuen aurrera begira zer erronka dituzten ere. Oraingoa «aldaketa handien garaia» dela iragarri zuen Iparragirrek: «LOMLOEren zubi ikasturtean gaude, Hezkuntzaren Euskal Legeari begira». Ildo bertsuan, Diego Bande presidenteak aukeratzat dauka egungo garaia: haren irudiko, «une erabakigarria» da «euskal hezkuntza sistema bikain eta ekitatiboa» eraikitzeko.

Hitz orokorretatik zehatzagoetara joanda, Iparragirrek eskolen ordezkariei azaldu zien hasi berri den ikasturtean «ahalegin handiagoa» eta «lan gehiago» egin beharko dutela, «ikastetxeen kudeaketan eta finantzaketan egokitzapenak eta aldaketak egin ahal izateko, proiektu pedagogikoak eta linguistikoak diseinatu eta gauzatzeko, eta ziurtagiri berriak lortzeko». Eta lan hori guztia «sarean» egiteko eskatu die.

Bandek hitzeman du duten «onena» emango dutela, eta lege berria egiteko garaiotan «konpromisoa» dutela nabarmendu du: «Geuretik onena emango dugu, gizartearen alde, ikasleei eskaintzen diegun zerbitzuaren bidez».

Kristau Eskolaren balioak

Araudi berria ez ezik, bere balioak ere mintzagai izan ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 123 eskola erlijioso, 8.000 langile eta 90.000 familia batzen dituen sareak. Mundu orosko egoera ikusita, «balioetan hezi beharra» defendatu du Iparragirrek: «Premiazkoa da balioetan oinarrituta heztea, elkartasun, gizatasun, zaintza, ongizate, ekologia eta jasangarritasun balioetan oinarrituta, eta horiek guztiak Kristau Eskolaren ereduaren kalitate zigiluak dira». Gero eta gizarte konplexuagoari eskolatik erantzuten jakin behar dutela ere adierazi du: «Gure esku dago gizartea eraldatzen laguntzea, guztiok leku bat izan dezagun bertan, inor atzean utzi gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.