Azaroaren 4an eta 5ean, Etxebizitza Sindikatuen II. Topaketak egin zituzten, Ziordian (Nafarroa). Sei sindikatutako ehun lagun inguruk etxebizitzarekin lotutako auziez eta alor horretan etxebizitza sindikatuek duten eginbeharraz eztabaidatu zuten, eta gogoeta egin. Sindikatu bakoitzak tokian-tokian egiten duen lanaz hausnartzeaz gain, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea indartzeko bideak ere izan zituzten eztabaidagai. Ane Salvador (Bilbo, 1991) Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeko kidea da, eta Peio Molinuevo (Arrigorriaga, Bizkaia, 1996) Bizkaiko Hego Uribe eskualdean diharduen Batu Elkarlaguntza Sarekoa.
Zer da etxebizitza sindikatu bat?
ANE SALVADOR: Etxebizitzarekin zerikusia duten arazo ustez indibidualei erantzun kolektibo bat ematen saiatzen gara, autodefentsaren bitartez eta arazo horiek gatazka alor batera eramanda. Kapitalak gure auzoetan dituen espresioei aurre egiteko tresna bat da etxebizitzaren inguruko gatazka, horren aurka antolatzeko eta klase borroka esparru jakin batean gauzatzeko aukera ematen diguna. Egiten dugunak badu nolabaiteko lotura lan arloko sindikatuek egiten dutenarekin, eta hainbat tresna hartzen ditugu sindikalismo klasiko horretatik, baina uste dugu beste esparru batzuetan ere antolatu behar dugula. Horrek aukera ematen digu gure borroketatik urrun egon diren subjektuak erakartzeko: egoera irregularrean dauden kide migratzaileak, zaintza lanetan diharduten emakumeak, soldatapeko lanik ez duen jendea eta abar.
Zeintzuk izan dira eztabaidagai nagusiak topaketen II. aldian?
PEIO MOLINUEVO: Euskal Herrian, etxebizitza sindikatuak pandemiaren ostean sortu ziren, eta jatorria eta helburuak antzekoak izanik, elkartzen eta lehenengo harremanak egiten hasi ginen. Lehenengo topaketak duela bi urte egin genituen, Goñin [Nafarroa], Koordinaziotik antolakuntzara lelopean, eta han hasi ginen sare bat sortzearen inguruan eztabaidatzen. Orain, sarea jada abian dagoen honetan, horretan sakontzeko baliatu ditugu topaketak.
Zergatik sarea?
MOLINUEVO: Nahiz eta bakoitza bere herri edo auzoan aritu, beharrezkoa da antolakuntzan aurrerapausoak ematea, erantzun integralagoak emateko eta helburu handiagoak ezartzeko. Topaketetan, hauek izan dira eztabaidagai nagusiak: borroka politikoa, hau da, nolako helburuak ditugun eta zein den gure estrategia helburu horiek lortzeko; borroka sindikala, hots, zelako tresnak eta lan moldeak ditugun; gure arteko saretzea; eta, azkenik, antolakuntza, nola antolatu nahi dugun geure burua eta zer pauso eman nahi ditugun alor horretan.
Sei sindikatu batu zarete jardunaldietan. Zuen artean antzekotasunak egongo dira, bai eta desberdintasunak ere.
SALVADOR: Hala da. Desberdina da metropoli handi batean edo herri txiki batean borrokatzea, turistifikazio prozesuan dagoen auzo batean edo periferiako auzo batean aritzea. Gure lana baldintza material horietara egokitu behar dugu. Baina, era berean, ulertzen dugu adierazpen horiek guztiak arazo beraren espresioak direla, eta batzen gaituzten ezaugarriak gehiago direla. Garrantzitsuena batasun politikoa da: interpretazio teoriko eta analitiko komunak ditugu, antzeko funtzionamendua, eta abar.
Tokian tokiko lana aldarrikatzen dugu, baina argi dugu lokalismoa muga izan daitekeela, eta gure esparru politikoa Euskal Herria dela. Gure borrokak lotura du herri honek abian dituen askapen prozesuekin.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea zertan da gaur egun?
MOLINUEVO: Aurreko topaketetan erabaki genuen sare moduan funtzionatzea, eta hori aurrerapauso handia izan zen. Orain, antolakuntza horri forma ematen ari gara. Oraingoz, hiru lan ildo ditugu. Lehena juridikoa eta errepresioaren kontrakoa da: badakigu etxebizitza arazoak judizializatu egiten dituztela askotan, eta errepresioaren bidez erantzuten dutela; hori dela eta, beharrezkoa da geure burua janztea. Prestakuntza ere badugu: ditugun ezagutzen berri emateko gune bat sortzea, eta ikerketan ere urratsak egitea, merkatua, legedia eta abar etengabe aldatzen ari baitira. Azkenik, komunikazioari eta Sareak egiten duen lanari ahotsa ematea ere garrantzitsutzat daukagu.
Beste zeregin bat izango da Sarea bera handitzea: gaur egun kide garen sindikatuetatik kanpo ere, ea zelan lortzen dugun etxebizitza sindikalismoa Euskal Herriko txoko guztietara eramatea.
Sarea ehundu enbatari aurre egiteko izan da jardunaldietako leloa. Hortik ondorioztatzen da zuen ustez ekaitza datorrela.
SALVADOR: Urteak daramatzagu askotariko adierazpenak dituen krisi kapitalista batean, eta ikusten dugu ondorioak gero eta larriagoak direla desjabetuontzat: soldata errealen jaitsiera, bizitzaren garestitzea eta abar. Azken urteetan, etxebizitzak nolabaiteko zentraltasuna hartu du krisi honetan: alokairuen prezioak gora doaz, gero eta etxegabetze gehiago daude, gero eta jende gehiago kalean, auzokideak lekualdatu egiten dira gentrifikazio eta turistifikazio prozesuek behartuta, eta abar. Horri aurre egiteko, antolatzea gero eta beharrezkoagoa da. Antolatzea jadanik ez da betebehar politiko edo etikoa, desjabetuok bizirik irauteko aukera bakarra baizik.
Interes tasak ere gero eta handiagoak dira, eta jende asko dabil horiei aurre egin ezinik. Horren ondorioak nabaritzen hasi zarete sindikatuetan?
SALVADOR: 2008ko krisian ere, hipoteken auziak zentraltasuna hartu zuen. Oraingoan, arazoa alokairuetan nabaritu dugu batez ere, baina ikusten dugu hori ere badatorrela, eta banku asko —Kutxabank, esaterako— hasiak direla zorra duten hipoteka horiek putre funtsei saltzen. Horrelako egoeretan dauden familiak eta herritarrak hasi dira sindikatura jotzen.
Harremana duzue etxebizitzaren arloko beste eragileekin?
MOLINUEVO: Zalantza barik. Guretzat hautu politikoa da harremanak ehuntzea herri mugimenduan lanean ari diren beste espresio batzuekin.
Ane Salvador eta Peio Molinuevo. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko kideak
«Krisiaren ondorioak gero eta larriagoak dira desjabetuontzat»
Etxebizitza Sindikatuen II. Topaketak egin dituzte Ziordian (Nafarroa). Besteak beste, egungo egoera, sindikatuen eginkizuna eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea indartzeko bideak izan dituzte aztergai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu