«Krispaziora itzuli izanaz» ohartarazi du Foro Sozialak

«Krispaziotik eraikitzera» pasatzea proposatu du Agun Hernanek, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian

Agur Hernan, Legebitzarrean egindako beste agerradi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko urriaren 27a
18:17
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak agerraldia izan du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean, eta han, Agus Hernan bozeramaileak ohartarazi du joan den astean «nolabaiteko atzerapausoa» egon dela «sumin eta krispazio jarreretara». Horren aurrean, «lasai eztabaidatzea» eta «krispaziotik eraikitzera» pasatzea proposatu du Hernanek.

Foro Sozialaren aburuz, EH Bilduren eta Sorturen ordezkariek biktimen minaz esandakoak, eta adierazpen horiek hasieran beste ordezkari politiko batzuen aldetik izan zuten harrera, «bide onean egindako urratsak» izan ziren, baina, horren ostean, «nolabaiteko atzerapausoa» egon zen eta eztabaida publikoan «tentsioak eta krispazioak» nabarmen egin zuten gora. Hernanen iritziz, horrelakoekin herritarrei helarazten zaien mezua da «elkarrizketarako gaitasunik» ez dagoela.

«Benetan beste fase batean bagaude, hori sendotzeko ahaleginak egin behar ditugu», azaldu du Hernanek, eta erantsi du «helburua «berriro ez errepikatzeko eta bizikidetza demokratikorako baldintzak sortzea» izan behar duela.

«Arrazoi politikoak»

Euskal presoei ezarritako espetxe politika aztertzen duen Behatokia izeneko txostena aurkeztu du Foro Sozialak agerraldian. Hernanek esan du espetxe politika hori oraindik ere «salbuespenezkoa» dela, eta presoak gizarteratzeko ibilbidea egiteko prest azaldu badira ere, ibilbide hori egitea galarazten dietela «arrazoi politikoak direla medio». Horretan aldaketa bat eskatu du Hernanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.